Harrera beroa izan du beste urte batez ATARIAk bertsoarekin duen urteroko zitak. Aurten ere ia sarrerak agortzeraino bete dute Leidor antzokia bertsozaleek, eta ATARIAren zein komunitatearen garrantzia nabarmenduz hasi du saioa Amaia Agirrek gai-jartzaileak.
Lehen agurretatik nabarmendu da giroa: gertukoa, konplizea eta, aldi berean, zorrotza. Jaialdiak gaurkotasunari estu helduta abiatu du bidea, eta nazioarteko testuinguru geopolitikoa izan dute gaitzat Sustrai Colinak eta Nerea Ibarzabalek. Paseoan zebiltzan bi lagunen azaletik abestu dute Trumpi eta Venezuelari buruz, eta nola umoretik hala kezkatik plazaratu dituzte hausnarrerako bertsoak.
Nazioartetik gai sozialetara, osasungintza izan da hurrengo gaia. Onintza Enbeita eta Maider Arregi ama-alaba bailiran aritu dira elkarrizketan, besteak beste, lan-baldintzen gogortasuna eta zaintzaren zama pertsonala gurutzatu diren bertsoetan. Lana eta sendia uztartzeko zailtasuna izan da, gutxi-asko, ariketako gai behinena.
Segidan tonua arindu eta umoretik aritu dira, kontrara, Andoni Egaña eta Xabat Illarregi. Ama anbulatoriora eraman du Egañak, eta odola emateko aukera zuela ikusita, egitea erabaki du. Kontsultara sartu bezala egin du zalantza, ordea, Illarregik medikuaren roletik. Bata bestea fin zirikatuz, barrerako gai izan dituzte adina, osasuna eta elikadura.
Emakume pentsiodunak, oholtzara
Une batez Agirreren jarduna osatu du Nekane Berriotxoak, Oneka euskal emakume pentsionisten plataformako kideak. Euren aldarrikapenak bakarka aritzeko gai bezala jarri dizkio Maider Arregiri, eta aldarriak bertsotan borobilduz aritu da Arregi.
Gai sakonetik, atzera, umorera egin dute jauzi ariketa aldatzearekin batera; eta esperimentu bat ere egin dute. Aitor Txarterina marrazkilari bat igo dute oholtzara, eta Egañak zein Ibarzabalek bertsotan deskribatu diote margotu beharreko irudia. Iruditik harago, berriz ere umorez eta zirikaz aritu dira bertsolariak elkarrekin zein marrazkilariarekin.
Ariketa berriaren ondotik, Xabiertxo liburuko pertsonaia igo dute oholtzara, eta lehen argitalpenaren mendeurrena abiapuntutzat hartuta bakarkako hausnarketan Colinak hizpide izan ditu, besteak beste, Francoren diktadura, euskara eta gaur egungo egoerarekiko kezka.
Onintza Enbeita umorearen eta hausnarketaren artean aritu da, berriz, Agirrek proposatutako bakarkakoan: Bizkaiko Bertsolari Txapelketan puntu erdi bategatik egin zion ihes txapelak, eta horixe izan du bertsotarako hizpide.
Saioak aurrera egin ahala, askotarikoak izan dira gaiak eta formatuak: Korrikaren bueltan bertsotan aritu dira Arregi, Egaña, Ibarzabal eta Illarregi; sagardotegi giroko parranda batean elkarrekin ligatzeaz Colina eta Enbeita; , Zegamako mendi maratoia egin zuenekoaz Egaña; San Anton eguneko mezara animaliak bedeinkatzera eramateaz Arregi, Colina Ibarzabal eta Illarregi; Aiara Agirrezabala futbol jokalariak propio bideo bat grabatu du saiorako, eta hortik abiatuta ere aritu dira Enbeita eta Egaña; eta bukatzeko, puntutan aritu dira Colina eta Illarregi. Ariketa guztietan agerian geratu da bertsolarien moldakortasuna, eta bat-batekoan aritzeko gaitasuna.
Amaierako agurretan eskerrak eta goraintziak tartekatu dira, eta publikoaren txalo artean itxi da saioa. ATARIAren hitzorduak beste urte batez erakutsi du bertsoa aparteko tresna dela komunitatea biltzeko, galderak sustatzeko eta hausnartzeko.