Euskararen egoerarekin kezkatuta daude Elduainen

Ataria 2025eko azaroaren 20a

29 herritarrek erantzun dute UEMA mankomunitateak zabaldutako galdetegia; Elduainen geroz eta giro erdaldunagoa dagoela sumatu dute.

Zer nolako osasuna du euskarak Elduainen? Egunerokoan nola bizi dute euskara hizkuntza elduaindarrek? Galdera horiek abiapuntu harturik, euskarak herrian bizi duen egoera aztertzen ari da Elduaingo Udala, Uemarekin elkarlanean. Horretarako, galdetegia prestatu eta herritarren artean zabaldu zuten, eta joan den astean jasotako emaitzak aurkeztu zituzten herritarren aurrean.

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) 2024an emandako datuen arabera, 250 herritar bizi dira Elduainen, eta horietatik 29k erantzun zuten galdetegia. Azken urteetan Elduainera bizitzera joan den herritarren profila erdalduna dela adierazi du Maite Bizkarrondo zinegotziak: «Azken urteetan estatutik kanpoko, eta baita estatuko erdal giroko jendea etorri da Elduainera bizitzera, eta egia da gehiengo horiek ez direla herriko ekintzetan integratzen». Elduainen euskaraz bizi diren herritarrak ere egoeraz jabetu direla aipatu du zinegotziak, «emaitzetan hala adierazi baitute; euskararen erabilera ahula dela diote zenbait arlotan». 

Galdetegi hori lagungarri izango da hemendik hamar urtera udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Uemak elkarlanean garatuko duten euskara sustatzeko Aroa Plana lantzeko. Bitartean, euskara eta kultura indartzen jarraituko dutela gaineratu du Bizkarrondok. Horren adibide da abenduaren 3an ospatuko duten Euskararen Eguna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!