Eskualdeko bertsolari talde onena zein den ebazteko norgehiagoka

Ataria 2026ko otsailaren 4a

Joan den asteburuan, Tolosak garaitu zuen Irura Anoeta. HARITUZ

Tolosaldean zortzi talde ari dira parte hartzen Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan. Kanporaketak jokatzen ari dira, eta martxoaren 27an izango da eskualdeko finala.

Martxan da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako lehen fasea eta, eskualdean, Alegian izango du hurrengo hitzordua. Etzi, hilaren 6an, Alegiako Gaztetxean izango da norgehiagoka, eta, 19:30ean hasita, aurrez aurre ariko dira alegiarrek osatutako bi talde: Boskatu eta Irazustabarrenegi.

Aipatutako lehen fase hori kanporaketa moduan ari dira jokatzen, hau da, norgehiagoka bakoitzean talde bakarrak jarraitzen du aurrera, eta aurrez aurrekorik galtzen ez duen taldea izango da eskualdeko txapelduna. Tolosaldean, guztira, zortzi talde osatu dituzte: Beasti, Oriako Iturria, Irura Anoeta, Tolosa, Boskatu, Irazustabarrenegi, Villa Amasa eta Aiztondo.

Lehen saioak
Urtarrilaren 23an jokatu zuten lehen norgehiagoka Berastegiko Urepele elkartean Beasti eta Oriako Iturria boskoteek. Lehia estu baten ondotik, puntu bakarreko aldeagatik gailendu zen Beasti taldea lehen faseko estreinako saioan.

Hori horrela, Oriako Iturria kanporatu eta finalaurrekorako txartela lortu zuten berastegiarrek. Eta hurrengo pausora begira, finalera pasatzeko lehian Tolosa boskotea izango dute aurrez aurre.

Hain zuzen, joan den asteko ostiralean lortu zuen finalerdietara pasatzea Tolosak, Irura Anoeta kanpoan utzita. Anoetako Gaztetxean jokatu zuten norgehiagoka, eta sei puntuko aldearekin gailendu zen tolosarren taldea.

Beste finalerdia, argitzeko
Beste finalerdira sailkatuko da, batetik, etzi Alegiako saioa irabazten duen taldea. Eta finalaurrekoa osatzeko falta den lehiakidea otsailaren 20an ebatziko dute, Villabonako saioan. Villa Amasa eta Aiztondo taldeak izango dira aurrez aurre, eta Aljibean egingo dute norgehiagoka, 19:00etatik aurrera.

Aipatutako finalerdiak noiz jokatuko dituzten ere iragarri dute: martxoaren 6an jokatuko dute lehena; eta 13an, berriz, bigarrena. 

Azkenik, eskualdeko talde onena zein den martxoaren 27an ebatziko dute, egun horretan jokatuko baitute finala Tolosan. Saioa Alondegian egingo dute, 19:00etan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!