Errenta pertsonala pertsona fisiko batek urtean lortzen duen diru-sarrera multzoa da. Sarrera horiek askotarikoak izan daitezke, hala nola, lanaren ondoriozkoak (soldata), kapitalaren etekinak, jarduera ekonomikoak, edo diru laguntzak eta transferentziak (pentsioak, subsidioak, eta abar). Errenta hori erabiltzen da zerga sistemetan oinarria kalkulatzeko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, esaterako.
Kontsumo eta inbertsio ahalmenaren berri ematen du, eta baita pertsonek duten aurrezteko ahalmena ere. Horrek bizi kalitatearen inguruko informazio eman dezake. Hau da, errenta pertsonala da ahalmen ekonomikoaren, eta ondorioz, bere bizi mailaren adierazle garrantzitsuena.
Gipuzkoa, Bizkai, Araba eta Nafarroako 2023ko datuei erreparatuta Gipuzkoa da errenta pertsonal altuena duen lurraldea, eta, aldiz, Nafarroak du baxuena. Gipuzkoako errenta pertsonalaren batez bestekoa 19.616 eurokoa da, Nafarroa baino % 19,4 gehiago (16.423 euro). Plentzia-Mungia (Bizkaia) da banakako errenta altuena duen eskualdea (20.697 euro), eta Erriberak du (Nafarroa) baxuena (14.183 euro). Debagoiena, Plentzia-Mungia, Donostialdea eta Gorbeialdea dira 20.000 eurotik gorako errenta duten eskualde bakarrak.
Tolosaldeari dagokionez Gipuzkoako zazpi eskualdeetatik seigarrena da: 2023an 18.756 euroko errenta zuen. Debagoienak 20.495 eurokoa du eta Bidasoa Behereak 17.833 eurokoa.
Hemen ikus daiteke 2016, 2029, 2022 eta 2023 urteetako datuak eskualdez eskualde. Grafikoan ikusi daitekeen bezala, Tolosaldean ere igoera eman da; 2016an 14.354ko errenta zuen eta 2023an 18.756 eurokoa.