Martxoaren 8a da gaur, sorreraz Emakume Langileen Nazioarteko Eguna eta gaur egun ofizialki Emakumeen Nazioarteko Eguna deitutakoa. Euskal Herrian eta eskualdean hainbat mobilizazio daude deituak gaurko, eta horietako gehienak goizean egin dituzte.
Euskal Herriko Mugimendu Feminista Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka lelopean mobilizatu da, eta deialdi horretara batu dira eskualdeko hainbat herri; besteak beste, Altzon, Alegian, Anoetan, Iruran, Berastegin, Bidania-Goiatzen, Villabonan eta Zizurkilen elkartu dira herritarrak. Tolosan arratsaldean egingo dute manifestazioa, 19:00etan, Trianguloa plazatik abiatuta eta Batumorek girotuta.
Hitzaurreari hasiera emateko, duela astebete Sarrigurenen gizon batek eraildako emakumea, Tatiana, eta larri zauritutako beste emakumea gogora ekarri dute. Era berean, elkartasun eta babes besarkada bana bidali nahi izan diete munduko hamaika txokotan erresistentzian eta borrokan dabiltzan feministei: «Palestina, Venezuela, Sahara, Kurdistan...zuekin gaude. Gora borroka internazionalista».
Euskal Herriko Mugimendu Feministarentzat «munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren gaiotan» iritsi da Martxoaren 8a aurten. Testuinguru horretan, «sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistaren kontra eta feminismotik eraikitako munduaren alde» borrokatzera aterako da kalera. «Noraeza, etsipena eta beldurra» gailentzen ari den garaiotan, «immobilizaziorako joera» egon daitekeen arren, mugimendu feministak borrokatzeko deia egin du: «Guk aspaldi ikasi genuen immobilizaziorako joera kolpatzen gaituen sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistak darabiltzan estrategien ondorioa besterik ez direla, eta ez garela batzuek nahiko luketen bezala etxean geratuko».
Hain zuzen, Mugimendu Feministarentzat sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazista da zapalkuntzak betikotzen dituena: «Askotariko zapalkuntzak betikotzeko egiturak martxan ditu aipaturiko sistemak, gorputz eta lurralde bakoitzean era batera edo bestera lurreratzen direnak. Baina, desberdinkeriak areagotzen ari diren garaiotan, zapalduak are zapalduago dira, eta boteretsuak are boteretsuago. Eta hori, errealitate materialetan ikus dezakegu; etxebizitzarako sarbidea nork duen eta nork ez, baliorik gabeko lanetan nor dabilen eta nor ez, ea nork egindako lanak diren prekarioen, nor den hainbat eskubideren jabe eta nor ez eta abar. Finean, nor kolpatzen duen geroz eta gehiago».
Mugimendu Feministako kideek adierazi dutenez, asko izan dira azken urteetan martxan jarritako borrokak, baina oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu dute, eta gizonak, patronalak zein agintariak seinalatu dituzte, besteak beste: «Urratsak egiten ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko, baina batez ere asko dute egiteko. Haiek bai; instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura». Horrekin batera, «egiturak sostengatzen dituztenak» ere jarri dituzte jopuntuan: «Feminismotik eraikitzen ari garen diskurtso eta proposamenak bereganatzen dituztela salatu nahi dugu, itxurakeria hutserako, edo are larriagoa dena, feminismoaren aitzakiapean bestelako neurri eta diskurtsoak zabaltzen dituzte, esaterako, arrazakeria».
Gaurko egunez kalera atera dira feminismotik langile klasearen alde borrokatzera, baina martxoak borrokarako beste data ugari batzuk daudela jakinarazi dute, eta horietan denetan «arduraz eta indarrez» parte hartzeko deia egin dute: «Lehena martxoaren 17a, sindikatuek deituriko Greba Orokorra. Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik. Ondoren, martxoaren 21a, arrazakeriaren kontrako eguna, zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzen duen indarkeriarekin mozteko. Hurrena, martxoaren 30a izango da, etxeko eta zaintza langileen eguna; zaintzak lanak prekarietatearen, emakumearen eta arrazakeriaren sinonimo dira egun. Zaintza kate globalean dugun lekuaz jabetu eta horrekiko ardurak hartzeko unea da, zaintza sistema publiko bat aldarrikatzearekin batera eta pribatizazioarekin amaitzeko eskatzearekin batera. Eta, azkenik, martxoaren 31a, trans ikusgarritasunaren eguna; trans pertsonen eskubideen alde kalera ateratzeko eguna. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baikara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara».
