Berreskuratu egingo dituzte Tolosaldean garai batean jokatzen zituzten Eskola Kiroleko Olinpiadak. Tolosaldeko Eskola Kiroleko koordinatzaileek azaldu dute iraganean «oroitzapen bikainak» utzi zituztela jokoek, eta horiek berreskuratzeak helburu duela, besteak beste, «espiritu hori berreskuratzea» zein Eskola Kirolari «bultzada berria ematea».
Eskola Kiroleko Olinpiadak maiatzaren 30an jokatuko dituzte Tolosako Berazubi estadioaren inguruan, eta logo berria ere izango dute. Hain zuzen, gaur zabaldu da epea proposamenak aurkezteko, eta martxoaren 23ra arte egongo da zabalik aukera.
Ezaugarriak eta baldintzak
Ekimena berreskuratzearekin batera irudi ofiziala ere berrituko dute, eta logoa aukeratzeko lehiaketa jarri dute martxan, eskualdeko herritar guztien parte hartzea sustatzea helburu. Aipatutako epean, lan digitalak eskola.kirola.olinpiadak@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dira, PNG formatuan eta kalitate handian; eta, kontrara, eskuz egindako logoak ikastetxeko Eskola Kiroleko koordinatzaileari eman beharko zaizkio, hark epaimahaira helarazteko.
Koordinatzaileek azaldu dute irudi berriak hainbat baldintza bete beharko dituela, horien artean, lotura izatea Eskola Kirolarekin eta Olinpiaden espirituarekin; eta euskarri ezberdinetan —karteletan, kamisetetan...— erabiltzeko modukoa izatea. Diseinua, berriz, eskuz, ordenagailuz zein «bestelako baliabideak erabilita» egin daitekeela ere zehaztu dute.
Ekitaldia, maiatzaren amaieran
Maiatzaren 30ean jokatuko dituzte Eskola Kiroleko Olinpiadak, eta bertan parte hartuko dute kurtsoan zehar Eskola Kirolean aritu diren ikasleek. Egun horretan, hainbat diziplinatako finalak jokatuko dituzte, besteak beste, xakea, mahai-tenisa, soka-tira, oskol apustua, atletismoa, futbola, saskibaloia, eskubaloia eta esku pilota.
Finaletara iristeko, puntuak banatzeko sistema bat jarri dute martxan. Sistema horren bidez ikasturtean zehar Eskola Kirolean egindako jardunaldi eta parte-hartzeak sarituko dituzte. Horrela, kirol ezberdinak probatu eta Eskola Kiroleko agenda bete duten ikasleak izango dira finaletako parte-hartzaileak.