ELKARRIZKETA

«Ardura eta karga erabat gurea da, onerako eta txarrerako»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko otsailaren 1a

Arantxa Aburuza eta Irati Iturbe, haien haurrekin Zizurkilen. JOSU ARTUTXA

Aspalditik zuten Arantxa Aburuza Alkortak eta Irati Iturbe Mujikak haur bat izateko gogoa. Aburuzarenak hamar urte ditu; Iturberenak, berriz, hiru hilabete eskas. Bien iritziz, «beharrezkoa» zen dekretuak aurrera egitea, eta kontentu daude erakundeek emandako lehen urratsarekin; jada eskatu dute guraso bakarraren ziurtagiria.

Elkarrizketaren aurretik elkar ezagutzen ez zuten ama bakarrak dira Arantxa Aburuza Alkorta (Aduna, 1975) eta Irati Iturbe Mujika (Zizurkil, 1988); Zizurkilgo Joxe Arregi plazan ATARIArekin egindako hitzorduak batu ditu. Bakoitzak bere testuinguruan, haur bana izatea erabaki zuten. Aburuzak 2015ean izan zuen; Iturbek, berriz, iaz. Pozik daude ziurtagiriaren kontuarekin, baina kontziente dira oraindik aurrerapauso gehiago eman behar dituztela erakundeek. Ama Bakarren Elkartearen EAEko taldeko kide dira; ekintzetan parte hartzen dute, komunitatean, eta guraso bakar gehiagoren esperientzien berri izaten dute.

 

Zer dela eta erabaki zenuten edo zerk bultzatu zintuzteten haur bat eduki eta ama bakar izatera?

Arantxa Aburuza: Pentsatu nuelako heldu zela momentua. Ikusten nuen inguruko adinkide eta lagun gehienek haurrak zituztela, eta nik buruan bueltaka nuen ideia edo asmo hori; beti pentsatzen nuen noizbait ama izango nintzela. Aspalditik nuen gogoa haur bat izateko, baina beti uzten nuen beranduagorako. Halako batean, jabetu nintzen bakarrik egonda ere izan nezakeela, eta aurrera egiteko erabakia hartu nuen. Ginekologoaren kontsulta batean, hari aipatu nion nire nahia, eta gerora informazioa biltzen aritu nintzen. Gero, haurdun geratzea lortu nuen, eta asko poztu nintzen.

 

Irati Iturbe: «Azken urteetan, honakoa pentsatu izan dut: «Bikotekiderik gabe bizi naiteke, baina haurrik gabe ez»

Irati Iturbe: Nik beti oso argi izan dut ama izan nahi nuela, eta nire amets handiena izan da. Lotura handia izan dut umeekin; txikitatik zaindu izan ditut auzoko bizilagunen haurrak. Bikotekidearekin nengoenean ez zuen aurrera egin helburuak, eta azken urteetan, honakoa pentsatu izan dut: «Bikotekiderik gabe bizi naiteke, baina haurrik gabe ez».

Haur bat izatea ez da kotxe bat erostearen parekoa. Bost edo hamar urte barru, agian, auto bat erosi dezaket, baina nekez edukiko dut haur bat. Adinean aurrera nindoan, eta garbi nuen ama izan nahi nuela; hori bai, inoiz ez dut presiorik sentitu. Modu batera saiatu nintzen, baina ezin izan nuen, eta beti pentsatzen nuen modu batera ez bazen beste batera izango zela, eta horretan ahalegindu nintzen, eta azkenean lortu nuen.

Biek oso argi zenuten haur bat eduki nahi zenutela. Baina, erabaki erraza izan al zen ama bakar izatea?

Aburuza: Inguruan banituen emakume gehiago, bikotekiderik gabe zeudenak eta ama izan nahi zutenak. Behin baino gehiagotan esaten nien geldirik ez geratzeko. Prozesuarekin hasita nengoela adierazi nienean, nahikoa urduritzen ninduten; «dagoeneko haurdun al zaude?», galdetzen ninduten. Uneren batean pentsatu nuen hobe nuela isilik egotea. Askok pentsatuko dute erabakia hartzea eta haurdun geratzea prozesu erraza eta azkarra dela, baina ez da hala. Nik aurrera jarraitu nuen, baina badakit beste batzuk bidean geratu zirela.

