Espainiako Txapelketan bikain eta Gipuzkoako Kopan txapeldun

Ataria 2026ko apirilaren 22a

Tolosaldea IKTko kideak Espainiako Open Txapelketan eta infantil mailakoan lehiatu berri dira, eta emaitza nabarmenak lortu dituzte.

Azkeneko hilabetean Tolosaldea IKTko igerilariek neguko denboraldiko txapelketa garrantzitsuenak izan dituzte, eta emaitza aipagarriak lortu. Martxoaren 11etik 15era junior eta absolutu kategoriako Espainiako Open Txapelketa egin zen Sabadellen, eta bertan izan ziren Igor Arrigain, Nahia Garrido, Uhaitz Aranbarri eta Ilargi Sarria. Emaitza aipagarrienak Nahia Garridok lortu zituen, etxera 4 dominekin itzuli baitzen, 20 urtez azpiko kategoriakoak denak. 200 metro bizkar proban zilarrezko domina 2.14,27ko denborarekin lortu zuen, eta horretaz gain 4. postua absolutuan; brontzea lortu zuen 200 metro estiloan, 100 metro tximeleta eta 100 metro bizkar probetan, eta 6. postua 50 metro bizkar proban.

Ilargi Sarria junior kategorian 50 metro bular proban finalera sailkatu zen, 33,96 denborarekin, 10. postuan. 50 metro libre proban ere hamargarren postua lortu zuen eta 100 metro bular proban 19. postua. Igor Arrigainek 200 metro bular proban 2.27,11ko denborarekin absolutu kategoriako 45. postua lortu zuen, eta Uhaitz Aranbarrik 400 metro estiloetan 4.50,98 eginez 44. postua absolutuan eta 11.ena 20 urte azpikoan.

Ondorengo astean infantilen Espainiako Txapelketa egin zen berriro ere Sabadellen, eta bertan izan ziren lehiatzen Patxi Arzalluz, Alain Zaldua eta Aner Gastesi. Arzalluz 50 metro libreetan B finalera sailkatu zen eta 25,72ko denborarekin 16. postua eskuratu zuen, eta 100 metro libreetan 37. postua. Alain Zalduak ere B finalera sailkatzea lortu zuen 50 metro tximeletan, eta 27,23ko denborarekin 16. postua lortu zuen. Aner Gastesik bere lehenengo Espainiako Txapelketan emaitza dotoreak lortu zituen: 50 metro bizkarrean 45. postua eta 100 metro bizkarrean 40. postua 1.06,82ko denborarekin.

Hilabeteari amaiera emateko, martxoaren 28 eta 29an Tolosan Gipuzkoako Kopa egin zen, eta bertan Gipuzkoako zortzi talde indartsuenak beraien artean lehiatu ziren. Eskualdeko igerilariek maila bikaina eman zuten eta kopa irabaztea lortu zuten gizonezkoetan, emakumezkoetan eta baita sailkapen bateratuan ere. «Oso txapelketa polita izan zen, taldeko igerilari nagusienak gazteenekin elkarlana eginez proba bikainak osatu zituzten eta erreleboetan ere maila ikusgarria eman zuten, guztietan lehenengo postua lortuz», azaldu du klubak. «Zorionak denei eta eskerrik asko asteburuan zehar txapelketa aurrera eramateko laguntzen egon ziren gurasoei».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!