Itzulia Women probako lehen etapa Bidania-Goiaztik igaroko da

Ataria 2026ko maiatzaren 14a

Naia Amondarain ibartarrak parte hartuko du hiru etapa izango dituen txirrindularitza proban.

Itzulia Women probak hiru etapa izango ditu, eta bihar hasi eta igandean bukatuko da. Laboral Kutxa - Euskadi Fundazioa taldeko Naia Amondarain ibartarrak parte hartuko du, eta 51. zenbakia eramango du.

Lehenengo etapa Zarautzen hasi eta bukatuko da, eta Bidania-Goiatz herritik pasatuko da. 121,3 kilometro izango ditu eta 2.400 metroko desnibel positiboa. Guztira sei mendate igo beharko dituzte txirrindulariek. Bidania-Goiatzera Beizamatik pasatu ondoren eta Santa Ageda mendatea igo eta gero iritsiko dira. Aurreikuspenen arabera Beizamatik 12:03ean pasatuko dira, Bidania-Goiaztik 12:15ean eta Errezildik 12:25ean. Errepidea 45 bat minutu lehenago moztuko dela jakinarazi du Itzulia Women probako antolakuntzak.

Bigarren etapa, larunbatekoa, Abadiño eta Amorebieta-Etxano artekoa izango da. 138 kilometro, bost mendate eta 2.560 metroko desnibel positiboa izango ditu. Hirugarren etapa, igandekoa, Donostian hasi eta bukatuko da. 113 kilometro izango ditu, hiru mendate, tartean Jaizkibel eta Mendizorrotz, eta 1.840 metroko desnibel positiboa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!