Iturbe: Erabaki zaila izan da, eta aldi berean, erraza. Banekien nora heldu nahi nuen; hala ere, azken urteotan aldaketa asko egin ditut bizitzan, besteak beste, lan arlokoak eta ikasketei lotutakoak. Hezkuntza-ikasketak egin ditut, eta motibagarria izan da ama izateko, orain beste ikuspegi bat dudalako. Lanean, berriz, ordutegia aldatu dut. Hortaz, orain jabetu naiz aldaketa horiek ama izateko helburua lortzeko balio izan dutela. Hala ere, erabaki oso gogorra izan da, tartean, hamabi urtez lan berean aritu ondoren, aldatzea erabaki dudalako. Gainera, une honetan logistikoki eta ekonomikoki ditudan kezkak handiak dira, bakarrik nagoelako. Egoera bakoitza desberdina da, eta batzuek baliabide gehiago izango dituzte, baina ez da batere erraza.

 

Aburuza: Alaba eduki arte, bizitza nahiko okupatua zuen emakumea nintzen. Beti besteentzat denbora sakrifikatzen aritzen nintzen. Egun guztia horrela egotea ezinezkoa zen. Orduan heldu zen ama izateko ideia eta erabakia. Hasieran inguruko denak harrituta geratu ziren; inork ez zuen halakorik espero. Haurdun nengoela, eszedentzia hartu nuen lanean. Aurrerago, murrizketekin hasi nintzen lanean; denbora beste modu batera kudeatzen nuen orduan.

Ingurukoengandik babesa jaso zenuten ama izateko nahia helarazi zenietenean? Eta orain, laguntzen zaituztete?

Aburuza: Haurdun nengoenean, asko harritu ninduen halako erabaki bat hartu izanagatik adineko baserritarrek zoriontzeak. Garai hartan babes hori sentitzea izugarria izan zen. Gerora, senideek asko lagundu izan didate, batez ere ahizpek. Behar izan dudanean ere, gurasoen laguntza izan dut. Pandemian, adibidez, gogorra izan zen haurrarekin bakarrik egotea, eta zenbait herritarrekin sare ederra osatu genuen. Ni lanera eramaten ninduten edo norbaitek haurra zaintzen zuen.

Arantxa Aburuza: «Haurdun nengoenean, asko harritu ninduen erabakia hartu izanagatik adineko baserritarrek zoriontzeak»

Iturbe: Nik hasieratik jaso dut babesa. Ingurukoek bazekiten ama izatea nire betiko ametsa zela. Hortaz, asko poztu egin dira, eta niri ere transmititu didate poztasun edo ilusio hori. Ama naizenetik, lehenago kalean agurtzen ez nindutenek ere gelditu izan naute, zoriontzeko. Batzuek hordagoa bota dudala edo ausartegia izan naizela esan izan didate. Ni ez naiz kontsideratzen beste ama batzuk baino ausartagoa. Gauza bera da. Agian, erabakia hartzea zailagoa izan daiteke. Familian eta lagun artean uneoro sentitu naiz babestua. Herri txikietan, gainera, badago babes-sare bat. Esaterako, nik oraindik ez, baina haurra helduagoa denean, plazan utzi dezaket haren lagunekin, nik enkarguak egin bitartean horien gurasoek zaindu dezaten. Horrek xarma handia du.

