Tolosaldeko ospitale publikoa

EH Bilduk ohartarazi du Tolosaldeko ospitale berriak gaur egungoak baino zerbitzu txikiagoa eskain dezakeela

Ataria 2025eko abenduaren 15a

Pasa den irailaren 22an Asuncioneko langileek manifestazioa egin zuten Tolosan. N.R.A.

Legebiltzarreko EH Bildu taldeak gardentasuna eskatu du Tolosaldeko Plan Funtzionalaren lanketan, bai eta Asuncion Klinikako langileak kontuan hartzea ere.

EH Bilduk kezka agertu du Osasun Sailak proiektatutako Tolosaldeko ospitale berriak Asuncion Klinikak gaur egun eskaintzen dituenak baino zerbitzu murritzagoak izan ditzakeelako. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, komunikabideetan argitaratutako informazioaren arabera, «Osakidetza lantzen ari den zerbitzu sorta egungoa baino apalagoa» izango litzateke.

Uberak adierazpen horiek Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin ditu, Asuncion Klinikako langileen batzordeko hainbat ordezkari bertan zirela, EH Bilduk gonbidatuta. Testuinguru horretan, koalizioak gardentasuna eskatu du Tolosaldeko Plan Funtzionalaren lanketan, baita klinikako langileen iritzia eta egoera kontuan hartzea ere.

EH Bilduko ordezkariak gogorarazi du Osasun Sailak ez duela aurrerapausorik eman azken urtean Tolosako ospitale berriaren proiektua gauzatzeko, Plan Funtzionalaren eguneratzea oraindik amaitu gabe dagoelako. «Momentu klabe batean gaude, bidegurutze batean, eta ezinbestekoa da prozesu osoa gardentasunez egitea, etorkizuneko Tolosaldeko ESIak eskainiko duen zerbitzu publikoa adosteko», azaldu du, Tolosaldeak beste lurraldeek duten zerbitzu maila bera izan dezan.

Uberak gogora ekarri du EH Bilduk 2012az geroztik eskatu duela Tolosako Asuncion Klinikaren publifikazioa, kalitatezko osasun zerbitzu publikoa bermatzeko aukerarik egokiena dela iritzita. Izan ere, klinikak dagoeneko zerbitzu publikoa eskaintzen du Osakidetzarekin duen hitzarmenaren bidez. Horregatik, eztabaidagarria iruditzen zaio ospitale berri bat eraikitzea, eta logikoagoa ikusten du dagoen azpiegitura egokitzea eta berritzea.

Azkenik, EH Bilduk bermeak eskatu ditu Asuncion Klinikako langileentzat: «Medikuei eta erizainei ez zaie lana faltako, baina gainerako asko langabezian gera daitezke,eta hori saihesteko neurriak hartu beharko dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!