Gaur arratsaldean Maitane Perezek Larraulen emango duen Baso zaindaria ikuskizunarekin abiatuko da IV. Antzerkialdia Aiztondon. Hemendik aurrera eta martxoaren 27ra arte, 17 ikuskizun izango dira Adunan, Alkizan, Asteasun, Larraulen eta Zizurkilen.
Alkizan egin dute aurtengo edizioaren aurkezpena eta bertako alkate Inaki Irazabalbeitiak azpimarratu du bete-betean asmatu zutela duela lau urte ekimena martxan jarri zutenek. Arte eszenikoen mundua herri txikietara eramateko aukera eskaintzen du jardunaldiak. «Elkarlanean aritzeak, aterki hau edukitzeak, ahalbidetzen digu lehen mailako antzerki lanak hona ekartzea, bestela, gutako bakoitzak bere aldetik inbertsio handia egin beharko luke horrelakoak antolatzeko». Alkizan ostegunean emango dute lehen saioa eta martxoaren 20an bigarrena.
Beste aldarri bat ere egin du Irazabalbeitiak Koldobika Jauregi zena gogoan hartuta: «Herri txikiok badugu kulturarako eskubidea, kulturaz herrian bertan gozatzeko eskubidea». Errebindikazio horrekin bat etorri dira Antzerkialdiaren aurkezpenera batu diren gainerako udal ordezkariak ere.
Kristina Rodriguez Adunako alkateak, adibidez, azpimarratu du egitarauaren barruan antolatu diren antzerki emanaldiei esker, euren herriek ikusgarritasuna lortzen dutela. «Emanaldiek beste aitzakia bat ematen digute herritarroi elkarrekin biltzeko». Bi saio antolatu dituzte Adunan, etzi haurrentzako bat eskolan, eta datorren astelehenean, helduentzako beste bat plazan.
Asteasun, haurrentzako antolatu dituzte saio gehienak. Haien begiradak eta irudimena elikatu nahi dituztela azpimarratu du Larraitz Alkorta alkateak. «Herri gaztea da gurea eta Antzerkialdia aukera bikaina da haiek irudimena landu dezaten. Umeetatik kulturarekiko duten lortura estutzeko aukera ematen digu ekimenak». Martxoaren 12an, 13an eta 19an antolatu dituzte saioak Asteasun.
Larraulen ere, herriko eskolan egingo dituzte Antzerkialdiaren barruko emanaldiak: bat gaur, eta bestea, berriz, martxoaren 18an. Pili Kortajarena zinegotziak esan du kulturarekiko interesa piztea dela haien iparra, eta gogorarazi du bi antzerki saioak eskolan emango dituzten arren, publiko guztiarentzat irekita egongo direla. «Jendeak antzerkia gertutik bizitzea da gure helburua».
Zizurkilen antolatu dituzte emanaldi gehien: zortzi saio izango dira martxoaren 14an hasita. Izarne Zelaia zinegotziak esan du formatu eta adin guztientzako emanaldiak antolatu dituztela: «Espazio guztietan emango dira emanaldiak, liburutegitik hasi eta plazaraino. Antzerkiaren magia herri osoan zabaldu nahi dugu».
Egitarau oparoa prestatu dute, beraz, IV. Antzerkialdian. Guztia prestatzeko teknikariek egindako lana azpimarratu eta eskertu dute Aiztondoko alkate eta zinegotziek.
Martxoak 10, asteartea
-
LARRAUL
- 15:00. Haurrentzat eskolan, Baso zaindaria ikuskizuna Maitane Perezen eskutik.
Martxoak 12, osteguna
-
ALKIZA
- 15:00. Frontoian Ostomia txotxongilo taldearen eskutik Alaia Galtzagorria lana.
-
ASTEASU
- 15:00. Pello Errota eskolan HH, LH1 eta LH2 mailetako ikasleentzat Azken eguzkilorea lana Patata tropikala taldearen eskutik.
Martxoak 13, ostirala
-
ASTEASU
- 15:00. LH3 eta LH6 mailen arteko ikasleentzat, Hodei magoak ikuskizuna eskainiko du Pello Errota eskolan.
-
ADUNA
- 19:30. Elordi aretoan 16 urtetik gorakoentzat arituko da Amahiru konpainia: Igogailu batean amaitu zen mundua.
Martxoak 14, larunbata
-
ZIZURKIL
- 11:00. Maite Franco ipuin kontalaria Plazida Otaño liburutegian arituko da, Nire etxea zure etxea da kontakizunarekin.
Martxoak 15, igandea
-
ZIZURKIL
- 18:00. Alaia Martinek eta Olatz Salvadorrek 1:1 eskala lana emango dute Atxulondo kultur etxean.
Martxoak 16, astelehena
-
ADUNA
- 14:45. Pulcinella Txio-Txinela!!! antzerki lana emango du Zurrunka teatro taldeak Adunako eskola atarian.
Martxoak 18, asteazkena
-
LARRAUL
- 15:30. Eskola umeen emanaldia izango da eskolan bertan: Ez Romeo, ez Julieta izenburua eramango du saioak.
-
ZIZURKIL
- 19:00. Ahoz-aho jaialdiaren barruan Peruko Mar Amado eta Euskal Herriko Amaia Elizagoien elkarrekin arituko dira Plazida Otaño liburutegian.
Martxoak 19, osteguna
-
ASTEASU
- 18:30. Ostomila txotxongilo taldeak Baleazaleak lana emango du udaletxean herritar guztientzat.
Martxoak 20, ostirala
-
ALKIZA
- 19:00. Udaletxeko ganbaran Zuhaitz Gurrutxagak Nortasun Agiria lana emango du.
Martxoak 24, asteartea
-
ZIZURKIL
- 11:00. Didau konpainiaren eskutik Hazia antzerki lana ikusteko aukera izango da Atxulondo kultur etxean.
Martxoak 25, asteazkena
-
ZIZURKIL
- 11:00. Txapeldunak lana eskainiko du Atxulondo kultur etxean Iraitz Lizarraga herritarrak.
- 19:00. Trapuzaharrak taldearen bisita jasoko dute Joxe Arregi plazan. Azkena eta bagoaz kale antzerkia izango da emango dutena.
Martxoak 26, osteguna
-
ZIZURKIL
- 11:00. Eskolako umeen emanaldiak izango dira Atxulondo kultur etxean.
Martxoak 27, ostirala
-
ZIZURKIL
- 11:00. LH1, 2 eta 3. mailakoentzat Artiluso izeneko antzerki lana Joxe Arregi plazan.