Tolosaldean gehiago dira adinekoak, gazteak baino

Aitor Arroyo Askarai 2025eko abenduaren 11

Baliarrain herriaren artxiboko irudia. E. MAIZ

Eskualdeko biztanleen talde ugariena helduek osatzen dute: 50.099tik 29.033. Proportzioan, Baliarrain da gazte gehien eta adineko gutxien dituen herria.

Eustatek jasotako datuen arabera Tolosaldean gehiago dira adinekoak, gazteak baino. Euskal Estatistika Erakundeak hiru adin tartetan banatuta aztertu du demografia: 0-19 urte artekoak (gazteak), 20 eta 64 urte artekoak (helduak), eta 65 urtetik gorakoak (adinekoak). Bada, eskualdean 9.897 biztanle zenbatu dituzte lehen tartean; 29.033, bigarrenean; eta 11.169, hirugarrenean.

Kopuru absolutuetan Tolosak ditu gazte zein adineko gehien —baita, alde handiz, biztanle gehien ere—. Datuak herri bakoitzaren populazioarekin alderatuta, aldiz, Baliarrain da gazte gehien eta adineko gutxien dituen herria.

 

Laurdena baino gehiago

Kopuru absolutuetan, Tolosak ditu gazte gehien: 3.807 biztanle 0 eta 19 urte artean. Proportzioan, ordea, aldatu egiten da hurrenkera. Baliarrain da gazteen ehuneko handiena duen herria: 51 biztanle dituzte lehen tarte horretan (biztanleria osoaren % 32,08). Eta haren atzetik dira Alkiza (95 gazte, herriko populazioaren % 27,46) eta Orendain (66 gazte, herriko biztanleriaren % 27,36).

Eta atzera kopuru absolutuetara begiratuta, gazte gutxien dituzten herriak dira, hurrenez hurren, Orexa (23 gazte), Gaztelu (42 gazte) eta Hernialde (49 gazte).

Adina gorabehera

Adinekoei dagokienez, berriz, kopuru absolutuei begiratuta Tolosak ditu gehien: 65 urtetik gorako 4.718 pertsona bizi dira bertan. Emaitza, ordea, ezberdina da proportzioari begiratuz gero: Ibarra da zaharrena 1.127 adinekorekin (biztanleriaren % 27,65); haren atzetik bigarrena da Hernialde 65 urtetik gorako 82 adinekorekin (herriaren % 25,39); eta Belauntza da hirugarrena adineko 75 biztanlerekin (populazioaren % 23,89).

Kontrara, kopuru absolutuetan adineko gutxien dituzten herriak dira Baliarrain (16 adineko), Orexa (20 adineko) eta Orendain (34 adineko). Eta, kasu honetan, errepikatu egiten dira emaitzak proportzioan ere, hain zuzen, Baliarrain baita eskualdean adineko gutxien dituen herria (biztanleriaren % 10,06), Orendain da bigarrena 34 adinekorekin (herriaren % 14,11) eta Aduna da hirugarrena adineko 75 biztanlerekin (populazioaren %20,20).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!