Osasun zentroaren zerbitzua Erbeta parkean

Aitor Arroyo Askarai 2026ko martxoaren 3a

Erbeta parkeko instalazioetan ari dira ematen Alegiako anbulatorioko zerbitzu guztiak. A. A. A.

Alegiako osasun zentroa eraberritu bitartean Erbeta parkean jasoko dute zerbitzua herritarrek. Hasi dira lanak, eta 18 hilabete irautea aurreikusten dute.

Datozen hilabeteetan Erbeta parkean jasoko dute osasun zentroaren zerbitzua Alegialdeko herritarrek. Anbulatorioa berritu bitartean mantenduko dituzte behin-behineko instalazioak, eta, osasun zentroko obrarekin batera, kale igogailu bat jarri eta erretiratuen taberna ere berrituko dituzte.

Dagoeneko Erbeta parkeko instalazioetara lekualdatu dituzte zerbitzu guztiak, eta, aurreikuspenen arabera, 18 hilabete iraungo dute lanek. Regina Sorarrain alkateak azaldu du «erpin asko» dituela obrak: «Ez da edozein zerbitzu: medikua da. Eraberritze integrala izango da, eta eraikinaren edukiera bikoiztu egingo da, besteak beste». 

Hiru ardatz

Osasun zentroarekin batera, azpian dagoen erretiratuen taberna berritu eta kale igogailu bat ere jarriko dituzte. Lanek, guztira, 2.650.432 euroko aurrekontua izango dute; horietatik, bi milioi pasatxo Osakidetzak ordainduko ditu, eta, gainerakoa, Alegiako Udalak. 

Orain arte jubilatuen taberna hustu eta eraitsi dute, eta lan horiek egiteko 100.000 euroko diru laguntza ere jaso du udalak Gipuzkoako Foru Aldunditik. Hustea, gainera, «berezia» izan zela kontatu du Sorarrain alkateak: «Deialdia egin eta bertako altzariak herritarren artean banatu genituen enkante moduko batean. Berrerabilpena sustatzea dagokigu, eta modu polita izan zen».

Anbulatorioari dagokionez, lanak bukatutakoan solairu bat gehiago izango du eraikinak, eta edukiera bikoitza: «Osakidetzak plan funtzionalean aipatzen zituen zerbitzu berriak emateko aukera izango duela. Esate baterako, aukera emango du fisioterapia zerbitzu berriak emateko. Horrez gain, bi mediku ditugu gaur egun; eta, behar izango balitz, hirugarren batentzako lekua ere aurreikusten da». Ildo beretik gehitu du alkateak orain arteko zerbitzua ona izan dela, baina «hobekuntza nabarmenak» jasoko dituela.


Osasun zentroaren ingurua prestatzen ari dira lanak hasteko. A. A. A.

Uholdeak, baldintza

Sorarrainek gogora ekarri du Alegia uholdegarria dela «ia eremu osoan», eta horrek baldintzatu duela obra ere: «Idealena litzateke kanpotik eraikin osora iristeko igogailua jartzea, baina ez da posible, ur legeagatik».

Bideberrietako sarrera, kontrara, ez da uholdegarria «gutxigatik» eta, beraz, hortik izango du sarrera nagusia: «Kota hori gainditzeko hiri igogailu bat jarri beharko dugu; eta, horrez gain, eraikinak barruan ere izango du berea». Dena dela, alkateak nabarmendu du hiri igogailuak «onura orokorra» eragingo duela herrian: «Igogailuak irisgarritasuna hobetuko du herriko beste gune garrantzitsu batera: tren geltokira. Egunero 800 pertsonak erabiltzen dute trena, eta oso onuragarria izango da bertara eragozpenik edo aldaparik gabe iristeko».

Zerbitzua Alegiaz harago

Obra «konplexua» izango dela aurreratu du herriko alkateak, eta adierazi du lanak «ondo egitea» lehenesten duela: «Zerbitzua bermatuta dago Erbeta parkean, eta honaino iristea kosta zaigunarekin... Garrantzitsuagoa da obra ondo egitea, lehenbailehen bukatzea baino». Hari berari tiraka aipatu du espero baino pixka bat beranduago egin dutela lekualdatzea, Osakidetzak «hornidura arazoak» izan dituela-eta.

Alegiari ez ezik, inguruari ere ematen dio zerbitzua anbulatorioak, hain zuzen, eskualdeko Abaltzisketa, Albiztur, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta eta Orendain herriei; eta Tolosako Aldaba eta Bedaio auzoei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!