Iaz 218.123 euroko inbertsioa egin zuen Enirio-Aralar Mankomunitateak

Ataria 2026ko otsailaren 25a

Joan den urtean auzolanean egindako jardueretako bat. ENIRIO-ARALAR MANKOMUNITATEA

Iazko hamabi hilabeteetan hainbat lan egin zituzten, horien artean, azpiegiturak eta bideak konpontzea, zaborrak biltzea eta abereak zaintzea. Egitekoak auzolanean eta erakundeen arteko elkarlanean gauzatu dituzte.

Enirio-Aralar Mankomunitateak iaz, guztira, 218.123,97 euroko inbertsioa egin zuen ingurua mantentzeko lanetan. 2025eko lanen balorazioan «urte emankorra» izan dela nabarmendu eta 2026rako ildo nagusiak aurreratu dituzte. Egindako lanen artean daude mendiko azpiegiturak mantentzea eta hobetzea, abeltzaintza jarduerak eta ingurumena zaintzeko ekimenak.

Batetik, urtero bezala, mendiko «mantenu lan arruntak» egin dituzte, horien artean, hoditeriak, deposituak, harrapalekuak, txabolak, askak, ur hartuneak eta iturriak konpontzea zein egokitzea. Hari horri tiraka, uda garaian, Ariñate-Arritzaga bidea egokitu eta bertako zubiak zaharberritu zituzten auzolanean, Buruntzunzin Mendi Elkarteko kideekin eta inguruko artzain zein ganaduzaleekin. Guztira, 632 metro bide txukundu eta Arritzagako bi zubi ere berritu dituzte. Era berean, Amezketa eta Enirio-Aralar lotzen dituen bideko bi kurbatan hormigoitze lanak egin dituzte; eta kasu honetan ere elkarrekin aritu dira herritarrak zein erabiltzaileak.

Abereak zaintzeko
Abeltzaintzari dagokionez, aurrera jarraitu dute 2024an abian jarritako sarnaren aurkako plan sanitarioarekin. 2025eko irailean Enirio-Aralarren larratzen duten artzain guztiek bi tratamendu egin zizkieten ardiei: 42 artzainen artean, guztira, 15.618 ardi tratatu zituzten. Kanpaina horren kostuaren bi heren diruz lagundu dituzte Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta gainerakoa artzainek hartu dute euren gain. Mankomunitatearen arabera, egoera «nabarmen hobetu» da bi urteko epean.

Bestalde, 37 txaboletan —gehienak, artzaintzara bideratuta— instalazio elektrikoen diagnostikoa egin dute. Horrekin helburu dute egoera aztertu eta behar diren hobekuntzak zehaztea, txaboletako erabiltzaileen baldintzak eta gaztagintzarako baliabideak nola hobetu jakiteko. Eta, burututako lan horiez gain, bost askaren inguruko higadura arazoei aurre egiteko egokitze lanak egitea ere aurreikusi dute.

Ingurua eta zaborra
Aipatutakoaz gain, Eusko Jaurlaritzako 2025-2026 Natur Ondare laguntzetara aurkeztu da Enirio-Aralar Mankomunitatea hainbat proiekturekin. Horien artean, Salingain-Zotaleta inguruan 2 hektareako itxitura eta landaketa egitea, Igaratza eta Oiduiko larreetan 0,5 hektareako baso landaketak sustatzea eta Oiduiko leizea garbitzen jarraitzea.

Azken horretan, iaz kanpoko zaborra jasotzen aritu ziren, eta aurten barruko lanekin jarraitzea aurreikusten dute. Garbiketan, guztira, 400 kilo kristalezko botila, 100 kilo metal, 20 kilo plastiko, 25 kilo pila, 200 kilo errefusa eta 50 kilo amianto —baimenduko enpresa baten bitartez— atera dituzte.

Horrez gain, Etitzegiko txabola berritu eta 13,18 hektareako xehaketa lanak egin dituzte Gorokintxu, Esnaurreta, Intzentsao eta Oiduiko eremuetan; Malloetako 1.500 metroko itxitura berritu dute eta Elordiko harrapalekua ere egokitu dute.

Auzolana eta inbertsioak
Mankomunitateak nabarmendu du iaz 17 auzolan antolatu zituztela askotariko lanak gauzatzeko, eta horietan parte hartu zutela herritar, artzain zein elkarte ugarik. 

Dena dela, inbertsioak egiteko beharra ere nabarmendu dute: «Goilarre programaren arabera 211.000 euroko inbertsioa egin behar zuen aldundiak, eta 84.500 eurokoa mankomunitateak. Guk jarri genituen, baina aldundiak 86.000 euroko ekarpena egin du. Gurea bezalako erakunde txiki batentzat maila honetako kopurua jartzeak dakarren esfortzua azpimarratu nahiko genuke. Bi kopuru horiei, 2024an mankomunitateak jarritako 84.500 euroak gehitu eta horrela egin dira aipatutako lanak».

Azkenik, adierazi dute aurten ere lankidetza eta auzolana sustatzen jarraitzeko asmoa dutela, mendiko azpiegiturak eta ingurumena hobetzen jarraitzeko helburuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!