Senperena eta De Anta txapeldun, Amasan

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 16a

Goiaztarrak eta tolosarrak 25-11 irabazi diete Quesadari eta Elkorori Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko Txapelketako gurpildun aulkikoen modalitateko finalean.

Endika Senperena goiaztarra eta Edorta De Anta tolosarra Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko txapeldunak dira. Amasako frontoian izan dira txapelketaren 16. edizioko finalak, hiru guztira. Senperenak eta De Antak bigarren finala jokatu dute, gurpildun aulkikoena, gomazko paletarekin. Gorriz aritu dira; urdinez, berriz, Quesada eta Elkoro. Partida guztian zehar nagusi izan dira Tolosaldeko pilotariak. 8-2 aurreratu dira, 17-4 ere izan dira aurretik, eta azken txanpan urdinek zenbait tanto egin badituzte ere, azkenean, 25-11 irabazi dute. Partidan zehar tanto ederrak izan dira; gorriek egin dituzte gehienak, baina urdinen alde ere izan zitezkeen. Izan ere, markagailuak erakusten duena baino alde txikiagoa izan da kantxan.

Partida amaitu ondoren egindako adierazpenetan, Senperenak eta De Antak esan dute «oso gustura» jokatu dutela. Goiaztarra «arin eta libre» sentitu da kantxan. «Hasieratik markagailuan tartea zabaltzea lortu dugu, eta horrek konfiantza eman digu zenbait tantotan gehiago arriskatzeko», gaineratu du.

Senperena, berez, ez zen finalera sailkatu, eta Joseba Lasak jokatu behar zuen De Antarekin. Lasa izan da tolosarraren bikotea txapelketan, eta elkarrekin jokatutako bi partidak irabazi zituzten, baina lesio baten ondorioz, goiaztarrak bete du haren hutsunea. De Antak aitortu du «pena» sentitu duela Lasarekin ez jokatzeagatik, «baina horrela gertatu da». Gaineratu du «konfiantzarekin» jokatu duela finala. «Aingeruk konfiantza handia eman dit, eta bikote ona egin dugu».

Eskualdeko pilotarien finalaren aurretik, adimen urritasunekoen multzo gorrikoa jokatu dute Eskisabel-Esnal (gorriz) eta Valor-Asteasu (urdinez) bikoteek. Teniseko paletarekin aritu dira. Hiru zati izan ditu finalak. Lehen zatian, gorriak erraz aritu dira, eta 11-3 aurreratzea lortu dute. Bigarren zatian, urdinek tantoak bata bestearen atzetik egitea lortu dute, eta tanto bakarrera gerturatu dira: 16-15. Handik aurrera, ordea, gorriek hartu dute berriro aginte makila, eta azkenean, 25-17 irabazi dute.

Azken finala ere adimen urritasunekoena izan da, baina multzo urdinekoa. Askasibar-Sagarmendi bikotea aritu da gorriz; urdinez, berriz, Vega eta Gaton. Partida bikaina jokatu dute Askasibarrek eta Sagarmendik. Urdinek ez dute ia aukerarik izan tantoak lehiatzeko, eta gorriek 25-7 irabazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!