elkarrizketa

«Faxismoari aurre egiteko antolatzea eta borrokatzea premiazkoa da»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko maiatzaren 20a

Adam Laamirni eta Leire Romero dira dokumentalaren egileetako bi. A. ARROYO

Munstroak sortzen direnean dokumentalaren ekoizpenean parte hartu dute Laamirnik eta Romerok. Gaur egungo faxismoa eta borroka antifaxista ditu hizpide, eta larunbatean aurkeztuko dute.

Munstroak sortzen direnean dokumentalaren ekoizpenean parte hartu dute Adam Laamirni (Tolosa, 1996) eta Leire Romero (Ibarra, 1999) militanteek. Gaur egungo faxismoa eta borroka antifaxista aztertzen ditu ikus-entzunezko piezak, eta larunbatean —maiatzaren 23an— proiektatuko dute, 11:00etan, Tolosako kultur etxean. Bien artean azaldu dute zer jasotzen duen dokumentalak, nolakoa izan den ekoizteko prozesua eta zergatik den garrantzitsua gaia lantzea.

Zer topatuko du dokumentala ikusten duenak?

Leire Romero: Dokumentalean XX. mendeko faxismoa errepasatzen da, hiru adierazpen nagusienen bitartez: eskuin muturreko alderdiak, kaleko faxismoa zein biolentzia, eta faxismoaren oinarri soziala zein ideologia erreakzionarioaren hedapena.

Adam Laamirni: Eskuin muturreko alderdien atalean, gehien bat, aztertu dira VOX, Frantziako Rassemblement National, eta Italiako Fratelli d'Italia. Eta ondorioetako batzuk dira nazioarteko oligarkiaren interesak ordezkatzen dituztela, eta, besteak beste, azkartu egiten dituztela langileen aurkako ofentsiba politikoa zein ekonomikoa, eta estatuen joera autoritarioa. 

Hari berari tiraka azaltzen da programa bera aplikatzen dutela kaleko talde faxistek, biolentzia zuzenaren eta beldurraren bidez. Atal horretan ere hainbat talde aztertu dira, eta batez ere, estatu aparatuekin —poliziarekin edo eskuin muturreko alderdiekin— zein lotura dituzten ikertu dugu.

Romero: Horrez gain, diskurtsoa non eta nola zabaltzen duten, eta mugimendu faxista normalizatzeko zein funtzio betetzen duten ere aztertu dugu. Nahiz eta lana mugimendu faxistan zentratzen den, helburua da testuinguru orokorrarekin zein harreman duen azaltzea. Zentzu horretan, faxismoaren aurkako borrokak aztertu eta ezkerreko alderdi erreformisten gabeziez ere hitz egiten du. 

Finean, militantzia antifaxistaren irakaspen garrantzitsu bat transmititzen du dokumentalak: faxismoari ezin zaiola modu eraginkorrean aurre egin kapitalismoaren aurkako borrokarik gabe.

Nondik dator izenburua?

Laamirni: Titulua Antonio Gramsci militante komunistak emandako hausnarketa ezagunean oinarritzen da. Berak hala idatzi ez bazuen ere, gerora, horrela zabaldu zen: «Mundu zaharra hiltzen ari da, berriari kosta egiten zaio jaiotzea; eta argi-ilun horretan sortzen dira munstroak».

Romero: Dokumentalean zehar azaltzen saiatzen garen moduan, uste dugu hausnarketa hau abiapuntu egokia dela gaur egungo testuingurua eta faxismoaren gorakada azaltzeko.

Nolakoa izan da sortzeko prozesua?

Romero: Diario Socialista hedabideak ekoiztu du, eta urtebete inguruko lana izan da grabatzea eta muntatzea. Nabarmendu nahi dugu lan militantez egin dela, ez motibazio ekonomiko edo pertsonalak bultzatuta. Jende eta ezaugarri askok egin dute posible dokumentala, horien artean, elkarrizketatuen prestasunak, Ekidako artistek, eta euren etxeetan hartu gaituztenek. 

Zergatik iruditu zaizue beharrezkoa dokumentala egitea?

Laamirni: Faxismoa gero eta arrisku errealagoa da gaur egun. Ikusi besterik ez da egin behar estatuek zein kanpo eta barne politika dituzten: aurrekontu militarrak handitzea, kontrol soziala eta autoritarismoa, eskubide politikoak murriztea...

Romero: Horrez gain, talde nazien eta horien erasoen hedapena bizitzen ari gara, bai Espainiako Estatuan eta baita dokumentalean aztertzen ditugun Frantziako edo Italiako Estatuetan ere. Baina baita Euskal Herrian ere. Hori gutxi ez, eta ideologia erreakzionarioaren gorakada ere ukaezina da: gero eta ohikoagoak dira immigrazioa segurtasun ezarekin lotzen duten diskurtsoak, edo matxismoaren gorakada.

Nondik dator gai honi buruzko lan bat egiteko interesa?

Laamirni: Beharrezkoa da aurre egin nahi diogun hori ondo ezagutzea eta analizatzea. Gainera, nahiko ohikoak dira faxismoa XX. mendeko fenomeno historikoa dela dioten ideiak, eta horregatik, beharrezkoa da gaur egun mugimendu horrek zein forma hartzen duen ondo aztertzea. 

Romero: Gainera, faxismoaren analisi hau ezin da edozein posiziotatik egin: guk posizio antifaxista batetik aztertu dugu munstro faxista. Hori dela-eta, Europako hainbat militante antifaxisten analisiekin zein esperientziekin osatu nahi izan dugu lana.

Ez da, beraz, aliritzira egindako dokumental bat.

Laamirni: Dokumentalaren beste helburu bat da ekarpena egitea Mugimendu Sozialistak antifaxismoaren alorrean garatutako ildo politikoari. 

Romero: Hain zuzen, horregatik garatu genuen iaz borroka antifaxistarako zenbait gako eman ditzakeen ildo politikoa, eta interesgarria iruditzen zaigu ikus-entzunezko euskarrian bilduta izatea militantzia antifaxistaren esperientziak zein Mugimendu Sozialistaren analisi zein proposamen estrategikoa. 

Finean, borroka kulturalerako beste tresna bat da dokumental hau, eta hausnarketa zein antolakuntza antifaxista bultzatzea du helburu.

Bidean geratu al zaizue landu nahi zenuten beste atalen bat?

Laamirni: Garrantzitsua da nabarmentzea errealitate konplexu baten zati txiki bat besterik ez dela bildu duguna. Faxismoa, autoritarismoa eta gerra abiadura bizian gertatzen ari dira, eta horren adibide ditugu Trumpen bigarren agintaldiko interbentzio militarrak; ICE agenteen jardun erradikala; Europan eskuin muturraren gorakada; NATOk aurrekontu militarra handitzea; polizia indarkeria kasuak; kalean, besteak beste, etorkinen zein etxegabeen aurkako erasoak ugaritzea... 

Romero: Oso denbora tarte laburrean gertatzen ari dira, eta tamalez balio dute frogatzeko faxismoa ez dela joan den mendeko kontua. Berehalako arrisku bat da, eta horri aurre egiteko antolatzea eta borrokatzea premiazkoa da langile klase osoarentzat. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!