ELKARRIZKETA

«Konpromisoari esker kalitate handiko taldea daukagu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko azaroaren 2a

Isitxo Larrañaga Moreno. J.A.D.

Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak 45 urte bete ditu aurten, eta kontzertu berezia egingo du, azaroaren 7an, Leidorren; taldearen sortzailea omenduko dute. Goraipatzeko moduko ibilbidea izan du: nazioarteko jaialdi entzutetsuenetan aritu da eta sari ugari irabazi ditu. Isitxo Larrañaga Morenok orkestraren ibilbidearen errepasoa egin du.

Isitxo Larrañaga Morenok (Tolosa, 1960) aitaren erreleboa hartu zuen, izen bera daraman orkestra zuzentzeko. Gogoratu ere ez da egiten noiz hasi zen orkestra zuzentzen; hala ere, ez dirudi erretiroa hartzeko asmoa duenik. Taldeak azken hamarkadetan izan duen bilakaeraz hitz egin du, eta, batez ere, azken urteetan orkestrako musikariek izandako konpromiso handia nabarmendu du. 45 urte bete ditu orkestrak, eta efemeridea ospatzeko, kontzertua egingo dute azaroaren 7an Leidorren. Gonbidatu bereziak izango dira, eta Isidro Larrañaga Beloki orkestraren sortzailea omenduko dute.

Nola definituko zenuke Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra?

Familia bat gara. Bakoitzak gure lagun kuadrilla daukagu, baina orkestra beste kuadrilla bat da; beti izan gara hala. Kontzertuen aurretik eta ondoren eroso egoteko eta lasaitasunez hitz egiteko aukera ematen duen taldea daukagu. Sentimendu handia daukagu orkestrarekiko.

1980an sortu zuen zure aitak.

Garai hartan indar handia zuen akordeoiak. Ikasleokin talde bat osatu eta zerbait erraza egiteko aukera ikusi zuen: kalejirak, fandangoak... Taldea prestatu zuen, eta kasualitatez, urrian, Kilometroak jaia ospatu zen Tolosan. Aurreko urtean entseguak egiten hasi ginen, eta Kilometroetan egin genuen lehen irteera. Gero, taldea berotu egin zen, baita aita ere; ilusio handia nabari zen, eta entseguekin jarraitu genuen.

Zu ere orkestrako kide zinen?

Kontserbatorioan akordeoi ikasketak egiten ari nintzen urte hartan. Aitarekin hasi nintzen akordeoia jotzen ikasten, baina solfeoa ikasteko fundamentu gutxi izaten genuen etxean. Azkenean, Jose Antonio Ruiz Bonarekin egin nuen solfeoa eta armonia musika eskolan. Asko ikasi nuen, maisu handia zelako. Gero, kontserbatoriora joan nintzen. 20 urte nituen orkestra sortu zenean, eta bitartean, eskolak ematen laguntzen nion aitari, bere akademian.

Zer oroitzapen dituzu lehen urteez?

Oso gazteak ginen eta ilusio eta gogo handia genuen. Bagenekien gai ginela gauza asko aurrera ateratzeko. Baina, orduan ez zeuden partitura asko akordeoi orkestrarako, eta lortzea ere zaila zen; ez zegoen orain adina erraztasun. Aita jabetu zen Alemanian bazirela zenbait transkripzio eta moldaketa, eta horietako batzuk lortu zituen. Gaur egun ia edozein transkripzio edo moldaketa lortu daiteke.

Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrako musikariak, pasa den ostiralean, kontzerturako entseatzen. J.A.D.

Lehen urteetan orkestrako kide gehienak erdi mailako ikasketak egiten ari ziren; beste batzuk, berriz, goi mailakoak. Hori dela eta, kalitate handiko taldea genuen. Kalean jotzeko lotsa eta beldurra galtzeko aukera ere eman zigun orkestrak, eta maila goreneko obrak jotzen genituen; ikasketetan laguntzeko baliagarria izan zen hori.

