Joxe Bernardo Bidaola 'Txirrita'ri omenaldi ekitaldia, larunbatean

Ataria 2026ko maiatzaren 19a

Txirrita Tolosako hilerrira eraman zuteneko irudia. Iturria: Euskal Memoria

Topic-en izango da 12:30ean, eta bertan, besteak beste, Urko kantaria ariko da. Maiatzaren 30ean Memoriaren Ibilbidea egingo dute Tolosako Santa Maria kalean. 

Joxe Bernardo Bidaola Atxega 'Txirrita' lizartzarra omentzeko ekitaldia antolatu dute larunbaterako, maiatzak 23. 12:30ean izango da Topic-en, eta bigarren zati bat ere izango du maiatzaren 30ean; Memoriaren Ibilbidea egingo dute 12:00etan Tolosako Santa Maria Kalean.

Larunbateko emanaldian Txirritaren senitarteko, lagun eta militantzia kideak izango dira, eta baita Urko kantaria ere. Izan ere, Urkok Bernardori abestia eskaini zion Gure Lagunei diskoan. Gasteizko blusen eta nesken Txirrita kuadrillakoak ere izango dira bertan.

Aurten Txirritaren heriotzaren 50 urte betetzen dira. 1976ko apirilaren 25ean desagertu zen Txirrita, Lizarieta gainean, eta urte bereko maiatzaren 28an agertu zen bere gorpua Sarako (Lapurdi) baso bateko erreka batean. 50 urte hauetan senideek ez dute gertatu zenaren inongo azalpenik jaso.

Tiroz hil zuten. Guardia Zibilarekin tiroketa bat izan ondoren desagertu zen, eta handik hilabete batera azaldu zen haren gorpua. Guardia Zibilak Txirrita hanka batean zauritu zuen, tiroz, baina atxilotu izanaren berririk ez zuen eman, eta, zauritua hilabete pasan desagertuta egon ostean, baso batean hilda agertu zen, haren senideek eta kideek han inguruan bilatze lanak eginak zituzten arren. Zer gertatu zen? Sendiak eta kideek uste dute Guardia Zibilaren eskuetan hil zela, eta ondoren basoan utzi zutela gorpua. Hilabete bat eta hiru egunera azaldu zen. 23 urte zeuzkan. Garai hartako poliziaren kontakizunak Txirritak bere buruaz beste egin zuela aditzera eman bazuen ere, kontaera hori gezurtatu egin zuen 2018an Paco Etxeberria auzitegi medikuak egindako autopsiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!