Zuen kasuak desberdinak dira. Arantxa, zureak hamaika urte egingo ditu aurten. Irati, zureak hiru hilabete eskas ditu. Duela hamar urte, inguruko asko harritu egingo zen ama bakarra izateko erabakia hartu zenuenean. Gaur egun, akaso, ez horrenbeste…

Iturbe: Oraindik badira harritzen direnak. Haurdun nengoenean edo orain haurrarekin nagoenean, askok galdetzen didate ea nor den nire bikotekidea. Ez dut gaizki hartzen, iruditzen zaidalako oso zaila dela familia mota tradizionalaren eragina edo kutsadura guztiz ezabatzea. Guraso bakarreko familiona ez da gizartean errotuta dagoen familia mota bat, baina hamar urtean herritarron begirada aldatuko zen pixka bat.

Arantxa, zuen haurrak bi gurasoko familia asko ikusiko zituen inguruan. Erraza izan al da hasieratik guraso bakarra duela transmititzea?

Aburuza: Txikia zenean, beti azaltzen nion errealitatea. Berak lau urte zituen arte ez genuen ezagutu Ama Bakarren Elkartearen (MSPE) EAEko taldea, eta beraz, ordura arte ez zen jabetu bazirela guraso bakarreko familia gehiago; gerora, gehiago jabetu zen egoeraz. Pandemiaren aurretik ezagutu genituen bertako familiak, eta sare bat osatu genuen. Itxialdiaren garaian eta ondorengo hilabete eta urteetan oso lagungarriak izan ziren elkarri idatzitako mezuak.

Zuen egunerokotasunean zer suposatzen du ama bakar izateak?

Aburuza: Ardura eta karga erabat gurea da, onerako eta txarrerako. Guk hartzen ditugu erabaki guztiak.

Iturbe: Guk ez daukagu bikotekiderik, eta beraz, erabaki batzuk hartzerakoan ez dugu eztabaidarik izaten.

Aburuza: Hori bai, alderdi emozionalari begiratuta, ez daukagu laguntza edo babesik.

Iturbe: Egia esan, denbora gutxi daramat egunerokotasunean sortutako zailtasunez jabetzeko. Logistika aldetik izaten ditut konplexutasun handienak. Amarekin bizi naiz, eta eskerrak. Izan ere, bera makulu batekin ibiltzen da, eta hala ere, etxeko lanetan asko laguntzen nau. Baina, zenbait unetan, haurrak bere amaren besoak edo bularra nahi izaten ditu, eta ez beste inorenak. Etxean, askotan izaten dut haurra bularraldean jarrita, orain bezala. Etapa bat da, eta badakit pasatuko dela; dagoeneko barneratu dut, eta nahiko ondo daramat.

Bada beste ezaugarri bat, zailtasunak baino kezka sortzen duena: ekonomia. Esaten dutenez, haurra jaioberria denean ez da gastu handirik egiten; gerora, handiagoa izaten da. Arantxak hobeto jakingo du hori.

Arantxa Aburuza: «Susmoa daukat ekonomikoki gastu handiagoa izango dudala datozen urteetan»

Aburuza: Nik ere susmoa daukat ekonomikoki gastu handiagoa izango dudala datozen urteetan.

Iturbe: Ekonomikoki karga handia suposatzen du guraso bakarra izateak, etxean soldata bakarra sartzen delako. Haurraren gastuei, gainera, etxeko gastuak gehitu behar zaizkio.

Noizbait sumatu izan duzue bigarren gurasoaren falta?

Aburuza: Nik ez.

Iturbe: Gizarteak idealizatuta dauka bi gurasoko familien eredua. Nik eduki ditut bikotekideak, baina harreman osasuntsuko bikote gutxi daude. Gustatuko litzaidake harreman osasuntsu bat edukitzea. Falta sumatzen ote dudan? Bai, ezagutu dudalako. Ezagutu izan ez banu, ez nuke falta sumatuko. Aldi berean, oso garbi neukan nire helburua, eta horrekin egin dut aurrera.

Eskatu al duzue ziurtagiria?

Aburuza: Bai. Iruditzen zait baliagarria izango dela guraso bakarrei ikusgarritasun handiagoa emateko. Egoera edonolakoa dela ere, zure bizitza haurrenarekin batera aurrera eramatea ez da lan makala. Karga handia izaten dugu, eta eskertzekoa da gure egoera aitortzea. Ea gogoratzen diren ere familia ugariei ematen zaizkien laguntzetan ere guraso bakarreko familiak sartzea.