Bestetik, gogoan dut Eusko Jaurlaritzak Herriz herri diru laguntzen programa sortu zuela. Euskal Herrian orkestra eta abesbatza gutxi geunden, baina aukera handia izan genuen jaialdi askotan parte hartzeko eta kontzertuak egiteko. Ondorioz, taldea sortu eta berehala, oso momentu onak bizitzen ari ginen.

1987an ikasle orkestra sortu zenuten 9 eta 15 urte bitarteko haurrekin, eta zu zinen zuzendari. Zer izan zen?

Gaur egun zenbait kiroletan izaten dira harrobiko taldeak. Bada, harrobiko talde bat zen. Akordeoiak indar handia zuen eta gazte asko genituen musika eskolan. Gainera, orkestran kide asko ginen, eta maila oso ona genuen. Hortaz, gazteak motibatzeko ikasle orkestra sortzea erabaki genuen; orkestra nagusian aritzeko aukera zutela ikusten zuten. Oso ondo funtzionatu zuen, eta zenbait bidaia egin genituen. Esperientzia aberasgarria izan zen.

Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere aritu zineten.

Aitak bazekien orkestrak maila ona zuela, baina hemen soilik aritzen ginen. Buruan bueltaka zuen kanpora bidaiatu eta nazioarteko jaialdietan kontzertuak egiteko ideia. Jakitun zen lehiaketak egiten zirela, eta orkestrak haietan parte hartzea nahi zuen, hemendik kanpo zer harrera zuen jakiteko.

Horrela, 1989an, Mutzigen (Frantzia) egindako XVI Acordion International Grand Prix lehiaketan parte hartu genuen. Besterik gabe joan ginen, eta lehen saria eta urrezko domina lortu genituen; sekulakoa izan zen. Oso garrantzitsua izan zen orkestrarentzat, bai kanpora begira, baita taldekideen motibazio-maila areagotzeko ere. Gerora, gorakada nabaritu genuen, kalitatean eta kontzertuak egiteko eskaintzan.

1997an Bischwillerren (Frantzia) eta 2000n Genevan (Suitza) egin ziren lehiaketaren edizioetan ere parte hartu genuen. Lehenean, bi orkestrak aritu ginen, eta zilarrezko domina bana eskuratu genuen. Suitzakoan, berriz, orkestra nagusia soilik aritu zen, eta urrezko domina lortu genuen. Garai hartan asko bidaiatu genuen, eta Europako herrialde gehiagotan egin genituen kontzertuak. Ospea lortu genuen, eta ezagunak ginen nazioartean.

Akordeoiak hemen indarra zuela esan duzu. Eta Europako herrialde horietan?

Handiagoa, besteak beste, Frantzian, Alemanian eta Suitzan. Han indarra dauka oraindik; hemen, ordea, asko jaitsi da.

«Gaur egungo gazteek ez dute sufritu nahi musika instrumentu bat jotzen ikasteko»

Zergatik?

Modagatik eta beste modu batera bizi garelako. Gaur egungo gazteek ez dute sufritu nahi musika instrumentu bat jotzen ikasteko. Haientzat pentsaezina da egunero instrumentu bat ordubete jotzen aritzea. Ez daude horretarako prest. Lehen, etxean babesa eta laguntza jasotzen zuten gazteek. Gaur egun, botoi bat sakatuta dena eginda izaten dute, eta ez dute saiakerarik egin beharrik. Pena handia sentitzen dut, atzeraka goazelako.

80ko hamarkadan, telebistan ere izan zen orkestra, besteak beste, ETB-n eta RTVE-n.

Oso bitxia izan zen. Gure izena zabaldu zenean, magazin formatuko programetatik deitu gintuzten, saio txikiak egiteko. Programa garrantzitsuetan parte hartu genuen eta esperientzia ederra izan zen, oso aberasgarria. Gogoan dut Madrilera joaten ginela hiruzpalau egun igarotzera.

Garrantzitsua izango da bidaiak egitea lehen aipatu duzun kuadrilla izaera hori indartzeko, ezta?

Asko laguntzen dute bidaiek. Horregatik dago gaur egun taldekideen artean dagoen harremana. Oso indartuta dago orkestra.

Eta, batez ere, adin desberdinetako kideen artean.

