Alberto Martinez Osasun sailburua eskualdeko alkateekin, Asuncioneko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariekin eta TOPA plataformako kideekin bildu da goizean, Osasun Laguntzako Plan Funtzionalaren behin-behineko aurrerapenaren berri emateko. Plan horren bueltan jasotzen da bost urte barru martxan jarriko den Tolosako Ospitale berriaren proiektua. Harrera positiboa izan duela jakinarazi du sailburuordeak, «galdera interesgarri askorekin».
Martinezek esan du ospitale publikoaren proiektuarekiko «konpromiso irmoa» berretsi diela eragileei eta udal ordezkariei, eta Osasun Sailaren lehentasunezko jardueretako bat dela. Horren adierazle, Eusko Jaurlaritzaren datorren urteko aurrekontuan 200.000 euroko partida dagoela esleituta azaldu du. «Helburua da Tolosaldeko eremuan asistentziaren kalitatea handituko duen soluzio integral baterantz aurrera egitea, baliabideen erabilera optimizatuz, arretaren banaketa murriztuz eta paziente kalteberenentzako kalitate handiko arreta bermatuz».
Martinezekin batera izan dira Gontzal Tamayo eta Aritz Uriarte sailburuordeak, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, Maite Martinez de Albeniz Donostialdea ESIko zuzendari gerentea eta Mari Luz Jauregi Tolosaldea ESIko zuzendari gerentea.
Arratsaldean jendaurrean aurkeztuko dute, 19:00etan, Uzturre Foroak Topic-en antolatutako solasaldian. Aurretik bi elkarretaratze deitu dituzte, TOPA plataformak eta ELA eta LAB sindikatuek, 18:30ean, Tolosako Euskal Herria plazan.
"GIPUZKOA OSOKO ERREFERENTE"
Osasun sailburuak esan duenez, ospitalea bost urteko epean martxan jartzea aurreikusten da, eta Iurramendiko aparkalekuan kokatuko da, suhiltzaileen parkearen ondoan. Azpimarratu duenez, «Tolosako ospitale publiko berriak laguntza emango dio Tolosaldeko eskualdeari, eta, gainera, erreferentea izango da Gipuzkoa osorako diagnostiko-prozeduretan eta proba osagarrietan». Horretarako, Donostialdea ESIko profesionalak izango ditu erreferentzia.
Azpiegitura berriak 77 ospitalizazio-ohe izango ditu –90 bigarren eszenarioan, biztanleria-proiekzioaren araberako etorkizuneko eskarian oinarrituta– eta lau ebakuntza-gela –horietako bat konplexutasun txikiko kirurgiarako–, erresonantzia-zerbitzu bat, Gipuzkoa osorako zerbitzu diagnostikoak eskainiko dituena, endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako bi miaketa-gela, anestesia osteko errekuperazio-unitate bat, larrialdi-zerbitzua, erradiologiako ekipoak –tratamendu asertibo komunitarioa, ekografiak, digestiboa...– eta errehabilitazioa.
Aurreikuspenaren arabera, ospitale publikoak urtean 1.200 kirurgia-prozedura baino gehiago egingo ditu ebakuntza-gelatan goizeko txandan –3.600 urtean– eta 3.000 endoskopia-azterlan, eta «errefente izango da Gipuzkoako lurralderako prozedura diagnostikoetarako eta proba osagarrietarako, euskal sistema publikoaren erantzuteko gaitasuna indartzeko».
Ospitale publiko berrian aurreikusitako espezialitateei dagokienez, honako hauek izango dira: digestio-aparatua, dermatologia, endokrinologia, ginekologia eta obstetrizia, neurologia, errehabilitazioa, pneumologia, alergologia, kardiologia, hematologia, barne-medikuntza, erreumatologia, anestesiologia, kirurgia orokorra, oftalmologia, otorrinolaringologia, traumatologia eta urologia.
«AZTERKETA SAKON BATEN EMAITZA»
Martinezek esan du Ospitale berriaren diseinua eskualde honetako egungo eta etorkizuneko biztanleriaren azterketa sakon baten emaitza dela, haien asistentzia-premiak eta ospitalizazioak erreferentziatzat hartuta, eta azpimarratu du hausnarketa garrantzitsu horretan Tolosaldea ESIko profesionalek eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko espezialistek parte hartu dutela.
Horrela, paziente medikoei eta egonaldi ertaineko zainketak eta proba osagarriak behar dituzten pazienteei zuzendutako ospitalizazio-azpiegitura bat ezartzeko beharra ondorioztatu da. Ospitaleak eskualde horri eta Donostialdea ESIren beharrei emango die zerbitzua, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleak prozesu kirurgiko edo mediko konplexuagoek eragindako ospitalizazioak hartzeko aukera izango du.
Era berean, Tolosaldeko pazienteak eremu kirurgiko batez hornitzeko beharra ikusi da, espezialitate kirurgiko bakoitzeko interbentzio-motak dagozkien zerbitzuek zehaztuko dituzte, beharrak ebaluatuta segurtasun, eraginkortasun eta efizientzia handiagoa lortzeko helburuarekin, hurbiltasuna edo erreferentziako zentroa balioan jartzen duten beharrak kontuan hartuta, bai eta etxeko ospitalizazio-zerbitzu bat mantentzeko eta Donostialdea ESIko tratamendu asertibo komunitarioarekin koordinatutako urgentziazko arreta-dispositibo bat haien eskura jartzeko beharra ere.
EPE LABUR ETA ERTAINEKO JARDUNAK
Ospitale berria abian jarri arte, Tolosaldea ESIren antolaketan aldaketa handiak egingo direla azaldu dute, bai epe laburrean, bai epe ertainean, zenbait zerbitzu berrantolatzeko eta asistentzia anbulatorioa indartzeko. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Barne-medikuntzak asistentzian eta lan-fluxuen kudeaketan duen zeregina indartzea; Tolosaldeko pazienteak Donostialdea ESIn dauden programa eta ibilbideetan sartzea; Tolosako anbulatorioan barne-medikuaren figura ezartzea, paziente horiek integratzeko erreferente gisa; Tolosaldean asistentzia anbulatorio espezializatua harian-harian indartzea, zerbitzu bakoitzaren horniduraren eta Tolosaldeko biztanleen beharren arabera; eta Donostia Unibertsitate Ospitalean konplexutasun handiko kirurgiak hartzea.