Matxoaren 8a borroka eguna dela aldarrikatu nahi du Tolosaldeko Mugimendu Feministak, eta aldarrikapenak plazara ateratzeko hainbat hitzordu antolatu dituzte datozen egunetan. Larunbatean, esaterako, indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo berritua aurkeztuko dute, 17:30ean, Asteasuko Muskerraren Bidearen Harrera gunean.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak erailketa matxistei aurre egiteko protokoloa egokitzeko hausnarketa prozesua egin zuen iaz. Horrela, 2017an berritu zuen azken protokoloa oinarri hartu eta 2025eko Indarkeria Matxista Jakean jardunaldietan egindako gogoetak txertatu dizkio protokolo berrituari.
Eztabaida eta jakintza kolektiboaren fruitu izanik, dokumentu amaitu gabea eta dinamikoa dela diote mugimendutik, borroka feministaren joan-etorriek osatu eta moldatuko dutena. Horregatik, protokolo berritu hau aztertzeko eta Tolosaldera egokitzeko lanketa egingo dute larunbatean Asteasun.
Horren ostean, liburu zuriaren esku aldaketa egingo dute, 19:00etan hasita. Anoetan ekin zion bideari liburu zuriak, Tolosaldeko tokiko talde feministen bizipenak, hausnarketak eta ekimenak bildu asmo duen liburuak. Pasa den urtea Berastegin igaro du liburuak, eta Asteasuko kideei pasatuko diete oraingoan.
Mobilizazioak igandean
Eskualdeko kaleak hartzeko eguna izango dute igandea, eta eskualdeko herrietan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute. Altzoko plazan elkarretaratzea egingo dute, 12:30ean; Anoeta eta Irura arteko zubian elkartuko dira, 12:30ean; Bidania-Goiazko pilotalekuan, 12:30ean; Berastegiko plazan, 13:00etan; Villabona eta Zizurkilgo oinezko zubian, 13:30ean; eta Tolosan manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Triangulotik abiatuta eta Batumorek girotuta.
Mugimendutik uste dute ez dela isilik eta otzan gelditzeko garaia eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak azken urteotan aurrerapausoak eman baditu ere, oraindik asko dagoela egiteko azpimarratu dute. Hori dela eta, instituzioei, patronalei, gizonei eta «sistema betikotzen dutenei» erantzukizuna hartzeko deia egin diete. «Ildo horretan, uste dugu ezinbestekoa dela aliantzak eraikitzea, askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi askotariko gorputz eta borroketatik egin behar zaio aurre. Ez dugu feminismorik eta antirrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere», gaineratu dute.
Iragan astean Sarrigurenen (Nafarroa) senarrak erail zuen emakumea ekarri dute gogora, baita eraso berean gizonak larri zauritu zuen beste emakumea ere. «Ez zaituztegu bakarrik utziko», adierazi dute.