Bai. Gainera, hori lortzea oso zaila da edozein taldetan. Beteranoenek asko lagundu dute horretan, eta gazteentzat erraza izaten da harreman berriak sortzea. Hori oso polita da.

45 urtetan nolako bilakaera izan du orkestrak?

Lehen hamarkadetan, kide batzuek orkestra uzten zuten bitartean, berriak sartzen ziren. Gerora, errelebo aldaketa hori ez zen eman, eta kide batzuek orkestra utzi bazuten ere, ez zegoen inor taldean sartzeko. Halako batean, gaur egun gaudenak gelditu ginen. Talde polita daukagu oraindik, ia 25 lagunekoa. Ia ez dago gazte berririk orkestran sartzeko, baina, zorionez, gaur egungo kideek ez daukate uzteko asmorik. Orkestraren etorkizunari buruz galdetzen didatenean, argi daukat etorkizuna gaur egungo taldea dela, ez beste ezer. Haiek «nahikoa egin dugu» esaten dutenean, orkestra amaitu egingo da, historia handiarekin, eta oso pozik.

Ilusio handia ikusten dut taldean. Kide asko ezkonduta daude, eta haurrak dituzte. Horrek sekulako karga suposatzen du, eta hala ere, entseguetara eta kontzertuetara joaten dira. Orkestra bera ere beste etapa bat bizitzen ari da. Gaur egun taldekideei ez diet ikasteko esan beharrik, harritzekoa delako duten konpromisoa. Harrotasun handia sentitzen dut. Taldekideek duten kezka bakarra denbora da, eta hala ere, ostiralero entseatzeko ohitura eta gogoa mantentzen dute. Hori goraipatzekoa da.

Duela gutxi Galiziatik deitu digute, martxoan bi kontzertu egitera joateko, gastu guztiak ordainduta. Aho zabalik gelditu nintzen. Inoiz ez dugu halako aukerarik izan, eta gaur egun halakorik ia ez da izaten. Zerbait ona egiten ari garen seinale da. Askok, familia izan arren, haurrak hartuta egingo dute bidaia.

Gogoan duzu noiz hasi zinen orkestra zuzentzen?

Egia esan, ez.

Eta nola jaso zenuen erreleboa aitarengandik?

Naturalki izan zen. Akordeoia jotzeari uzteko momentua heldu zitzaion, baita irakasle izateari uztekoa ere, eta aldi berean, orkestrako zuzendaritza utzi zuen. Ni orkestrako kide nintzenez, oso erraza izan zen. Bizitza osoa eman dut taldean. Orduan, ikasle orkestra desagertu zen, eta bi taldeak bateratu genituen.

Zer lan izaten dituzu orkestran?

Aspalditik, orkestrako kide batzuen artean banatzen ditugu lanak: urteko egutegia antolatu, kontzertuetarako programak prestatu eta entseguak aurrera eraman. Kontzertuetarako obrak proposatzeko aukera ere izaten dute taldekideek. Bidaia bat egitea suertatzen bada, hori ere kudeatu behar izaten da, tartean, instrumentuen garraioa. Eta azaroko kontzertu bereziaren kasuan, denbora luzez aritu gara emanaldi hori antolatzen, batez ere, nola egingo genuen pentsatzen eta zehazten, eta zer obra joko dugun erabakitzen. Zabalpena ere garrantzitsua izaten ari da.

Zer ezaugarri nabarmenduko zenuke orkestratik?

Taldekideen konpromisoa, zalantzarik gabe. Gaur egun abiadura handian bizi gara, eta bolada txarreko momentu asko izaten ditu bakoitzak. Bada, taldekideek aurre egiten diete egoera horiei, eta lan handia egiten dute taldea aurrera ateratzeko. Eta talde batek urte luzez bizirauteko ezinbestekoa da konpromiso hori mantentzea. Konpromisoari esker, kalitate handiko taldea daukagu, eta zailtasun handiko obrak jotzeko gai gara; halako obrak entzutean poz handia sentitzen dut. Orkestrako musikariek ez dute sufritzen; gozatu egiten dute.

