Zer gertatu zen oroitzea asmo

Ataria 2026ko maiatzaren 11

Hogeita hamar bat lagunek egin dute ibilaldi gidatua Etxalarrera, Txirritaren heriotzaren 50. urteurrenean. Efemeridearen harira, maiatzaren 29an hitzaldia ere egingo dute, eta hilaren 31n izango da Txirrita Mendi Martxaren XI. edizioa.

Atzo Etxalarren (Nafarroa) izan ziren eskualdeko hogeita hamar kide inguru, Txirritaren heriotzaren 50. urteurrenaren harira antolatutako ibilaldi gidatuan. Jose Bernardo Bidaola Atxega Txirrita lizartzarra desagertu eta hilik topatu zuten inguruetan ibili dira, eta bertan parte hartu dute desagerpeneko zenbait lekukok eta adituk.

Lekua bisitatzeaz eta gertakariei buruz dakitenaren berri ematearekin batera, «omenaldi txiki bat» ere egin diote Txirrita zenari, ezbeharretik mende erdi bete izana omentzeko.

Antolatzaileek adierazi dutenez «benetan interesgarria» izan da irteera, zer gertatu zen «ahalik eta gertuenetik» ezagutzeko aukera izan dutelako, nahiz eta ez den argitu zehazki zer eta nola gertatu zen. Ekimena ez dute lehenengoz egin, ibilaldi berdina antolatu baitzuten duela hamar urte ere, hain zuzen, desagerpenetik berrogei bete zirenean.

Beste bi hitzordu
Beste bi jarduerak, berriz, hilabete amaieran egingo dituzte. Bietan lehenengoa, solasaldia, maiatzaren 29an egingo dute Oargi elkartean: «Hainbat ideia ditugu esku artean. Batik bat mendizaletasunari buruzko solasaldia izango da, eta horretan ere presente izango dugu Txirrita».

Hirugarren jarduera, berriz, maiatzeko azken egunean izango da: Txirrita Mendi Martxa. Lau urtean behin antolatzen dute ekimena, eta hamaikagarren edizioa izango du aurten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!