ELKARRIZKETA

«Gerora etorri zirenei bidea zabaldu zieten Enarak taldearen gisakoek»

Jon Miranda Labaien 2025eko azaroaren 3a

Beñat Iturrioz zinemagilea. GORKA RUBIO / FOKU

Enarak dokumentalean izen bereko taldearen historia bildu du taldekideetako baten seme denak: Beñat Iturrioz zinemagileak. Aitortza egin dio, modu horretara, euskal rock-aren aitzindarietako bat izan zen taldeari.

Donostiako apaiztegian ikasten zuten 16 urteko bost mutil gaztek sortu zuten Enarak taldea 1967an: Antonio Lopezek, Meltxor Maritxalarrek, Juanjo Iturriozek, Jesus Calvetek eta Josetxo Iñurrita amezketarrak. Ez zuten ibilbide luzea egin, 1971ra arte aritu baitziren emanaldiak eskaintzen. Taldeari buruzko dokumentala osatu berri du Juanjoren seme Beñat Iturriozek (Hernani, 1981) eta Amezketan eskainiko du azaroaren 6an. Tolosan, berriz, azaroaren 11n emango dute Galtzaundiren egoitzan.

Zerk motibatu zaitu dokumentala egitera?

Enarak taldeko kideak. ATARIA

Enarak taldean abeslari ibili zen gure aita eta hortik piztu zitzaidan gogoa. Umeak ginela aitak esaten zigun gaztetan rockeroa izan zela, baina guk etxean ez genuen horren zantzu handirik ikusten, ez argazkirik, ez ezer; justu-justu plazaratu zuten binilo txiki hura, hiru kantuz osatutakoa. Gehiago jakin-nahi horrek bultzatu ninduen arakatzera. Taldeari buruz nahi nuen jakin baina baita orduko nire aita hari buruz ere. Dokumentalean lehen pertsonan egiten dudan bilaketa baten istorioa kontatzen dut, azken batean. 

Taldekideak kantu lehiaketa batean. ATARIA

1967tik 1971ra bitarteko bidea egin zuen taldeak.

Bai, apaiztegian ezagutu zuten elkar taldekideek. Han musika egunerokoan presente izaten zuten eta modu natural samarrean sortu zuten taldea. Urte batzuetan aritu ziren, baina ez ziren behin ere profesionalizatu.

Zeintzuk zituzten garai hartan erreferentziazko taldeak?

Kultura anglosaxoitik edaten zuten asko. Garai hartan Ingalaterrara eta AEBra begiratzen zuten, garaiko rock eta pop taldeetara, baina baita Hego Ameriketako eta Frantziako protesta kantuetara, edota Kataluniako Nova Cançó izeneko horretara. The Animals, Creedence Clearwater Revival, Rolling Stones, The Moody Blues, Procol Harum, Bob Dylan edo Jimmy Hendrixen tankerakoak entzuten zituzten. Hegoaldean zenbait disko eskuratzea zaila zenez Iparraldera joaten ziren diskoak erostera. 

 

Zein ekarpen egin zioten euskal musikari?

Ekarpentxoa egin zuten. Euskal kantu tradizionalak hartu eta molde berrian, estilo modernoan ematen zituzten. Nik esango nuke Enarak taldearen bereizgarriena ordura arte Euskal Herrian arraroa zen musika bat egitea izan zela. Rock progresibo, sinfoniko, psikodeliko horretan ibili ziren. Ez zen ohikoa musika hori hemen, eta are gutxiago euskaraz. 

Apaizgaiak eta euskal rockean aitzindari?

Bai. Badu zentzua. Apaizetxean musika klasiko asko entzuten omen zuten, eta hortik ere bazetorkien eragina. Rock sinfonikoak klasikotik asko edaten du, eta nahasten ditu rocka eta orkestrazioa.  

Beti euskaraz kantatzen zuten?

Bai. Egia da garai hura euskal berpizkunde kultural baten garaia zela eta Ez Dok Amairukoak ere bazebiltzala euskaraz, baina de facto euskara debekatuta zegoen. Gertatzen dena da mutil hauek apaizgaiak zirela, eta nola elizak bazuen estatuarekin konkordatua, halako aterki moduko bat ematen ziela jira horretan zebiltzanei. 

Hitzak haiek asmatzen zituzten?

Kantuen bertsioak egiten zituzten, eta batzuetan hitzak literalki euskarara itzultzen zituzten, eta beste batzuetan, berriz, guztiz asmatu. Garaiko kezkei erantzuten zieten hitzak jartzen zizkieten kantu horiei. Horretarako, laguntza eskatzen zieten, adibidez, Antton Aranbururi eta, okasioren batean, baita Andu Lertxundiri ere. Eta gero, kantu tradizionalak ere ezagutzen zituztenez, ahalegina egiten zuten abesti haiek momentuko garaietara egokitzen. Beti egin den bezala, aurrera begira jarri atzekoa baliatuz.

Hiru kantuz osatutako binilo labur bat kaleratu zuten soilik.