Ez da batere erraza talde batek horrenbeste urtez bizirautea. Ez dut uste herrian urte luzez dirauten kultur- eta musika-talde asko daudenik. Udaberri eta Hodeiertz etortzen zaizkit burura. Horrelako talde bat indarrez sortzen da, baina oso zaila da irautea. Atzetik inork eusten ez badio, hasierako ilusioak behera egiten du; lan handia da mantentzea.

Zer da errazena eta zailena orkestra zuzentzerako orduan?

Dudan taldearekin dena da erraza. Askotan, talde guztietan bezala, zuzendariak bere tokian jarri behar ditu taldekideak; beti txantxetarako gogoz egonez gero, ezinezkoa litzateke entseguak aurrera ateratzea. Harreman ona dugu, baina zenbait momentutan serio jarri behar izaten dut. Hori bai, momentu horietan oso ondo erantzuten dute taldekideek eta esanak betetzen dituzte.

Zailena, berriz, ostiral arratsaldeetan entsegua egiteko elkartzen garen momentua. Badakit askok esfortzu handia egin behar izaten dutela, lagunekin egotetik, haurrak zaintzetik edo lantokitik datozelako. Inoiz ez gara hitzartutako orduan hasten, batzuk beranduago heltzen direlako. Eta entseguak hastea oso zaila izaten da, zenbaitek lehen minutuetan oraindik buruan izaten dituztelako orkestratik kanpoko arazo edo buruhausteak. Behin lehen notak jo ondoren, guztia errazagoa izaten da.

Zer prestatu duzue azaroaren 7ko emanaldirako?

Orkestraren 45. urteurrena ospatzeko kontzertua izango da. 25. eta 35. urteurrenak ere ospatu genituen. Badakit ez direla urteurren biribilak, baina aurreko bi ospakizunak gogo eta ilusio handiarekin prestatu genituen, eta aurten ere berdin sentitzen ginen. Horrez gain, aitari aitortza egingo diogu. Ekitaldi berezia izango da, orkestraren sortzailea omenduko dugulako.

Gaur egungo orkestrako kideak ez ezik, kide ohiak ere ariko dira. Zer moduzko erantzuna izan du deialdiak?

Zaila izan da. Garai bateko kideekin genuen harremana galduta genuen, edo, zenbaiten kasuan, ez genuen kontakturik. Orkestra barruko talde batek lan handia egin du, eta ia guztiekin hitz egitea lortu du. Hurrengo baterako, badaukagu kontaktu guztien zerrenda bat. Hala ere, askok ezezkoa esan dute, dagoeneko akordeoirik ez daukatelako. Beste batzuek, berriz, akordeoia ganbaratik hartu ondoren, hautsa kendu diote, eta entseguetara etorri dira. Zirrara handia sentitu dute berriro orkestrarekin jotzean. Bi abesti joko ditugu guztiok elkarrekin. Oro har, erantzuna oso ona izan dela esango nuke. Izan ere, kide ohi askok gurekin joko ez badute ere, kontzertua ikustera joango dira, eta gehienak gero egingo dugun festa txikian ere egongo dira.

Zer obra joko dituzue kontzertuan?

Isitxo eta Isidro Larrañaga, 2015ean, taldearen 35. urteurrenaren ospakizun kontzertuan. MIKEL IRAOLA

Zenbait zati izango ditu. Batetik, orkestrak nazioarteko lehiaketetan egindako ibilbidea islatuko duten obrak interpretatuko ditugu. Bestetik, aitak obra herrikoien alde egin zuen lanagatik, hark jotzen zuen fandango bat joko dugu: Pozik. Xabi Zubeldiak egin du moldaketa. Horrez gain, aitarekin inauterietan kalera jotzera ateratzen ginenez, Joxe Mendizabalek sortu eta moldatutako Eronera habanera joko dugu. Aitak, abesti herrikoiez gain, zenbait estilo jorratzen zituen, eta, besteak beste, bi tango egin zituen, askotan jotzen zituenak. Horietako batek Isidro izena du. Horiek joko ditugu eta bikote batek dantza egingo du. Azkenik, Iñar Sastrek aitaren omenez, kontzertu honetarako sortu duen Larrañaga zortzikoa ere joko dugu. Sorpresa gehiago egongo dira, baina ezin ditut guztiak kontatu. Jakin nahi duena kontzertua ikustera joan dadila.

