Buruz Buruko Txapelketako finalerdiak zehazten ari dira, eta A multzoko eskualdeko bi pilotariak ez dira partida horietan izango. Altuna III.ak eta Jakak elkarren aurka jokatu dute final-laurdenetako ligaxkaren azken partida, baina ordurako erabakita zegoen ez zirela finalerdietara igaroko. Altunak 22-16 irabazi zion Jakari, eta berak zituen aukera gehiago pasatzeko, baina aurretik jokatutako Dario eta Lasoren arteko partidak erabakita utzi zuen sailkapena: Lasok irabazi zuen 14-22, eta Altunak irabazita ere, hiru pilotarien arteko berdinketan amezketarra galtzen ateratzen zen.
Hori horrela, Altuna III.a eta Jaka txapelketatik kanpo geratu dira. A multzotik Dario lehen sailkatu bezala igaro da finalerdietara, eta Laso bigarren sailkatu bezala.
Beste multzoko final-laurdenetako hirugarren jardunaldia geratzen da jokatzeko. Eskualdeko bi pilotari daude multzo horretan: Peña II.ak Larrazabalen aurka jokatuko du larunbatean Labriten, eta igandean Artolak Zabalaren aurka jokatuko du Tolosako Beotibar pilotalekuan. Finalerdietara igarotzeko, Peña II.ak irabazi beharra du eta Larrazabalek gehienez 18 tanto egin, eta Zabalak bai ala bai Artolari irabazi behar dio. Artolari aukera gehiago zabaltzen zaizkio; Peñak Larrazabali irabazten badio, nahikoa du Zabalari irabazita; Larrazabalek irabazten badu, Artolak ere irabazi egin behar du eta Zabalak 16 tanto edo gutxiago egin behar ditu, eta errioxarrak 17 tanto egiten baditu, orduan Peñak 20 edo 21 tanto eginda izan beharko ditu Artolak pasatzeko.