Eusko Jaurlaritzak abenduan onartu zuen guraso bakarreko familien ziurtagiria arautzeko dekretua, 2025-2030 Familien V. Planaren barruan. Urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, eta familiek eskatu dezakete ziurtagiri edo akreditazio digitala. Dekretuaren helburua da guraso bakarreko familiei nortasun propioa eta araubide juridikoa ematea. Horrela, guraso bakarreko familien izaera aitortuko zaie, hau da, gainerako familia-ereduetatik bereizitako berezko estatusa izango dute. Horri esker, administrazio publikoan laguntzak eta onurak izateko aukera edukiko dute.
Guraso bakarreko familiak bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko zailtasun handienak dituzten familiak dira, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 21.000 daude. Bada, urtarrilaren lehenean, horietatik 225ek egin zuten eskaera Jaurlaritzaren erregistroan. Oraindik aukera dago eskaerak egiteko; aurrez aurre —Zuzenean herritarren arreta-zerbitzuaren hiriburuetako bulegoetan— nahiz online —Euskadi.eus webgunean— egin daiteke, eta onartutakoekin errolda ofizial bat egingo dute. Edozein zalantza argitzeko, helbide elektroniko hau jarri dute eskuragarri: gurasobakarra@euskadi.eus .
Jaurlaritzak guraso bakarreko familien bi eredu onartzen ditu: guraso bakar bat dutenak eta bi guraso dituztenak, baina familiaren ezaugarriengatik «guraso bakarreko familien egoeran» daudenak. Hau da, haurraren zaintza gurasoetako bakar batek izaten du, askotariko arrazoiengatik, hala nola, gurasoetako bati esleitutako zaintza kasuak, gurasoren batek etxea utzi izana edo genero-indarkeria. EAEko guraso bakarreko familien % 80 ama batek eta seme-alaba batek edo gehiagok osatzen du.
Ziurtagiria jaso eta gero, kasuan-kasuan dagokion sailak edo erakundeak ezarriko du familia bakoitzak zer onura izango dituen, bere jardun-eremuaren esparruan. Besteak beste, familia horiek aukera dute kontziliazioari lotutako laguntzak jasotzeko, bi gurasoko familiek jasotzen dituztenak baino % 30 handiagoak. Gainera, hazkuntzarako laguntzak eguneratutakoan, guraso bakarreko familiak eta familia ugariak parekatuko dituzte. Haurrak 7 urte bete arte, haur bakoitzeko ematen zaien 200 euroko diru laguntzaz gain, beste ehun euroko laguntza ere emango zaie guraso bakarreko familiei.
Baldintzak
Ziurtagiria eskuratzeko, zenbait baldintza bete behar dituzte familiek. Legezko bizileku eraginkorra frogatu behar dute eskabidea aurkezten duten unean, eta aitorpenak ondorioak dituen bitartean. Gainera, eskatzaileak EAEn erroldatuta egon beharko du, eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan gutxienez.
Bestetik, adinari erreparatuta, seme-alabek 21 urtetik behera eduki behar dituzte. Horietakoren bat lanpostu bat lortzeko ikasketa arautuak egiten ari bada, adin-muga hori 26 urtera arte luzatuko da. Seme-alabaren adina edozein dela ere, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa, mendekotasun handia, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia badute, guraso bakarra dela aitortuko da. Gainera, gurasoarekin bizi eta erroldatuta egon behar dute, eta ekonomikoki haren menpe egon.
21.000. Guraso bakarreko familiak EAEn
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan guraso bakarreko 21.000 familia daude. Horietatik % 80 ama batek eta seme-alaba batek edo gehiagok osatzen du. 225 familiak lehen egunean eskatu zuten ziurtagiria.
