Errotak hobeto ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte

Ataria 2026ko maiatzaren 13a

Altzoko errotara eginiko bisitaren irudia.

Tolosako Aldaba auzoko Errotaberrin eta Larraulgo Txuringadin egingo dituzte igande goizean. Gipuzkoako Artxibo Orokorrean ostiralean egingo dute bisita gidatua.

Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko da igandean, hilaren 17an. Bosgarren urtez antolatu dute eguna, Yurrita Errota elkarteak bultzatuta, Gipuzkoako hainbat erakunde, elkarte, udalerri eta eragileren laguntzarekin. Helburua da herritarrek errotak hobeto ezagutzea eta ondare-elementu horri lotutako alderdi ezberdinak ulertzeko aukera ematea: historia eta kultura, ingurumena, teknologia, energia desberdinen erabilera eta gure gizarteak eta paisaiak izan dituzten aldaketak. 

Izan ere, nabarmendu dutenez, errotak gure ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira. «Mende askotan zehar garrantzi handia izan dute Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Lurraldearen antolaketaren eta giza jardueraren adierazpenik esanguratsuenetako bat dira, ondare adierazgarria, gizakiak bere ingurunearekin dituen harremanei buruz hitz egiten duena, eta gure kulturaren eta historiaren parte diren iraganeko bizimoduei buruz hitz egiten duena».

Eguna iganean, hilaren 17a izango den arren, maiatzaren 9tik 24ra bitarte izango dira jarduerak, 25 guztira. Horiek askotarikoak izango dira, hala nola, bisita gidatuak, haur eta familientzako tailerrak, ibilaldiak, erakusketak, hitzaldiak eta ate irekiak.

Tolosaldeari dagokionez, bertako bi errotatara bisita gidatuak antolatu dituzte igandean, Tolosako Aldaba auzoko Errotaberrira eta Larraulgo Txuringadira. 11:00etan izango dira bisitak, eta horretarako aurrez eman behar da izena, kultura@tolosa.eus eta kultura@larraul.eus helbideetara idatziz. 

Bestalde, Tolosan kokatutako Gipuzkoako Artxibo Orokorrak Erroten Egunarekin bat egin nahi izan du, eta bisita gidatua antolatu du ostiralean, hilaren 15ean. Bisitan zehar, bertako lana zertan datzan azalduko dute eta artxiboko hainbat gune ezagutuko dituzte bisitariek, publiko orokorrarentzako sarbide mugatuko eremuak barne. Horrez gain, errotak protagonista diren hainbat dokumentu ere erakutsiko dituzte. Aldez aurretik izena eman behar da 671 744 203 zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!