Azken urteetan, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) egon da martxan udalerrietan, eta hori betearazteko eta jarraipena egiteko ardura izan du Uema mankomunitateak. Aurten, ordea, hausnarketa prozesua egin dute herriek euskararen erabilera sustatzeko zein erronka dituzten aztertzeko, eta horren arabera Eusko Jaularitzaren Aroa marko berrira egokitutako hamar urteko plangintza berri bat diseinatzeko.
Udalek eta UEMAk elkarlanean egin dute lanketa herrietan. Maier Ugartemendia Uemako teknikariak azaldu bezala, «orain arte bildu ditugun datuetatik abiatuta eta UEMAren irizpideei jarraituta, batetik, txosten tekniko bat egin da, eta bestetik, herritarrei iritziak eskatu zaizkie». Azken horretarako bi bide erabili direla zehaztu du teknikariak: «Kasu batzuetan herritarrei galdetegi bat zabaldu zaie, bai paperean eta bai online, haien ikuspegitik herriko egoera zein den jakiteko eta aurrera begira non eragin beharko litzatekeen jakiteko, eta beste kasu batzuetan, galdetegi hori erabilita edo erabili gabe, parte hartze saiok egin dira herritarrekin».
Txostenean, berriz, plangintza berriaren gako garrantzitsuenak jaso dira: «Alde batetik, orain arteko egoeraren diagnostikoa, eta bestetik, herriko euskararen erabilera areagotzeko aurrera begira dituen erronkak eta landu beharreko ildoak eta ekintzak».
2024tik 2034a bitarteko plangintza ari dira egiten, eta horretarako, misioa, nahi estrategikoa eta ikuspegia jasotzen ditu. «Planaren misioa da herriko eragile publiko zein pribatu guztientzako marko eta bide orri bat eskaintzea datorren hamarkadarako, euskal hiztunak aktibatu eta ahalduntzeko nahiz euskararen komunitatea sendotzeko eta herri euskaldunago, justuago, ekitatiboago eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzeko», gaineratu du Ugartemendiak.
Herritarren parte hartzea
Dagoeneko eskualdeko herri askotan egin dituzte saioak; Alkizan galdetegiak banatu zituzten eta zirriborroa osatuta duten arren, onartzeko dago; Iruran, Anoetan eta Elduainen galdetegiak zabaldu eta parte hartze saioak egin zituzten, eta lehengo bi herrietan zirriborroa osatuta dagoen arren, onartzeko dago. Amezketa eta Lizartzan ere onartzeko dute, baina beste hainbat herritan estrategia plan berria onartua dute. Horiek dira Zizurkil, Tolosa, Orexa, Berrobi, Amasa-Villabona, Gaztelu, Asteasu, Ikaztegieta eta Alegia.
Gainontzeko herrietan lanean ari dira. Esaterako, Orendainen, Euskaraldiaren bueltan galdetegiak bete zituzten, eta gaur parte hartze saioa egingo dute 17:30ean.
Altzon, euskararen egoeraren berri jaso zuten hilaren 12an, eta galdetegia zabaldu dute herritarrek erantzuteko. Igandea bitarte izango dute galdetegia betetzeko aukera, eta datorren ostegunean egingo duten parte hartze saioan elkartuko dira herritarrak, 19:30ean, Aroa plana lantzeko.
Berastegiko herritarrek galdetegiak erantzun dituzte eta abenduaren 1ean parte hartze saioa egingo dute, 18:30ean, balio anitzeko gelan.
Baliarrain eta Bidania-Goiatzen ere galdetegiak erantzun dituzte, baina parte hartze saioa momentuz egin gabe dute. Eta Adunan, aste honetan egingo dute galdetegien banaketa etxez-etxe, eta abenduaren 17an parte hartze saioa izango da.