Sei herri eskuz, eta hiru gomazko paletan

Ataria 2026ko apirilaren 23a

Herriarteko Pilota Txapelketaren aurkezpena egin dute.

Herriarteko Pilota Txapelketan eskuz Amasa-Villabona, Albiztur, Aduna, Alegia, Amezketa eta Zizurkil ariko dira lehian, eta gomazko paletan Alegia, Tolosa eta Anoeta.

Herriarteko Pilota Txapelketa abian jarriko da aurki, eta guztira eskualdeko sei herri ariko dira eskuzko modalitatean eta hiru herri gomazko paletakoan. Eskuz Amasa-Villabona, Albiztur, Aduna, Alegia, Amezketa eta Zizurkil ariko dira lehian. Albizturrek azkeneko aldiz 2011n parte hartu zuen, eta Zizurkilek 2018an. Gomazko paletan Alegiak ere parte hartuko du, eta berarekin batera Tolosa eta Anoeta ariko dira txapelketan. Alegiarentzat lehen parte hartzea izango da modalitate horretan.

Eskuzko modalitatean sei herriak final-hamaseirenetan hasiko dira lehian. Maiatzaren 3ko asteburuan jokatuko dute joaneko jardunaldia, eta astebete beranduago itzulerakoa. Amasa-Villabonak Donostia izango du aurkari eta itzulerakoan jokatuko du etxean. Albiztur Astigarragaren aurka ariko da, eta etxean joaneko jardunaldia jokatuko du. Adunak ere joanekoan jokatuko du etxean, eta aurkaria Oñati izango du. Alegiak Aretxabaletaren kontra jokatuko du, eta itzulerakoan du etxeko jardunaldia. Amezketak Lazkaoren aurka jokatuko du, eta joaneko jardunaldia jokatuko du etxean. Azkenik, Zizurkilek Aia izango du aurkari, eta joaneko jardunaldian ariko dira etxean.

Gomazko paletan eskualdeko hiru herriak final-hamaseirenetan sartuko dira lehian, eta maiatzaren 3ko eta 10eko asteburuetan jokatuko dituzte jardunaldiak. Alegiak Eibar izango du aurkari, eta etxean jokatuko du joaneko jardunaldia. Tolosak ere joaneko partidak etxean jokatuko ditu, eta Zumarragaren aurka jokatuko du. Azkenik, Anoetak Errenteriaren aurka jokatuko du, eta etxeko partidak itzulerako jardunaldikoak izango dira.

Finalista guztiek oroigarri berezia jasoko dute. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan landutako proiektu baten bidez pilotariek erabilitako esparatrapua paper bihurtzen dute, eta paper hori erabiliz sortu ditu garaikurrak Garikoitz C. Murua artista tolosarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!