Ez dute «feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik» nahi, ezta mundurik ere, eta hori lortzeko antolakuntzaren beharra nabarmendu dute. «Antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak; emakume, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude!». Horren karietara, aliantzak eraikitzeko deia egin dute: «Elkarrekin nahiz subalternitate propioetatik, eraiki ditzagun sare sendoak. Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik».
ANTOLAKUNTZA IRAULTZAILEA INDARTU
Itaia Euskal Herriko emakumeen antolakunde sozialista da, eta Emakume langileok askatzeko, batu borrokara! lelopean mobilizatu da eguerdian Tolosan. Duela mende oso bat bezala, emakume langileen interesak defendatu eta «borroka iraultzaileari bultzada» eman nahi izan diote gaurko manifestazioaren bidez, eta aldarria egungo testuingurura egokituz, azpimarratu dute emakumeen aurkako zapalkuntzaren arduradunak «seinalatzeko» mobilizatu direla: «Argi izan dezatela: erasotzaileek eta faxistek, aurrean izango gaituzue!». Hain zuzen, antolakundeak beharrezkotzat jo du emakume langileen zapalkuntzarekin amaitzeko «alternatiba iraultzailea» eraikitzea.
Oraindik orain, emakumeek «zapalduta» jarraitzen dutela salatu du Itaiak, eta azken urteetan emakume langile askoren egoera ekonomikoa okertu egin dela gaineratu du: «Ikusi besterik ez dago sektore feminizatuetako lan baldintzen egoera penagarria edota emakume etorkinek bizi duten pobrezia. Gainera, instituzioek enpresa munduaren interes ekonomikoak lehenesten jarraitzen dute. EAE-n, adibidez, EAJk zaintza zerbitzuen pribatizazio masiboa gauzatu du, familien eta zaintza sektoreko langileen baldintzak okertuz». Sektore horietan «eskubide politikoak zuzenean kolpatzen» badituzte ere, jantokietan, adinekoen egoitzatan eta beste hainbat esparrutan emakumeek borrokan dihardutela azaldu dute.
Horrez gain, emakumeek egunerokoan indarkeria matxista sufritzen jarraitzen dutela gaitzetsi dute, eta horren harira, «alderdi ultraeskuindarrak eta asaldatzaile misoginoak matxismoa normalizatzen» ari direla azpimarratu dute. «Emakumeok eskubide gehiegi ditugula diote, eta beraz, atzerakada bat proposatzen dute: indarkeria matxistaren aurkako legeak, abortu eskubidea edota osasun zerbitzuak jo puntuan jarri nahi dituzte. Gainera, gezur eta buloen bitartez, faxista horiek matxismoaren existentzia ukatzen dute». Horren aurrean, faxistei argi esan die ez dutela onartuko «emakumeak gizonen mesedetara egotea, plazererako objektutzat hartzea edota emakume etorkizunen aurkako ehizarik».
Egoeraren erantzule AEBetako eta Europako oligarkia egin du Itaiak; «izan ere, bai lan baldintzen okertzea, bai eskubide politikoen ezabapena eta baita ideia faxisten eta matxisten zabalpena ere mendebaldeko oligarkiaren agendaren parte dira. Epsteinen paperetan agertzen diren oligarka pedofilo eta misogino horien agindupean ezinezkoa da emakume langileon zapalkuntza ezabatzea». Horren aurrean, «urgentziazkotzat» jo dute horri guztiari aurre egitea.
Bestalde, Itaiaren ustez, «ezker instituzionalak» bere burua «faxismoari aurre egiteko plataformatzat» aurkeztu du, baina «alderdi sozialdemokraten eskutik», emakume langileen «zapalkuntza ekonomiko eta soziala» mantendu egin da azken urteetan, eta testuinguru horretan «faxismoa eta ideia atzerakoiak» indartu baino ez dira egin. «Guztiz irreala da zapalkuntzak gainditu nahi izatea zapalkuntzak betikotzen dituen sistema batean».
Horregatik beharrezkotzat jo dute emakume langileen zapalkuntzarekin amaitzeko «alternatiba iraultzailea» eraikitzea. Horretarako, batetik, faxismoaren eta matxismoaren aurkako borroka aktibatzearen alde egin du, «faxistak eta erasotzaileak ez dezaten kalean lekurik» izan. Bestetik, emakume langileen «interesak eta problematikak» lehen lerroan jarriko dituen «bide orri iraultzailea» garatzearen alde ere du, eta horretarako, indarkeria matxista eta esplotazio ekonomikoa ezabatzeko baldintzak jarriko dituen «estatu sozialista» eraikitzera indarrak bideratzeko premia azaleratu du. Era berean, emakumeak borrokaren lehen lerroan daudela erakusteko unea dute Itaian, eta bihartik aurrera ere, lanean jarraitu eta antolakuntza iraultzailea indartzen jarraitzeko deia zabaldu dute.