Eskualdeko ordezkaritza Cannesko Zinemaldian

Ataria 2026ko maiatzaren 15a

'Hatsa' dokumental laburraren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Dokumental laburren kategorian lehiatzeko izendatu dute Hatsa «Soul» pieza. Josu Ozaita baliarraindarrak zuzendu du lana, eta Zap! bideogintzak muntatu.

Joan den maiatzaren 12an hasi eta hilaren 23ra arte izango da Cannesko Nazioarteko Zinemaldia, eta eskualdeko ordezkari bat hautatu dute bertan lehiatzeko. Dokumental laburren kategorian izendatu dute Hatsa «Soul» pieza, eta eskualdekoa du ekoizpena.

Hain zuzen, Josu Ozaita baliarraindarrak zuzendu eta idatzi du ikus-entzunezko lana, eta Iñigo Zapirain (Zap! Bideogintza) ibartarrak muntatu. Hiru minutuko dokumental motza da, eta txondorra du hizpide. Aipatutakoez gain, lanean parte hartu dute Jose Mari eta Marisol Nieva ikazkinek, eta Arrea! jatetxeko Edorta Lamo sukaldariak.

Pieza sariduna

Cannesko Zinemaldirako hautagaitzaren aurretik, Eusko Label saria jaso zuen ikus-entzunezkoak 2025eko Donostiako Zinemaldian.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerlaria da Josu Ozaita antropologoa, eta dokumental laburra EHUko Jose Migel Barandiaran Katedrarekin batera lurraldeko gastronomiari buruzko doktorego-tesia egiteko gauzatzen ari den landa-lanaren parte da. Euskal Herriko «hiru paisaiatan» egindako ikerketa etnografikoa da: itsasoa, mendia eta baserria. Eta plater batetik abiatu eta produktu bakoitzaren atzean dauden pertsonak, paisaiak, bizipenak eta istorioak ikertzea da asmoa. Horretarako, Michelin izarra duten hiru jatetxerekin ari da lanean: Arrea! (Kanpezu, Araba), Elkano (Getaria, Gipuzkoa) eta Ama (Tolosa).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!