Bi jardunaldiren faltan, Jaka-Iztueta eta Altuna III.aren garaipen garrantzitsuak

Ataria 2026ko otsailaren 2a

Binakako esku pilota txapelketaren lehen fasea amaitzear dago. Lehen eta azken postuak bakarrik daude erabakita. Hurrengo jardunaldian, eskualdeko hiru pilotarik elkarren aurka jokatuko dute.

Altuna III.a eta Ezkurdiak garaipen garrantzitsua lortu zuten atzo Gasteizen, Peña II-Imaz bikoteari 22-15 irabazita. Aurrelari tolosarrak Iñaki Artolaren lekuan jokatu zuen. Puntu horrekin, amezketarra eta arbizuarra sailkapen nagusian seigarren postuan finkatu dira. Azken bi partidak irabaziz gero, laugarren postura igo daitezke. Peña II-Imaz, aldiz, azken aurrena daude, eta txapelketan jarraitzeko azken bi partidak irabazi eta besteen emaitzen zain egon beharko dute. Hurrengo partida Tafallan jokatuko dute, txapelketatik at dauden Peio Etxeberria-Rezustaren aurka.

Hain zuzen ere, azken hauei Jaka-Iztuetak irabazi zien larunbatean, Idiazabalen, 22-12ko emaitzarekin. Garaipen horrekin, hurrengo faserako sailkapena eskura dute. Sailkapenean bosgarren daude sei punturekin, hau da, beheko zulotik bi puntura. Bigarren postua, berriz, puntu bakarrera daukate. Hurrengo jardunaldia Altuna III-Ezkurdiaren aurka jokatuko dute lizartzarrak eta tolosarrak, Bilbon.

Sailkapena
  1. Laso-Albisu 11 puntu.
  2. Elordi-Zabaleta 7 puntu.
  3. Zabala-Martija 7 puntu.
  4. Larrazabal-Mariezkurrena II.a 6 puntu.
  5. Jaka-Iztueta 6 puntu.
  6. Altuna III-Ezkurdia 5 puntu.
  7. Artola-Imaz 4 puntu.
  8. Etxeberria-Rezusta 2 puntu.

Bigarren mailan, eskualdeko hirurak bizirik

Ugartemendia alkizarrak garaipen garrantzitsua lortu zuen asteburuan, Senarrekin bikotea osatuz, Rekalde-Bikuñaren aurka. 22-16ko emaitzarekin lortu zuten txapelketako bosgarren garaipena. Oraindik hurrengo faserako sailkapena ez dute lortu, azken aurrekoak puntu kopuru berarekin baitaude. Hurrengo partida Tafallan jokatuko dute, Salaberria-Gaskueren aurka.

Gabirondo gazteluarrak txanponaren beste aldea ezagutu zuen atzo, 22-21 galduta. Garaipena eskuan izan zuten, baina Muruak arazo fisikoak izan zituen partidaren azken fasean, eta horri esker, Zubizarreta III-Arangurenek markagailua iraultzea lortu zuten. Hala eta guztiz ere, lehen fasea amaitzeko bi partidaren faltan, bigarren postuan daude Murua eta Gabirondo.

Jon Ander Peña lehen mailan ari denez jokatzen, Agirrek osatzen du Salaverria II.arekin bikotea. 22-10 galdu zuten asteburuan, Dario-Lozaren aurka.

Sailkapena
  1. Dario-Loza 10 puntu. 
  2. Murua-Gabirondo 8 puntu.
  3. Salaberria-Gaskue 7 puntu.
  4. Peña II-Salaverri II 7 puntu.
  5. Amiano-Eskiroz 5 puntu.
  6. Senar-Ugartemendia 5 puntu.
  7. Zubizarreta III-Aranguren 5 puntu.
  8. Rekalde-Bikuña puntu bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!