Mendi lasterketez gozatzeko aukera izango da asteburuan eskualdean. Larunbatean, Txindokiko Kilometro Bertikala jokatuko da Abaltzisketan. Aldaketa izan da probaren antolakuntza taldean. 2020az geroztik, Irene Campos eta Janire Agirreren gidaritzapean aritu den lan taldea arduratu izan da lasterketa antolatzeaz. Aurten, herriko Txispa Ordeka taldeak hartu du erreleboa, eta lehen aldiz antolatu du.
Bada, antolakuntza berriak egin du aldaketa bat. Aurten, Larraitz auzoko ermitan izango da irteera; azken urteetan Gaintzako bidegurutzean izan da. Helmuga, berriz, Txindokiko gailurrean. 200 korrikalari inguruk parte hartuko dute, erlojupeko proba izango da, hau da, banaka abiatuko dira irteeratik –lehena, 10:00etan–, eta Txindokiko gailurrera heldu beharko dute.
4,2 kilometroko luzera eta 950 metroko desnibel metatua du ibilbideak. Lehen zatia nahiko laua da, eta pistako zatia amaitzean hasiko dute korrikalariek zatirik gogorrena. Azkenik, Tximista aldapa beldurgarria igo beharko dute. Edarien anoa-gune bat egongo da 2,35. kilometroan, Oria Iturrian, eta gainerako edozein puntutan debekatuta egongo da korrikalariek laguntza edo hornidura jasotzea.
Eguraldiaren arabera, aldaketak izan daitezke ibilbidean. Antolatzaileek bigarren ibilbide bat prestatu dute, badaezpada, lokatz handiagatik Tximista aldapatik igotzea ezinezkoa bada. Desnibel metatu berdina du, baina 5,1 kilometrokoa da. Lehen zatia berdina da, baina Oria Iturritik Tximista aldapara joan ordez, gailurrerako ohiko bidea hartuko lukete korrikalariek, eta Egurrale muinotik igaroko lirateke gailurrera igo aurretik. Gainera, gailurraren inguruan baldintzak txarrak badira, ibilbidea moztea erabaki dezake antolakuntzak.
2.000 euroko saria
Gizonezkoetan eta emakumezkoetan, lau maila izango dira: juniorrak (20 urtetik beherakoak), absolutuak (20 eta 40 urte artekoak), beteranoak (40 urtetik gorakoak) eta bertakoak (Abaltzisketan erroldatutakoak). Absolutu mailan lehen hiru gizonezko eta emakumezkoek izango dituzte sariak. Gainerakoetan, lehen gizonezkoa eta lehen emakumezkoa sarituko dituzte. Sailkapenak kronoak.com webgunean egongo dira ikusgai eta sari banaketa 13:00etan izango da Larraitzen. Bertan, besteak beste, Instagrameko @txindokikokb kontuan aste honetan martxan jarri duen zozketa egingo dute: bi lagunentzako gau bat Ordizia hotelean.
Baina aurten sari berezirik bada, hori igoerako errekorra hausten duenari emango diotena da. Juan Mari Garin zizurkildarrak 1993an ezarri zuen orain arteko markarik onena: 33 minutu eta 34 segundo. Inork ez du azkarrago igotzea lortu. «Txindoki ondo ezagutzen dutenek badakite zein gogorra den marka hori gainditzea, baina aurten, ibilbide aldaketarekin, aukera izango da», esan dute antolatzaileek. Denbora hori gainditu eta marka berria ezartzea lortzen duenak 2.000 euroko ordainsaria jasoko du. «Erokeria dirudi, baina gure babesleek apustu sendoa egin dute erronka piztu eta jendea erakartzeko».
Ibarran, 350 korrikalari
Aurten, bigarrenez egingo dute Ibarran Zazpibide Trail mendi lasterketa, bertako Bidetxur mendi elkarteak antolatuta. Igandean izango da proba, 10:00etan hasita. Otsailean zabaldu zuten izena emateko epea, eta iaz bezala, lasterketa egunaren aurretik bete dira. Guztira, 350 korrikalarik izango dute dortsala, 267 gizonezkok eta 83 emakumek. Nabarmentzekoa da ere 330 korrikalari gipuzkoarrak direla.
Herriko plazatik abiatuko dira korrikalariak, eta bertan egongo da helmuga ere. Ibilbideak 15,5 kilometroko luzera (iaz baino kilometro eta erdi laburragoa) eta 653 metroko desnibel metatua du. Tolosa, Leaburu eta Belauntzako lurretan ibiliko dira lasterkariak, eta Zazpibide bidegurutzeko sei bidetatik igaroko dira.