Tolosaldeko ospitale publikoa

«Ez dago bermatuta langileok aspalditik mahai gainean jarritako aldarrikapen bat bera ere»

Ataria 2025eko abenduaren 15a

Asuncion Klinikako enpresa batzordea gaur, Legebiltzarrean.

Asuncion Klinikako enpresa batzordea eta LAB eta ELA sindikatuak Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur.

Asuncion Klinikako langileek adierazi dute duela urtebete Eusko Legebiltzarrean izan zirela eta ordutik ezer gutxi aldatu dela. «Oraindik ere ez dugu gure etorkizunari buruzko ziurtasunik, eta beraz, Asuncion Klinikako langile eta Tolosaldeko herritar gisa egiten ditugun aldarrikapenek bere horretan diraute», esan dute.

Argitu dute ospitaleko 370 langileen ordezkari gisa joan direla legebiltzarrera, LAB eta ELA sindikatuen babesarekin. Azpimarratu dute Tolosaldea dela eskualdeko ospitalerik ez duen Gipuzkoako bakarra, eta promesa asko egin arren, oraindik ere ziurgabetasuna dela nagusi, «eta nazkatuta gaude». «Egungo egoerari begirada azkar bat emanez gero, ondorio garbi bat atera genezake: ez dago bermatuta langileok aspalditik mahai gainean jarritako aldarrikapen bat bera ere». Egin asmo duten ospitalearen plan funtzionalik ez dutela esan dute, eta, beraz, ez dakitela zer gertatuko den Asuncioneko instalazioekin, ospitale berriak zein zerbitzu izango dituen, Asuncioneko langileek bertan lanean jarraituko ote duten, edo Osasun Sailaren hitzarmenaren berri ere ez dutela, besteak beste.

Lan baldintzak

Beren lan baldintzei buruz ere aritu dira. «2024ko abenduan bukatu zen lan hitzarmenaren indarraldia, eta 2025eko apirilean hasi ginen negoziatzen. Hiru bilera egin ostean, mahaia erabat blokeatuta dago. 2024an eta 2025ean eros ahalmena galdu dugu, horrek gure bizkar gainean eragiten duen zama guztiarekin. Bitartean, enpresa, monopolio egoera batean kokaturik, badirudi Sailarekin bere hitzarmena ixten ari dela. Hitzarmena hiru urtekoa da, eta bi urtez luzatu daiteke. Badirudi, hori dela Asuncion Klinikari ematen zaion luzapena, hainbeste entzun dugun ospitale berria eraiki artean. Gero zer gertatuko den, inork ez daki, edo ez digute esan nahi». Egingo duten ospitalea erabat publikoa izatea nahi dute, eta baita zerbitzu guztiak izango dituen eskualdeko ospitale bat izatea ere. Baina horren bermerik ez dute, «besteak beste, OSI Donostialdeatik zintzilikatutako bereizmen handiko anbulatorio baten itxura duelako, eta ez dakigulako langileak subrogatuak izango diren ala ez».

Osasun sailburua

Osasun sailburuari hainbat bilera eskaera egin dizkiotela esan dute, eta hainbatetan erantzunik jaso gabe egon ostean, urrian izan zutela Alberto Martinezekin biltzeko aukera, «Tolosara egin zuen bira programatu baten bitartez». «Bilera horretan jaso genuen informazioa ez zen asko izan, eta gure harridurarako, beste bilera batzuetan beste batzuei kontatutakoarekin kontraesana zegoen. Diskrezioz eraman nahi omen dute gaia. Horrela kudeatzen omen dira halako gaiak. Diskrezioa baino gardentasun eza ikusten dugu guk, ordea. Eta erantzunik jaso ez dugun edota zalantza izugarriak ditugun hainbat galdera darabilzkigu buruan: Zergatik ezin da Onkologikoarekin gertatu den bezala langileen subrogazioa landu? Eman dizkiguten erantzunak ez ditugu ontzat ematen. Zergatik ezin da egungo Asuncion Klinika publifikatu, Onkologikoarekin egin bezala? Zer gertatuko da egungo klinikaren instalazioekin? Urte hauetan, diru publikoz, halako inbertsioak egin eta gero, zein izango da izango duen bizitza eta erabilera? Balizko ospitale berria OSI Donostialdean barnean kokatua egongo al da? Zer gertatuko da OSI Tolosaldearekin? Zein zerbitzu eskainiko ditu? Zenbat ohe izango ditu: 120, 90, 70, 60? Zenbat ebakuntza-gela: 4, 1, 3, 5? Larrialdi-zerbitzua izango al du? Zenbat langile beharko dira bertan?».

Langileen etorkizuna

Azken berriak kontuan hartuta, Asuncioneko 370 langileek ez dute «inolaz ere» bermatuta bertan lanean jarraitzea. Esan dute langile horietako asko urte luzez aritu direla eskualdeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen, «pribatizatuta egonik eta egoera eskasekin». Orain hilabete gutxi Donostiako Onkologikoko langileak subrogatuak izan direla gogoratu dute, eta beraiekin ere gauza bera egiteko eskatu dute. Azken urteetan Tolosaldeko osasungintza publiko eta kalitatezko baten alde mobilizazio ugari egin dituztela azpimarratu dute. Mobilizazio horiek jendetsuak izan direla esan dute, eta mobilizazio horietan egindako eskaerak gogoratu dituzte agerraldia bukatzeko: erabat publikoa izango den osasungintza Tolosaldearentzat, zerbitzu guztiak eskainiko dituen ospitalea, eta Asuncion Klinikako langileen subrogazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!