Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak Osasun Sailaren zehaztasun falta salatu du. Astelehenean Tolosan egon zen Alberto Martinez Osasun sailburua eta hainbat eragilerekin bildu zen, tartean TOPArekin. Plataformako kidek esan dute bileratik ateratzerakoan «etsipena» izan zela nagusi «batez ere azaldu digun proiektuaren zehaztasun faltagatik». Gogoratu dute ez direla hutsetik abiatzen, eta 15 urte daramatzatela Tolosaldeko osasun arreta hobetzeko lanean. «Gure egoera prekarioa onartu ondoren, promesak baino ez ditugu jasotzen, eta zehaztapenik gabe jarraitzen dugu. Oraindik ez dugu esku artean ospitale berriaren Plan Funtzionala, eta hori gabe dena airean dago. Plan Funtzionala dokumentu tekniko bat da, herritarren osasun-premiei behar bezala erantzuteko, osasun zentro bat nola antolatu eta aritu behar duen definitzen duena». TOPAren ustez ezinbestekoa da Plan Funtzionala ezagutzea, bertan biltzen baita ospitale berriak zein ezaugarri eta zerbitzu izango dituen. Plan horrek zehaztuko du ere zenbat langile beharko dituen ospitale berriak.
Osasun sailburuak Plan Funtzionala azarorako izango dutela esan zuen astelehenean, eta horrek galdera sortu die TOPAko kideei: «Zergatik ez dator beraz azaroan eta argi eta garbi azaldu? Honez gain, dokumentua partekatzea ezinbestekoa dela uste dugu, baina ez orain arte egin duen moduan –inplikatutako eragileekin banaka egindako bilera isolatuetan–, baizik eta sindikatuen, [Asuncion] klinikako langileen, alkateen eta herritarren parte hartzea elkartuko dituen mahai sektorial batean».
«Lehen mailako arretako titularrak falta dira»
TOPAk esan duenez Martinezek aitortu zien Tolosaldean osasun arreta eredu «desintegratu bat» dagoela, eta horren aurrean lehen mailako arretan urratsak emango dituztela, eta Tolosako anbulatorioa indartuko dutela esan zien, baina eperik zehaztu gabe. «Eskualdean lehen mailako arretako titularrak falta dira; Andoainen bost pediatra eta erdi falta dira, familiako mediku bat eta pediatra bat Villabonan, Tolosan pediatra bat eta bi familia mediku, eta Ibarran pediatrarik gabe daude. Tolosako anbulatorioan espezialistak sartuko direla ere esan du, baina ez du esaten zer espezialitatetan ezta zenbat izango diren ere. Honek guztiak hau pentsarazten digu: proiektu bukatu eta irmo bat azaltzera etorri beharrean, berriro ere promesaz betetako baina zehaztapen gutxiko propaganda ekintza bat izan dela».
Bukatzeko, Tolosaldeko herritarrak zoriondu ditu TOPAk «hainbeste urtetan erakutsitako fideltasun, konpromiso eta eskuzabaltasunarengatik». «Gutxienez egoera hobe batera hurbiltzen ari garela ikus daiteke, eta merezi eta nahi duguna oraindik ez izan arren, neurri desberdinetan eta urte gehiegitan jasan behar izan dugunetik pixka bat urruntzen gaituela».