Martxoaren 8a iragartzeko bospasei jarduerako egitaraua elkarlanean antolatu dute hainbat eragilek. Otsailaren 27an izango dute lehen hitzordua, eta martxoaren 8an, azkena. Ekimenak Saiaz Mankomunitatea osatzen duten lau herrietan izango dira, hain zuzen, Albizturren, Bidania-Goiatzen, Beizaman eta Errezilen.
Egitarauan lehena Esne berriketan (Uxue Alberdi) liburuaren bertso saio musikatua izango da. Aipatu bezala, hilaren 27an egingo dute, Bidania-Goiazko udaletxeko areto nagusian, eta 18:00etan hasiko da. Haren ondotik, martxoaren 3an mahai ingurua egingo dute zaintzaren inguruko bizipenak elkarbanatzeko: «Zaintzaz hitz egin dezagun» izenburupean. 18:30ean izango da hori, Errezilgo eguneko zentroan.
Egitarau betea
Egun bat geroago, martxoaren 4an ihes gela [ingelesezko scape room] bat egingo dute mankomunitateko hiru eskoletako LH 5. eta 6. mailetako gaztetxekoekin. Bidania-Goiazko pilotalekuan egingo dute aipatutakoa, 10:45etik 12:45era. Oraingoan ere zaintza izango dute gai eta abiapuntu.
Azken aurreneko jarduera martxoaren 6an izango da, hain zuzen, mankomunitateko lau herrietako emakumeak biltzeko afari bat proposatu dute. Albizturko Ostatuan egingo dute otordua, eta martxoaren 3a baino lehen eman behar da izena 646 478 414 telefono zenbakian.
Azkenik, martxoaren 8an, 12:30ean egingo dute elkarretaratzea Bidania-Goiazko pilotalekuan; eta, segidan, pintxo potea ere izango dute. Aurrez aipatutako jarduerez gain, bideo bat osatu dute mankomunitateko zaintzaileen testigantzekin, eta lau herrietan zabalduko dute martxoaren 8a bitarte.
Jarduera guztiak elkarlanean antolatu dituzte Saiaz Mankomunitateak; Albizturko, Bidania-Goiazko, Beizamako zein Errezgilo Udalek; Hots Atsegin elkarteak; Matrakak emakume taldeak; Bidania-Goiazko liburutegiak; ikastetxeek eta Batu elkarteak.