Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera iaztik hona 230 biztanle gehiago ditu Tolosaldeak, zehazki, 50.099 joan den urteko 49.869 pertsonen aldean. Kopuru absolutuetan Tolosa hazi da gehien (87 biztanle gehiago ditu aurten); proportzioan, ordea, Berrobik izan du hazkunde handiena 19 biztanle gehiagorekin: % 3,34. Kontrara, Asteasuk eta Irurak galdu dituzte biztanle gehien (11 bakoitzak), eta Elduainek izan du beherakada handiena (% 1,65) lau biztanle gutxiagorekin.
Hazkundeari dagokionez, aipatutako Tolosaz gain, Anoetak eta Villabonak egin dute gora gehien kopuru absolutuetan, hurrenez hurren 49 eta 31 biztanle gehiagorekin. Sailkapena aldatu egiten da, ordea, hazkunde erlatiboa begiratuz gero: proportzioan, Berrobik izan du hazkunde handiena: 19 biztanle gehitu ditu urtebetean, hots, % 3,34 gehiago. Haren atzetik Anoeta hazi da gehien (% 2,32); eta hurrengoak izan dira Aduna (% 2,22) 11 biztanle gehiagorekin; eta Amezketa ( %1,63) 15 gehiagorekin.
Zenbait beherakada
Beheraldiak ere izan dira, ordea, urtebeteko epe horretan. Kopuru absolutuetan, aurrez aipatu bezala, Asteasuk (-% 0,72) eta Irurak (-% 0,59) galdu dituzte biztanle gehien: 11. Bi horiekin batera Alegiak egin du behera gehien 7 biztanle gutxiagorekin (-% 0,38).
Proportzioan, berriz, Elduainen izan da beherakadarik handiena: lau biztanle gutxiago ditu, hau da, % 1,65eko galera. Haren atzetik Orexak galdu du gehien (-% 1) biztanle bat gutxiagorekin, eta beherakadan hirugarrena izan da Ikaztegieta urtebetean lau biztanle galduta (-% 0,81).
Gehienek gora
Kopuru absolutuei begira, guztira, eskualdeko hamazazpi herrik handitu dute biztanleria, hain zuzen, gorakadaren hurrenkeran: Tolosa (87), Anoeta (49), Villabona (31), Berrobi (19), Amezketa (15), Lizartza (14), Aduna (11), Zizurkil (9), Albiztur (5), Hernialde (5), Larraul (5), Altzo (4), Belauntza (4), Berastegi (3), Gaztelu (3), Leaburu (3) eta Ibarra (2).
Beherakada izan dute, aldiz, eskualdeko zortzi herrik, beheraldiaren hurrenkeran: Asteasu (11), Irura (11), Alegia (7), Bidania-Goiatz (4), Elduain (4), Ikaztegieta (4), Alkiza (2) eta Orexa (1).
Bestalde, biztanleria mantendu egin dute beste hiru herrik, zehazki, Abaltzisketak, Baliarrainek eta Orendainek.
Aipatutako datuak laburtzeko, eskualdeko mapa demografikoak joera mistoa izan du azken hamabi hilabeteetako emaitzetan: herri gehienetan gora egin du biztanleriak —horien artean, biztanleria handiena dutenak—, eta behera egin du, berriz, zortzi herritan. Biztanleria mantendu duten herriak gutxiengoa dira.