Bidegorriak arauak betetzen dituela dio Jasangarritasun Departamenduak

Ataria 2026ko otsailaren 3a

Seinaleztapenari eta irisgarritasunari buruzko araudia betetzen duela eta Amasa-Villabonako EAJren baieztapenak faltsuak direla dio.

Amasa-Villabonako EAJk aste honetan salatu du Villabona eta Irura arteko bidegorriak segurtasun arazoak dituela. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduak gaur erantzun du esanez akusazioak faltsuak direla: «Bidegorriak indarrean dagoen legedia betetzen du, eta araudi tekniko eta legalaren arabera diseinatu, gauzatu eta baliozkotu da».

Zehaztapen gehiago ere eman ditu departamenduak: bidegorriak seinaleztapen horizontala du, zirkulazioaren trazadura eta noranzkoa markatzen duten lerro etenaren bidez, legedian eta Gipuzkoako foru-bidegorrien seinaleztapen gidan jaso bezala; eta, bestalde, eskaileretara sartu baino lehenago ikusmen desgaitasuna duten pertsonentzako ohartarazpen banda podotaktikoak ditu. Gainera, Jasangarritasun Departamenduak azaldu du eskailerak arauzko zabalera, aldapa eta diseinua betetzen dituela, eta irisgarritasun unibertsalaren araudia beteta, ezin dela elementu bertikal gehigarririk  –hala nola hesirik– jarri bertan.

Departamenduko arduradunek adierazi dute herritarren aldarrikapen historikoa izan den bidegorria zorroztasun teknikoz gauzatu dela eta azpiegitura bat dela, zeinak mugikortasun jasangarria hobetzen duen. Horregatik ez dute ulertzen azpiegitura «funtsik gabeko kritika politikoaren helburu bihurtzea». Are gehiago, ohar batean adierazi dute EAJk ez duela inoiz zalantzan jarri Bide Azpiegiturak eta Lurralde Estrategiako Departamenduak kudeatutako eta inolako seinalerik ez duen Andoaingo oinezkoentzako pasabidea, «antzeko ezaugarriak dituen hurbileko adibidea izan arren».

Herritarrei mugikortasun eta alternatiba jasangarri eta seguruak eskaintzeko lan egiten duela berretsi du Jasangarritasun Departamenduak: «Interes publikoa lehenesten jarraituko dugu, polemika antzuen gainetik, eta beti saiatuko gara herritarrentzako ahalik eta lasaitasun handiena indartzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!