Nolakoa zen aita?

Musikari oso ona zen, eta akordeoi zale amorratua. Gaztetxoa nintzenean ia egunero joaten zen Donostiara, han bazirelako zuzeneko musika saioak antolatzen zituzten zenbait taberna eta areto, eta haietan akordeoia jotzen aritzen zen. Goi mailako orkestrekin parte hartzen zuen.

Paper-fabrika batean egiten zuen lana, baina musikara jo zuen azkenean. Lehenik, etxean hasi zen eskolak ematen. Ikasle gehienak garai hartako trikitilari entzutetsuak ziren, punta-puntakoak: Eleuterio Tapia, Laja, Martin… Argi zuen musikatik bizi nahi zuela, baina familia bat zuen, eta garai hartan pentsaezina zen akordeoia joz soilik bizitza aurrera ateratzea.

 

«Aita oso irakasle ona zen, pazientzia handikoa, eta erakusten zekiena»

1975ean pauso handia eman zuen. Lana utzi, herrian lokal bat erosi, eta akademia bat ireki zuen, bertan eskolak emateko. Horrela sortu zuen Isidro Larrañaga Musika Eskola. Erabaki ausarta izan zen, baina oso ziur zegoen, eta azkenean, asmatu egin zuen. Izan ere, urteen poderioz, argi geratu da oso irakasle ona zela, pazientzia handikoa, eta erakusten zekiena. Gerora goi mailakoak izan diren musikari asko izan zituen ikasle.

Aurten, musika eskolak 50 urte bete ditu. Zu zuzendari izan zara zenbait urtez. Zer suposatzen du urteurren bereziak zuretzat?

Harro egotekoa da. Irakasle urte asko daramatzazunean, indarra galtzen joaten zara. Eskolak, ordea, bilakaera oso ona izan du; azken hamarkadetan instrumentu berriak ikasteko aukera izan da, irakasle berriei esker. Orain Ander Zubillaga da zuzendaria, eta oso argi daukat esku onetan dagoela eskola. Gogo eta ilusio handia dauka, musikari oso ona da eta langile oso saiatua. Beti nahi du onena eskolarentzat. Gainera, ikasleak motibatzen daki; hori oso garrantzitsua da, baina, aldi berean, oso zaila.

Gaur egun osasuntsu al daude orkestra eta musika eskola?

Musika eskola oso osasuntsu dago. Orkestra, nik uste nuena baino hobeto dago, bai giroari dagokionez, baita kalitateari erreparatuta ere. Zenbait urtetan uste nuen pikutara joango zela, baina, une honetan, ikusten eta sentitzen dudanagatik, argi daukat gauzak ondo egiteko gogo eta ilusio handia dagoela taldean.

Motzean

 

Zenbat instrumentu dituzu etxean?

Guztira, zazpi, baina nireak, bost: akordeoia, tronpeta, bonbardinoa, tuba eta helikoia. Nire semeak gitarra eta tronboia dauzka. Teklatu bat ere bagenuen, baina beste semeak eraman zuen.

Eta zenbat dakizkizu jotzen?

Bost, nireak direnak.

Akordeoia ez den instrumentu bat?

Bonbardinoa. Oso aberatsa dela esango nuke.

Akordeoi orkestrarako obra bat?

Asko daude. Une honetan, Hungariar Rapsodia.

Akordeoia jotzeko eguneko unerik onena?

Arratsaldea. Eguna lanean pasa ondoren, ederra da musika jotzen aritzea. Berdin du hamar minutuz edo ordu eta erdiz, baina deskonektatzeko beharrezkoa da.

Eta leku onena?

Nahi duzun tokian, baina bakarrik.

Musikaria ez bazina...

Auskalo! Orain ezin dut horretan pentsatu. Ziurrenik kulturari lotuta lan egingo nuke.

 

Erlazionatuak

Urrezko ezteiak, musikariak hezten

Josu Artutxa Dorronsoro aza 02 Ibarra   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!