Abisu horia ezarri dute

Ataria 2026ko otsailaren 14a

Ibarran euriak sortutako kaltea, gaur goizean.

Ez da giro gaur. Haizeak, euri zaparradek eta tarteka botatzen dituen kazkabar ekaitzek eragozpen ugari sortu dituzte. Tolosako inauterietako hainbat ekitaldi ere kolokan daude.

Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du gaur 15:00ak arte, eta Ibiur urtegia maila laranjan dagoela esan du. Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 orduan metro karratuko 60 litro ur baino gehiago pila daitezkeela esan du, eta litro kopuru handiena barnealdean pilatuko dela, hain zuzen, 60-80 l/m2 inguru. Barnealdean, gainera, elur kota 800 eta 1.000 metro artean kokatuko da, eta horregatik ere abisu horia ezarri dute 21:00ak arte.

Haize-lekuetan ere arreta berezia jartzeko ohartarazi dute: mendebal/ipar-mendebaldeko haize boladek haizeguneetan 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldean, eta bertan baliteke haize boladek 110 kilometro orduko abiadura ere gainditzea.

Eguraldiak Tolosako inauterietan ere izango du eragina: buruhandien eta erraldoien kalejira Ferialekuan egingo dute, musika bandak ere ohiko hitzordua aldatu eta Isabelita gunean eskainiko du emanaldia, eta baliteke arratsaldeko zenbait ekitaldi bertan behera geratzea, horien artean, haurren danborrada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!