M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2026

Giro onean elkartu dira emakumeak

Ataria 2026ko martxoaren 7a

Emakumeen Nazioarteko Egunaren atariko, hainbat herritan emakumeen bazkariak izan dituzte.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezpera baliatu dute herri askotan emakumeen bazkariak eta afariak egiteko. Horrela egin dute Alkizan, Belauntzan (argazkian), Iruran eta Gaztelun (argazkian). Alkizaren kasuan, bazkalostean ere jarraituko dute egunarekin, Dudik-P taldearen emanaldia izango baitute ostatuaren kanpoan.

Gazteluko emakumeen kasuan, Leaburuko ostatuan elkartu dira bazkari legea egiteko. Leaburuko emakumeek gauza bera egingo dute bihar.

Amezketan, Anoetan eta Elduainen ere gaur elkartu dira herriko emakumeak. Amezketan, giroa berotzeko bertso-poteoa egingo dute 19:00etatik aurrera, Sasturain tabernatik hasita. Amaia Agirre eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan. Behin hori amaituta, Zazpi-iturri elkartera joango dira afaltzera.

Anoetan ere poteoa egingo dute, baina musikaz lagunduta, eta aurretik ekitaldia izango da, 19:00etan. Elkartean egingo dute afaria eta ondoren jolasak eta karaokea izango dituzte. Elduainen, berriz, Anariren kontzertua izango dute elizan, 19:00etan hasita.

Asteasun ere afaltzeko elkartuko dira emakumeak elkartean, eta afalostean jolasak eta karaokea izango dituzte. Aurretik, baina, Tolosaldeko Emakume Feministen II. Topaketa egingo dute Muskerren Bidearen harrera gunean. Bertan, erailketa matxistei aurre egiteko protokolo berritua landuko dute. Eta Tolosaldeko tokiko talde feministen bizipenak, hausnarketak eta ekimenak bildu asmo dituen liburu zuriaren eskualdatzea ere egingo dute. Anoetan ekin zion bideari liburu zuriak, joan den urtea Berastegin izan da, eta Asteasuko kideei pasatuko diete oraingoan. 

Martxoaren 8ko egitaraua

Eskualdeko kaleak hartzeko eguna izango da biharkoa, eta eskualdeko herrietan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute Mugimendu Feministatik. Uste dute ez dela isilik eta otzan gelditzeko garaia eta instituzioei, patronalei, gizonei eta «sistema betikotzen dutenei» erantzukizuna hartzeko deia egin diete. «Ildo horretan, uste dugu ezinbestekoa dela aliantzak eraikitzea, askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi askotariko gorputz eta borroketatik egin behar zaio aurre. Ez dugu feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere», gaineratu dute. 

 

  • Anoeta-Irura: Irura eta Anoetako talde feministek deituta, bi herrien arteko zubian topo egitea, 11:30ean.
  • Orendain: 12:00. Sustraietatik eraldatuz dokumentalaren emanaldia. 13:00. Poteo musikatua. 14:00. Emakumeen bazkaria, ostatuan.
  • Larraul: Emotio abesbatzaren kontzertua, elizan, 12:00etan.
  • Amasa-Villabona-Zizurkil: Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka. Aiztondoko mugimendu feministak deituta. 12:00. Leku baten bila podcasta. Iraia Cambra Naiz irratiaren eskutik, Aljibean. 13:30. Elkarretaratzea, oinezkoen zubian. Ondoren, irradaka, Zizurkilen Saski ondoko plazan. 14:30. Bazkaria. Transmaribollo intergenerazioanala, Villabonako Berdura plazan.
  • Baliarrain: 12:00. Magma mia bakarrizketa, Beatriz Egizabalen eskutik. Ondoren, bazkaria Zartagi ostatuan.
  • Bidania-Goiatz: 12:30. Elkarretaratzea frontoian. Jarraian, pintxo-potea.
  • Altzo: Elkarretaratzea plazan, 12:30ean.
  • Tolosa: Itaiak deituta, mobilizazioa. M8. Emakume langileok askatzeko batu borrokara!, Trianguloa plazan, 12:30ean.
  • Ikaztegieta: 13:00. Elkarretaratzea. 14:00. Emakumeen eguneko bazkaria ostatuan. 16:30-18:30. 7-12 urte bitartekoentzat ihes gela.
  • Berastegi: 13:00. Elkarretaratzea, plazan. 14:00. Bazkaria erabilera anitzeko gelan.
  • Anoeta: 10:30. Kafe-tertulia eragileen lokalean: Beste mundu bat feminismotik. Irauli eraikitzeko. 12:00. Elkarretaratzea plazan. Ondoren, zubian ekitaldia. 14:00. Emakumeen bazkaria Kuku elkartean.
  • Alegia: 13:00. Elkarretaratzea plazan. 14:00. Bazkaria. Ondoren, DJ Joxi Fernandezekin dantzaldia.
  • Berrobi: Bertso bazkari musikatua ostatuan, Alaia Martin eta Nerea Elustondo bertsolariekin. Amaia Agirre gai jartzaile lanetan.
  • Aduna: Kantu bazkaria Txulobi elkartean, Irati, Ane eta Joxeleonekin.
  • Tolosa:Beste mundu bat feminismotik manifestazioa, Tolosako Asanblada Feministak deituta. Trianguloa plazatik 19:00etan abiatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!