Testuinguruan egin du azpimarra Iturriozek. Frankismoa oraindik bizirik zirauen, baina bestelako haizeak zebiltzan munduan: 68ko maiatza, Hegoaldeko Amerikako hainbat herrialdetako iraultzak, AEBetan Woodstock jaialdia... «Giro horrek eraginda joan zen jendea hara. Gazte asko bildu zen festa egiteko gogoz, gaupasarako asmotan, eta gaztea dagoen tokian badakigu haiek zer izaten duten buruan, ardoa edatea eta ahal bada ligatzea. Baina hortik aparte ez zen aparteko ezer gertatu; han egon zirenei galdetuta denek esaten dizute behe lainoa eta hotza latza Izan zirela, besterik ez».
Bestelakoak zabaldu ziren, ordea, garaiko prentsa kontserbadorean. Larraizko kontzertu hura «orgia» bat izan zela idatzi zuten, «akelarre» bat. Modu horretara dimentsionatu nahi izan zuten jaialdia. «Errudun bat behar zuten askatasun egarriz zeuden gazte haiek diziplinatzeko. Aitzakia bezala erabili zuten gazteak, kontzertu mota horiek eta baita euskal kultura bera ere bezatzeko», nabarmendu du Iturriozek.
«Konjurua» hautsi nahian, Enarak taldeak azken kontzertua eman zuten tokian, Larraitzen bertan, emanaldia antolatu zuten 2023ko maiatzaren 21ean. Enarak-ek berak beste hainbat talderen bertsioak egiten zituenez, kontrako bidea proposatu zieten gaur egungo hiru musikariri: Liherri, Amoranteri eta Rudigerri. 1969an Enarak taldeak grabatutako hiru kantuen bertsioak eskaini zituzten zuzenean. Emanaldia grabatu eta binilo batean kaleratu zituzten gero: alde batean, lan originaleko kantuak birmasterizatuta —Solferinoko itsua, Ama eta Bañan ez— eta, bestean, 2023ko kontzerturako prestatutako kantu horien beraien bertsioak. «Esan dezakegu, orain, Enarak taldeak badituela, behintzat, bi disko».

