ERREPORTAJEA

Urrezko ezteiak, musikariak hezten

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko azaroaren 2a

Isidro Larrañaga musika eskolak lokal berria du Ibarran. J.A.D.

Isidro Larrañaga Belokik 1975ean sortu zuen bere izena daraman musika eskola Tolosan; 50 urte bete ditu aurten. Zenbait urtez zuzendari izan zen Larrañaga, eta, ondoren, haren seme Isitxok hartu zuen ardura. Zuzendari izateaz gain, eskolak ematen zituen, baita haren anaia Jon Anderrek ere. Duela zortzi urte egin zuten bigarren eskualdaketa: Ander Zubillaga musikari tolosarra igaro zen zuzendari izatera.

Zuzendari izan aurretik, musika eskolako irakasle zen Zubillaga, kontserbatorioan goi-mailako ikasketak egiten ari zen bitartean. Duela hamar urte inguru iruditzen zitzaion gainbeheran zihoala eskola, eta berak proposatu zuen zuzendari izatea. «Musika eskolaz arduratzen ziren bitartean, musika emanaldietako soinuaz arduratzen den Molatu Produkzioak enpresako arduradunak ziren Isitxo eta Jon Ander, eta karga handia zen haientzat; energia-falta nabari nien guztia aurrera eramateko. Proposamena luzatu nien, eta begi onez ikusi zuten, baita Isidrok ere», azaldu du.

Ander Zubillaga musikari tolosarra da Isidro Larrañaga musika eskolako zuzendaria. J.A.D.

Lehen urtetik, zenbait aldaketa egin ditu Zubillagak: lokalak berritu, instrumentu berriak ikasteko aukera eskaini eta eskola barruan askotariko taldeak sortu. Ordura arte, akordeoi orkestra zen musika eskolako talde bakarra. Haren belaunaldian hutsune bat nabaritu zuela aitortu du: «Instrumentu bat ikasten genuen, baina bakarrik eta etxean jotzeko, eta pena handia sentitzen nuen. Nik nahi nuena zen ikasleek instrumentu bat ikastea, ikasle gehiagorekin batera jotzeko. Hori da musikak daukan gauzarik politena».

Horrela sortu zituzten konbo-taldeak. «Ikasleak motibatuta daude eta asko ikasten dute. Oso ondo funtzionatzen ari dira». 2023ko udazkenean, Zubiak diskoa argitaratu zuten Garena, Garigabeak eta The Konbix taldeek. Tarteka, gainera, emanaldiak egiten dituzte; gaur, adibidez, Orexako Kultur Hamabostaldiaren barruan, kontzertua egingo dute 22:00etan. Aipatutako hiru konbo-taldeak eta Diversity ariko dira.

 

Konbo-taldeek, ordea, akordeoi orkestraren lokala erabili behar izaten zuten entseguak egiteko. Zubillagak uste zuen arazo horrek konbo-taldeen hazkundea geldiarazi zezakeela. Hori dela eta, lokal berria erosi zuen Ibarran, Idoiaga plazako 9. zenbakian, eta ikasturte berria hastearekin batera inauguratu dute. «Helburua kabina handi bat jartzea zen, nahi genuenean entseatzeko. Orain, ikasleek gustuko dutena jotzea nahiko nuke, eta gozatzen duten bitartean ikastea».

Kasualitatez, lokal berrien irekierak bat egin du eskolaren 50. urteurrenarekin, eta ez da efemeride biribilean musika eskolak izan duen berritasun bakarra. Konbo-taldeez gain, talde mota berriak jarri dituzte martxan: txaranga, erromeria, bazkalosteko kantuetarako taldea eta pop-rock estilokoa.

300 ikasle, 14 aukera

Eskolaren lehen hamarkadetan, akordeoia eta gitarra irakasten zituzten. Beranduago, baxua, panderoa eta bateria gehitu zituzten eskaintzan. Akordeoiak indarra galdu ahala ikasle kopuruan ere gainbehera nabaritu zuten, baina beste instrumentu batzuetan ikasle gehiagok ematen zuten izena. «Gaur egun, oso ikasle gutxi ari da akordeoia ikasten. Isidroren esentzia mantentzeko jarraitzen dugu eskaintzen». Azken urteetan, garai berrietara egokitzen joan da eskola. Orain, bakarkako hamalau ikasgai eskaintzen dituzte eskolan: lehen aipatutakoez gain, trikitia, kantua, pianoa, ukelelea, saxofoia, tronpeta, tronboia, bonbardinoa eta etxeko estudioari buruzko ikasgaia.

Zubillagak nabarmendu du asko handitu dela ikasle kopurua, baita irakasleena ere. «Urtetik urtera geroz eta ikasle gehiago ditugu. Gaur egun, 18 irakasle eta 300 ikasle gaude eskolan. Instrumentu batetik besterako ikasle kopuruan badago aldea, baina ia denetan egin du gora ikasle kopuruak». Haizezko instrumentuetan nabaritu dute gorakada. Hori dela eta, aurten txaranga sortzea erabaki dute.

Eskolako zuzendariak aitortu du ikasle kopuruaren hazkundeak ez duela eraginik izan lokal berriaren erosketan. «Aspaldi nenbilen bila. Nire nahia beti izan da gogoa duen edonork taldean jotzeko aukera izatea». Oso gustura dago emaitzarekin. «Uste nuena baino politagoa da. Inbertsio ikaragarria egin behar izan dut, baina proiektuan sinesten dudalako. Irakasleek esan didate haientzat gozamen hutsa izaten ari dela hemen lan egitea».

Zubillagak gogora ekarri du zuzendari izan aurretik irakasle batek esan ziola irakasle onak edukitzea zela garrantzitsuena. «Hasieratik saiatu naiz hori lortzen, eta zorte handia izaten ari naiz. Talde izugarria dugu; maila handiko musikariak dira irakasleak. Une honetan, oso pozik nago eskolan daukagun kalitateagatik».

Familia baten oinordeko

Musikari tolosarrarentzat «ohore handia» da larrañagatarrek izandako ardurari jarraipena ematea, eta aldi berean, eskolaren 50. urteurrena ospatzea. «Hemen ikasi nuen musika, eta orkestran ere jotzen nuen. Gogoan dut txikitan Isitxok asko estimatzen ninduela, eta niretzat ia familiako parte izatearen pareko izan da; ordu ugari igaro ditut berarekin. Isidro bizirik egongo balitz, ziur naiz oso pozik egongo litzatekeela».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!