Ostiral goizean Arkaute etxearen atarian lo egiten zuten pertsonak kanporatuak izan ziren. Etxebizitza Sindikatuak egoera salatu zuen, eta esan zuen euren gauzak kendu eta «inongo irtenbiderik gabe, negu betean kalea gorrian» utzi zituztela. Bada Tolosako Udalak argitu du bere eskura dituen baliabideak eskaini izan zaizkiela pertsona horiei; «batzuk gizarte zerbitzuekin harremanetan izan dira; beste zenbaitzuk baliabide horiek ez dituzte onartu. Esku hartzea egin aurretik, gizarte zerbitzuei, Abegiri eta SEFACI eman zitzaien esku hartzearen berri».
Udalak gehitu du bere baliabideak mugatuak direla, eta ez direla nahikoa kale egoeran dauden pertsona guztiak artatzeko, «ezta gizarte honen arazo handi bati irtenbidea emateko ere. Besteak beste, udalak gizarte larrialdiko laguntzak ematen ditu, eta Abegi arreta zerbitzua ere eskaintzen du». Azaldu duenez, gizarte zerbitzuetako baliabideak jaso ahal izateko, gizarte zerbitzuetako erabiltzaile izatea ezinbesteko baldintza da, hori eginda esku hartze prozesu bat hasi ahal da, eta kasu batzuetan, baldintza batzuk bete behar dira, «ez bakarrik udalak jarritakoak, baita gizarte zerbitzuen euskal sistemak ere». Hain zuzen, Espainiako migrazio politikako legediak baldintzatzen dituen baldintzak dira horiek. «Udalak bizitegi irtenbidea eman ahal izateko, eta eskatzaileen ibilbidea eta egoera ezagututa, esku hartze prozesu baten barruan bakarrik eskaini ahal du laguntza, udalak ez baitu nahikoa baliabide kale egoeran dagoen pertsona orori etxebizitza bat eskaintzeko. Eskaera oso altua izanik, eskaini ditzakeen etxebizitza mugatuak, bide horretatik besterik ezin ditu eskaini».
Elkarbizitza arazoak
Udalak, dena den, Arkaute etxean gertatutakoa testuinguru jakin batean kokatu du. Esan du, azkenaldian «elkarbizitza arazoak» sortu direla auzoan –lapurretak, liskarrak, emakumeen aurkako jazarpen kasuak…– eta auzotarren kexek ere gora egin dutela. «Bertan lotan zeudenetako batzuk sortu izan dituzte arazo horiek». Hala ere, azpimarratu du kalean bizi diren guztiek ez dituztela arazoak sortzen. «Kale gorrian egotea oso muturreko egoera da, eta tamalez, asko dira egoera horretan daudenak. Ez da estigmatizatu beharreko kolektibo bat: kalean bizi diren guztiek ez dituzte arazoak sortzen; denek ez dute delinkuentzia kasuekin lotura. Ez da, gainera, Tolosan bakarrik bizi egoera hau, Euskal Herrian eta Europan ere gertatzen ari da».
Horiek horrela, udalak bere esku dauden baliabideak bideratzen jarraituko du kaleko egoeran daudenei arreta ematen jarraitzeko, baita oinarrizko elkarbizitza bermatzen jarraitzeko ere. «Dena den, etxebizitzaren arazoari eta migratzaileen egoera erregularizatzeko zailtasunari, eskala handiagoetan irmoki esku hartzen ez den bitartean, udaletatik nekez eman ahal izango zaio irtenbide bat, herrian etxerik gabe dauden pertsona guztiei. Bazterkeria egoeran dauden pertsonen etxebizitza arazoa ezin baita gizarte zerbitzuetatik edota udal baten jabetzakoak diren etxebizitzak esleituz soilik konpondu».
«Biziraun ahal izateko zuten lekutik kanporatu dituzte»
Etxebizitza Sindikatuak kanporatzea salatu du, eta esan du etxerik ez duten pertsonek behar duten konponbidea etxebizitza bat eskuratzea dela, «baina egungo funtzionamendua bestelakoa dela ikus dezakegu». «Horren erakusle da Arkauten lo egiten zuten pertsonekin egin dutena; erabateko bazterketan bizitzera behartzera gutxi ez, eta biziraun ahal izateko zuten lekutik kanporatu dituzte».
Egoera horrek erakundeen funtzionamenduaren inguruko bi gauza uzten ditu agerian sindikatuaren arabera: «Lehena, etxebizitza eskubidea bermatzeko ezintasuna. Gero eta pertsona gehiago etxerik gabe aurkitzen baitira, eta, bigarrena, konponbideak ematetik urrun, egoera larriagotzeko duten papera, baita pertsona horien kriminalizazioan eta seinalamenduan sakontzekoa ere. Honek, etxebizitzarekin negozioa egiten duten horiek babestu eta proletalgoa erabateko miseriara kondenatzen duela erakusten du».