ELKARRIZKETA

«Asteasuko proba ikustera eta hurrengoetan parte hartzera animatu dadila jendea»

Imanol Garcia Landa 2025eko irailaren 26a

Aitor San sebastian eta Izarne Mayoz mendi duatloilariak. I.G.L.

Aitor San Sebastianek eta Izarne Mayozek abiapuntu ezberdinetik egingo diote aurre Asteasun egingo den mendi duatloi probari. San Sebastianek ahal duen gorenen bukatu nahi du banakakoa, eta Mayozek erreleboka parte hartuko du, helmugara «ondo iristeko» helburua du.

Bihar egingo den Asteasuko I. Mendi Duatloian parte hartuko dute Aitor San Sebastianek (Zizurkil, 1992) eta Izarne Mayozek (Asteasu, 2000).

Aurretik parte hartu izan duzue mendi duatloiaren zirkuituan?

Aitor San Sebastian: Orain lau urte parte hartu nuen bikoteka, Amasan uste dut. Giroa polita izan zen eta berriz errepikatu nuen tarteka. Aurreko urtean nahiko serio hartu nuen eta zirkuituko probaren batean ez nintzen lehiatu, baina gehienetan parte hartu nuen, eta laugarren postua lortu nuen banakako sailkapen orokorrean. Aurten ere zirkuitu osoa egiteko asmoa dut, eta ustez hobeto prestatu naiz. Ea beste koska bat gorago egiten dudan. Izena ematen dutenen arabera ere izango da hori.

 

Izarne Mayoz: Niretzat lehenengo aldia izango da. Urte luzez gogoz egon naiz, baina ez naiz prestatu, eta aurten herrian bertan antolatu duten aitzakiarekin, obligazio bezala sentitu dut. Nik binaka hartuko dut parte, eta bizikletako zatia egingo dut. Korrikakoa nire lehengusuak egingo du, Auritz Otaño bidaniarrak. Orain Asteasukoa egingo dut, eta gero ikusiko dugu zirkuituko beste probetan parte hartuko dudan.

Zer lotura izan duzue kirolarekin?

Mayoz: Bere garaian bizikletaz ibiltzen nintzen, errepidean eta pistan. Gero, behin bizikleta utzi nuenean, korrika hasi nintzen, eta orain berriz, bizikletaz eta korrika aritzen naiz kirola egiteagatik. Mendi bizikletako martxa batzuetan parte hartu izan dut, baina probetan sekula ez.

San Sebastian: Ni mendian korrika egitetik hasi nintzen. Bizikletaz beti ibili izan naiz, eta hortik datorkit kirolean aritzearena. Beti nire kasa ibili naiz, ez naiz sekula klub batean egon.

Zer alde dago mendi bizikletaren eta errepidekoaren artean?

Mayoz: Gehienbat mendian teknika eta indar asko behar duzula. Errepidean kolokazioak asko balio duen moduan, mendian teknikoki nola ibili jakin behar duzu. Eta gu bezalakoei, teknikoki abilak ez garenoi, gehiago kostatzen zaigu.

Nola ari zarete prestatzen Asteasuko proba?

Mayoz: Bi egunez behin-edo Asteasuko zirkuituari itzuli bat ematen diot ikasteko. Ez da berez teknikoa, baina baditu zati teknikoak. Norbera bakarrik ibilita ondo, baina niri kezka handiagoa sortzen zait jendea aurreratzen hasten zaizunean-eta. Orduan konplikatuko da kontua.

San Sebastian: Mendiko lasterketetako prestatzaile batekin aritzen naiz, baina orain nire kasa ari naiz. Astearen hasieran neure buruari entrenamenduak jartzen dizkiot, eta ahal dela horiek betetzen ditut. Asteasuko ibilbideari dagokionez, nik zati tekniko gehiago nahiko nituzke. Iruditzen zait teknika nahiko ona dudala, eta hor besteekiko abantaila lortzen dudala. Badu bere zailtasun puntu txiki bat, eta hor saiatuko naiz ateramendua ateratzen. Ez naiz korrika edo bizikletaz nabarmentzen, bietan nahiko txukun aritzen naiz.

Azken egunetan zer asmo duzue?

San Sebastian: Ibilbidearen aldetik uste dut biok badakigula nolakoa den, mirari handirik ez dago.

Mayoz: Agian lokatza egon daiteke, eta horrek zeozer aldatuko du. Hori Aitorren aldekoa izango da eta nire kontrakoa.

San Sebastian: Prestaketa fisikoari dagokionez, azken estutuak eman, eta azken bost egunetan errekuperatu, egunean bertan indartsu eta ahal dudan ondoen iristeko.

Mayoz: Nire kasuan, urduri egongo naizenez, ibilbideari beste buelta batzuk emango dizkiot eta listo.

Emaitza jakin baten bila joago zarete?

San Sebastian: Aurtengo helburua podium bat egitea da. Iaz Amasan laugarren geratu nintzen, eta orain etxe ondoan izanik, ea lortzen dudan podiumean sartzea. Izena eman duten pare bati irabaztea oso zaila izango da, baina gerra ematen saiatuko naiz.

 

Mayoz: Gu parte hartzera joango gara. Familiako bazkari batean animatu ginen parte hartzera, eta bukatzea eta gozatzea da gure helburua; helmugara ondo iristea.

Nola animatu jendea mendi duatloian parte hartzera?

San Sebastian: Gizonezkoetan ez dago ohitura handia mendiko bizikletarekin aritzeko, eta emakumezkoetan are gutxiago. Baina egiteko moduko ibilbideak dira.

Mayoz: Asteasun haurrei zuzendutako mendi bizikletako lasterketak egiten zituzten. Azken urteetan ez zuten egin, eta orain berriro ere gaiari heldu diote. Probatzen joateko eta teknika ikasten joateko horrelako egitasmoak positiboak dira. Sekretu handirik ez dago, aritzea, praktikatzea da kontua. Herrikoei, eta orokorrean edozeini, Asteasuko proba ikustera eta hurrengoetan parte hartzera animatzeko esango nieke.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!