Udaletako langileek greba eguna dute bihar, lan hitzarmena berritzeko

Ataria 2026ko maiatzaren 13a

Zizurkilgo udal bulegoen atarian apirilean egindako elkarretaratzea.

Joan den apirilean bi orduko lanuztea egin zuten, eta bihar egun osokoa izango dute.

ELA eta LAB sindikatuek deituta Udalhitz hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko greba eguna dute bihar udal administrazioko langileek.

EAEko tokiko erakundeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen hitzarmena da Udalhitz, eta langileek salatu dute hura berritzeko negoziazioak aspalditik daudela blokeatuta. Otsailaren amaieran eta martxoan sindikatuek hainbat udalerritan eta Eudelen egoitza atarian mobilizazioak egin zituzten, eta apirilean bi orduko lanuztea egin zuten Udalhitzen eta udaletan edukiak orain! lelopean. Biharkoa egun guztiko lanuztea izango da, eta horrela jarraituz gero ekainaren 4an izango dute hurrengo mobilizazio eguna.

Tolosaldeko honako herrietan egin zituzten lanuzteak, joan den apirilean: Tolosan, Alegian, Ibarran, Anoetan, Iruran, Leaburu-Txaraman, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen. Eta biharkoan Tolosan, Alegian, Amasa-Villabonan eta Ibarran behintzat egingo dute; hori dela eta gutxieneko zerbitzuak izango dituzte.

Tolosako gutxieneko zerbitzuak

Tolosan etxez etxeko laguntza-zerbitzuan, II. eta III. mendekotasun-gradua duten erabiltzaileentzako arreta bermatuko dutela esan du udalak, besteak beste, janari-zerbitzua, eguneroko higiene pertsonala, jaikitzeko eta oheratzeko laguntza, botiken eta elikagaien kontrola eta premiazko osasun- hitzorduetara laguntzea bermatuko dituzte. Era berean, eguneko zentroetara joateko laguntza emango dute, eta ohean dauden pertsonentzako beharrezko jarrera-aldaketak egingo dituzte. Hezkuntza arloan, Samaniego ikastetxean sarrera-kontrola bermatzeko atezain-zerbitzu minimoak mantenduko dituzte; baita Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolan ere. Horrekin batera, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean aholkularitza zerbitzua ere emango dute.

Garraioari dagokionez, Hiribusaren ohiko zerbitzuen % 30 emango dute, eta lehentasuna emango diete osasun-zentroetara doazen edo ordezko garraiorik ez duten lineei. Horrez gain, udal-errepideen mantentze-lanak bermatuko dituzte, jaiegunetako antolaketa berarekin, eta larrialdi-egoeretan, beharrezko garbiketa eta esku-hartzeak egingo dituzte. Udal garabi-zerbitzuak ere lanean jarraituko du, zirkulazioa oztopatzen duten ibilgailuak kentzeko eta desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekuak libre mantentzeko.

Amasa-Villabona, Ibarra eta Alegia

Amasa-Villabonako Udalak jakinarazi duenez, udal langileen batzarrean gehiengo osoak bat egin duenez ELA eta LAB sindikatuek deitutako grebarekin, bihar udalak ez du herritarren arreta zerbitzurik eskainiko.

Alegian udaletxea, kultur etxeko harrera eta liburutegia itxita egongo dira egun osoan, eta Ibarraren kasuan ere gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!