Cannes Film Awards jaialdi independenterako sailkatu dute Hatsa pieza, dokumental laburren kategorian. Ekainaren 27an jakingo da irabazi duen edo ez.
Hain zuzen, Josu Ozaita baliarraindarrak zuzendu eta idatzi du ikus-entzunezko lana, eta Iñigo Zapirain (Zap! Bideogintza) ibartarrak muntatu. Hiru minutuko dokumental motza da, eta txondorra du hizpide. Aipatutakoez gain, lanean parte hartu dute Jose Mari eta Marisol Nieva ikazkinek, eta Arrea! jatetxeko Edorta Lamo sukaldariak. Aurretik, Eusko Label saria jaso zuen ikus-entzunezkoak 2025eko Donostiako Zinemaldian.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerlaria da Josu Ozaita antropologoa, eta dokumental laburra EHUko Jose Migel Barandiaran Katedrarekin batera lurraldeko gastronomiari buruzko doktorego-tesia egiteko gauzatzen ari den landa-lanaren parte da. Euskal Herriko «hiru paisaiatan» egindako ikerketa etnografikoa da: itsasoa, mendia eta baserria. Eta plater batetik abiatu eta produktu bakoitzaren atzean dauden pertsonak, paisaiak, bizipenak eta istorioak ikertzea da asmoa. Horretarako, Michelin izarra duten hiru jatetxerekin ari da lanean: Arrea! (Kanpezu, Araba), Elkano (Getaria, Gipuzkoa) eta Ama (Tolosa).