Sare Herritarraren Bilboko manifestaziora joateko deia

Ataria 2026ko urtarrilaren 5a

Sarek Bilbon egindako agerraldia. Iturria: Sare Herritarra

Salbuespenezko espetxe politikak oraindik indarrean daudela salatuko du Sare Herritarrak Bilboko manifestazio handian, urtarrilaren 10ean. Manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte.

Datorren larunbatean, urtarrilaren 10ean, Sare Herritarrak Bilbon mobilizazioa egingo du Ezin da gehiago luzatu lelopean. Euskal presoen «eskubideen urraketaren amaieraren aldeko aldarrikapen demokratikoa» egingo dute, eta manifestazioari hasiera emango dion pankarta «gizarte eta kirol arloetako pertsona erreferenteek» eramango dute, baita euskal presoen senitartekoek eta «gure herrian jasandako indarkeriek» eragindako biktimek ere. Bertan izango dira Arantxi Padilla kazetaria, Olatz Iglesias psikologoa eta senidea, Amaiur Iragi senidea, Rosa Rodero ETAren biktima, Eva Ferreira Harrera Elkarteko lehendakaria, Ixone Fernandez Estatuaren biktima, Fouad Baker legelari palestinarra, Garazi Hanch Embarek aktibista sahararra, Xabier Amuriza, Xabat Illarregi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak, Francis Diez abeslaria eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria.

Sare Herritarrak manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Autobusak antolatu dituzte bertaratzeko; Tolosako Amaiur eta Xirimiri tabernetan eman daiteke izena. Autobusak Santa Klaratik aterako dira 15:00etan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!