Argentinako Mendoza hirian jokatu da C.I.J.B. erakundeak antolatutako absolutu mailako XI. Munduko Pilota Txapelketa, eta bertan izan da euskal selekzioa. Emakumezkoen taldeko parte izan dira Miren Larrarte bidaniarra eta Itxaso Erasun zizurkildarra, biak Behar Zana elkartekoak. Lau modalitate zeuden jokoan txapelketan, eta emakumezkoen taldeak hiru urrezko domina eta zilarrezko bat lortu ditu. Larrartek azaldu du «oso pozik» daudela lortutakoarekin, batez ere joko zuzeneko bi modalitateetan, nazioarteko jokoan eta llarguesen, urrea poltsikoratu dutelako. Beste urrea lau paretetako modalitatean lortu dute, eta zilarra one wall izenekoan.
Llarges modalitatean finala Herbehereen taldeari irabazi zioten. Lehenbizi ligaxkan 6-2 irabazi zioten, eta finalean 6-1 irabaztea lortu zuten euskaldunek. «Ez genuen espero», esan du Larrartek. «Sei pilotari aritu gara jokatzen finalean, aldaketa bat egin dugulako, eta seiok oso ondo ibili gara, bai errestoan eta bai sakean, eta ez dugu ia akatsik egin. Final borobila egin dugu».
Manito edo lau paretetako modalitatean Valentziaren kontra jokatu eta irabazi zuten finala, eta bertan Enara Gamindez eta Larrarte bera aritu ziren. «Oso ondo eta seguru jokatu dugu, eta sentsazio oso onekin bukatu dugu», esan du Larrartek.
One wall modalitateko finala ostiralean jokatu zuten Herbehereen kontra Olatz Arrizabalagak eta Larrartek. «Ligaxkan erraz irabazi genien, baina finalean oso lotuta sartu ginen. Ez da aurreneko aldia hau gertatzen zaiguna Olatzi eta niri. 2-0 galdu genuen, eta lastima handia», azaldu du bidaniarrak. «Pilotari herbeheretarrek estrategia oso ona erabili zuten, eta ez ginen gai izan tentsioarekin-eta egoera aurrera eramateko, eta penatuta gaude». Nazioarteko jokoan final borobila egin zutela esan du Larrartek. «6-2 irabazi genuen Herbehereen kontra. Joko zuzenetan plenoa egin dugu, eta oso pozik gaude».
Gizonezkoen selekzioan teknikari moduan aritu da Iñaki Esnal larrauldarra. Emaitza oso onak lortu dituzte: txapeldunak one wall modalitatean, txapeldunordeak nazioarteko jokoan eta lau paretetan, eta hirugarrenak llarguesen.