Irati Iturbe: «Erakundeek aitortu gaituzte; positiboa da hori. Hala ere, irudipena daukat informazioa falta dela»

 


Iturbe: Nik ere egin dut eskaera. Pertsonalki, gainera, Zizurkilgo alkateari beste eskaera bat egin diot: aurtengo aurrekontuen diru-partidarako, zergetan hobariren bat edo ematea. Guraso bakarren elkartean sartu nintzenean, esan zidaten udaletxean galdetzeko ea herrian guraso bakarrek laguntzarik ba ote genuen, eta ez dago halakorik. Erakundeek eman dute lehen urratsa, eta aitortu gaituzte; positiboa da hori. Hala ere, irudipena daukat informazioa falta dela; diru laguntza asko ditugula uste dugu, baina azalpenak ondo eman behar dituzte. Ondorioz, esperantza daukat aurrerantzean hobekuntza gehiago izango ditugula.

Aburuza: Dekretua garatzen denean izango dugu informazio gehiago.

Ama Bakarren Elkartearen EAEko taldeko kide zarete biak. Zertarako balio du?

Aburuza: Batetik, lehen esan dudan moduan, gure haurrek ikusteko badirela guraso bakarreko familia gehiago. Bestetik, gure taldean, behintzat, azpi-talde ugari daude, eta horietako batean ama bakar izatea pentsatzen ari diren zenbait emakume daude. Badira ere bigarren haurra edukitzea pentsatzen ari direnak. Horiei guztiei informazio- eta aholkularitza-zerbitzua ematen diete, eta oso baliagarria zaie.

Horrez gain, askotariko ekintzak egiten ditugu. Esaterako, hilean behin mendi irteera bat egiten dugu. Euskal Herriko mendietara joaten gara elkarrekin; duela gutxi, esaterako, Lekunberrira (Nafarroa). Kuadrilla edo komunitate erraldoia osatzen ari gara, eta aisiaz gozatzeko eta gainerako familiekin denbora partekatzeko esperientzia zoragarria izaten da. Bestetik, otsailean elurretara irteera antolatzen ari gara.

Iturbe: Ni sartu berria naiz, eta oraingoz ez dut elkartearen ekintzetan parte hartu, baina informazioa izateko eta laguntza jasotzeko zerbitzu baliagarria izaten ari da. WhatsApp talde bat daukagu, eta bertan izaten dugu guztiaren berri. Bigarren eskuko produktuen merkatu txiki bat ere egiten da, batez ere arropa eta jostailuak saltzeko, eta ekonomikoki kostuak murriztea suposatzen du zenbait gurasorentzat.

 

Oso ondo iruditzen zait egoera berdinean gauden gurasoen tribu moduko talde bat sortzea, informazioa partekatzeko, zenbait unetan faltan botatzen dugun laguntza morala izateko eta ekintzen bitartez sozializatzeko. Guraso bakar gehiago ezagutzen ari gara, eta egunerokoan izaten ditugun zailtasunak partekatzen ditugu elkarrekin; oso emankorra eta lasaigarria da. Egoera berdinean baina fase desberdinetan gauden pertsonak elkartzen gara, eta hori aberatsa da.

Aburuza: Sektore desberdinetako gurasoak gaude taldean, eta edozer galdera eginda ere beti dago erantzuten duen norbait.

Eskualde mailan baduzue talderik?

Aburuza: Gipuzkoa mailan badugu bat, baina Tolosaldean ez. Hemen guraso bakarrak ezagutzen ditugu, baina ez daukagu talderik osatuta. Aste Santuan Landetara joan ohi gara oporretan, eta bertan bat egin izan dugu Tolosaldeko eta Goierriko guraso bakar gehiagorekin.

Erlazionatuak

Erabaki konplexu bati, aitortza

Josu Artutxa Dorronsoro ots 01, 07:57 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!