Museoaren Egunarekin bat egin dute eskualdeko museoek

Ataria 2026ko maiatzaren 14a

Astelehenean ospatuko da Museoen Nazioarteko Eguna eta museoetarako sarbidea doan izango da. Topic-en, aurtengo leloarekin bat eginez, bikote antagonikoekin erakusketa txiki bat jarri dute.

Astelehenean, hilaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. 1977. urtetik ospatzen den eguna da, Museoen Nazioarteko Kontseiluak bultzatuta, eta helburu du museoak herritarrengana hurbiltzea. Horretarako, hainbat jarduera antolatu ohi dituzte, eta besteak beste, museoetarako sarrerak doan jartzen dituzte.

Urtero gai zehatz bat hartzen du museoen egunak, eta aurtengoan Museoak zatitutako mundu bat elkartuz lelopean komunitateen arteko zubiak eraikitzeko, elkarrizketa sortzeko eta gizarte-kohesioari laguntzeko museoek betetzen duten funtzioari egiten dio erreferentzia.

Bada, Tolosaldeko hiru museoek (Alkizako Urmara, Larraulgo Ekomuseoa eta Tolosako Topic) bat egin dute aurten ere egunarekin, eta museoetarako sarrera librea izango da egun horretan. Larraulgo ekomuseoaren kasuan, 634 289 327 telefono zenbakira deitu beharko da izena emateko.

Topic museoari dagokionez, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da. Gainera, zentroaren sarreran bere bilduma ikusezinaren zati baten erakusketa txiki bat aurkeztuko dute. Lau txotxongilo bikote antagonista egongo dira ikusgai: aingerua/deabrua, erregea/menekoak, sorgina/printzesa eta haurra/heldua. Antagonista diren beste bi bikote ere jarriko dituzte, gatazkekin lotura dutenak, Ukraina/Errusia eta Israel/Palestina, hain justu.

Horren harira, Topic-ek proposamena luzatu die herritarrei: «astelehenean museora bikote antagonikoren bat (adibidez, gatza eta piperbeltza) ekartzen duten guztiek opari bat jasoko dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!