1969an Herri Gogoan binilo bat grabatu zuten garaiko beste hainbat taldekiderekin batera. Iñaki Beobide proposamenarekin etorri zitzaielako, bestela ez dakigu grabatu ere egingo ote zuten. Bigarren grabazio bat ere egin zuten. Han bai gordetzen da Enarak taldearen soinua, baina zoritxarrez, grabazio hura desagertu egin zen. Legorretako apaizen batek egindako grabazioren bat ere badago; pare bat abesti, baina ezer gutxi gehiago. Agian egongo da besteren bat auskalo non gordeta, artxiboren batean, sailkatu gabe. Horrelako gauzak kasualitatez gordetzen dira, edo, bestela, betirako galtzen dira. Inkognita bat da.

Gordetako errepertorioa hori baino zabalagoa izango zuten, hala ere.

Bai. Badakigu hiruzpalau orduko emanaldiak egiten zituztela eta, beraz, kantu askoko errepertorioak zituzten, baina ez dago materialik jasota, ez grabaziorik, ez partiturarik, ez kantuen hitzik. Bitartekorik ere ez zegoen grabazioak egiteko, beste garai batzuk ziren. Gaztea zarenean ez duzu horrelako materiala jasotzean pentsatzen, aritzen zara eta kito.

Uste duzu Ez Dok Amairuren itzalpean geratu zela Enarak?

 

Paraleloan aritzen ziren talde guztiak, eta bazuten elkarrekin harremana. Enarak taldekoek Benito Lertxundiri erosi zioten gitarra, adibidez, hark elektrikoa jotzeari utzi zionean. Harremana zuten Laboarekin, Leterekin edo Iriondorekin ere. Orbita berdinean zebiltzan, erresistentzia kulturalean trintxeran. Gertatzen dena da Txoriak txori bezalako kantuek muga guztiak zeharkatzen dituztenean, mito bihurtzen direnean, jendartean beste arrasto bat uzten dutela. Enarak taldeak utzitako arrastoa txikiagoa da. Nik defendatzen dudana da biak direla garrantzitsuak, lorratz luzea uzten dutenak eta hainbestekoa uzten ez dutenak. Mito bihurtu horiek behar ditugu kohesionatu eta komunitate baten parte sentiarazten gaituztelako, baina txikitik egiten denak ere badu bere garrantzia. Egunerokoan, gure auzo eta herrietan egiten den horrek laguntzen du herria egiten, iruditu arren ekarpen txikia dela. Horrek ere merezi du aitortza.

Zure ustez zein ekarpen egin zuen Enarak taldeak?

 

Euskal rockaren genealogia egiten dugunean badirudi 70eko hamarkadan sortzen dela eta aurretik dagoen bakarra kantu protesta edo folka dela, ez besterik. Bazeuden taldeak 60ko hamarkada erditik aurrera euskaraz egiten zutenak: Gurmendi ahizpen Bihurriak taldeak, edota Urretxindorrak, Ameslariak, Erlak... Atzerago botaz gero, beraz, bazeuden talde batzuk. Txikitasun horretatik eta bakoitzak bere alea jarriz, oinarri bat osatzen da eta bidea zabaltzen zaie gerora etorriko ziren rock progresibo eta sinfonikoari, edo are beranduago jaioko zen rock erradikalari. 

Zergatik utzi zion taldeak?

Uste dut hainbat egoerek eragin zutela. 1972an taldekide guztiak soldaduskara joan ziren eta, beste hainbat kasutan gertatu den bezala, eten egin zen hauen ibilbidea ere. Pentsatzen dut gaztaroko energia hori agortu ere egingo zitzaiela, eta beste lehentasun batzuk izango zituztela helduarora iritsi ahala. 1971ko urrian Larraitzen eman zuten kontzertuak ere izan zuen eragina. Egurtu egin zituzten denak, Enarakoak eta baita parte hartu zuten Ez Dok Amairuko gainerako kideak ere.

Taldearen inguruko materialik ia ez bazaigu iritsi, nola osatu duzu dokumentala?

Material horren bilaketa kontatu dut. Hitza eman diet taldekide izan zirenei, eta nire hausnarketa propioekin bete ditut hutsuneak, collage, eskulan eta horrelako sinboloekin. Ornitologia eta txoriekin ere jolas egin dut. Enarak taldearen bilakaera kontatzen da dokumentalean, baina nire prismatik. Errelato inpresionista bat da, niretzako Enarak zer den kontatzen dut. Hurrengo belaunaldiak nola ikusten duen aurreko belaunaldia. Hortik kontatuta dago.

 

Zinebin aurkeztu zenuten iaz. Orain herriz herri hasi zarete dokumentala aurkezten?

Bai. Dokumentala jaialdi batzuetan ibili da, baina publikoki aurkezten orain hasi gara, herriz herri. Erakusketa ibiltari txiki bat badaukagu, Amezketara ere eramango duguna. Gure iritzian, hemen inguruan ikusteko da interesagarria dokumentala.

Zer esango zenieke Tolosalde herritarrei gerturatzeko?

Enarak izan dadila talde ahaztu eta txiki horien sinboloa. Etortzen denak ikusiko du itzalpean edo ezkutuan gelditu den talde baten istorioa. Musikan bezala guk denok egiten ditugun gauzak garrantzia dute, nahiz eta guk ez eman.

 
Erlazionatuak

Larraizko konjurua apurtzeko

Jon Miranda Labaien aza 03

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!