ERREPORTAJEA

Gora eta behera, korrika eta bizikletaz

Imanol Garcia Landa 2025eko irailaren 26a

Euskal Herri mendi duatloi zirkuitoak lau proba ditu Tolosaldean. I.G.L.

Zazpi proba ditu aurtengo Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak, eta horietako hiru Tolosaldean egingo dira. Asteasun lehen aldiz antolatu dute, eta bide luzeagoa dute Ibarran eta Adunan.

Abian jarriko da bihar Euskal Herriko Mendi Duatloiaren Zirkuitua, eta aurten hamabosgarren urtea beteko du. Asteasun egingo da lehen aldiz mendi duatloi proba, eta horrekin emango zaio hasiera zirkuituari. Guztira zazpi proba izango ditu, eta Asteasukoaz gain eskualdean beste bi egingo dira, bat Ibarran eta bestea Adunan. Gainontzeko lau probak Durangon, Idiazabalen, Kanpezun eta Aian izango dira.

Lehen aldiz 2011n egin zen zirkuitua. Hasieratik dago zirkuituan murgilduta Juan Zubia ibartarra: «Herrian zerbait antolatzeko asmotan genbiltzan, eta taldeko batek esan zigun lankide batek esan ziola zerbait egiteko asmotan bagenbiltzan, zergatik ez ote genuen mendi duatloi bat egiten. Beraiek Arriaranen egiten zuten, eta guk egiten bagenuen, beraienarekin eta Amasan egiten zenarekin, zirkuitu bat sortuko genukeela». Horrela hasi zen zirkuitua sortzeko ideia, eta beste herri batzuk gehitzen joan ziren. «Jendeak ideiaren berri izan zuen, eta aurretik Zubietan antolatzen zuenak esan zigun berak berriro ere antolatuko zukeela guk egiten bagenuen», azaldu du Zubiak.

Lau proba izanik, Euskal Herrian barrena zabaltzea pentsatu zuten. Zubietako antolatzailea Nafarroako talde batekoa zen, eta jendea ezagutzen zuen bai Nafarroan eta baita Araban ere; proba egiteko prest zeuden lagun hauek. «Nik lagun bat banuen Mallabian, hari dei bat egin, hura ere berotu zen, eta horrela zazpi proba lortu genituen», gaineratu du Zubiak. «Justu, zirkuitua osatuta zegoenean, Zallatik jarri ziren kontaktuan, eta azken momentuan sartu ziren. Azkenean, ezer ez zegoen lekutik zortzi proba lotu ziren».

Asteasuko Mendi Duatloia Anttine elkarteak antolatzen du. Bertako kidea den Aritz Segurola asteasuarrak azaldu du nola sortu zen herrian proba: «Orain dela bi urte hasiko ginen herriko gazte batzuk duatloietan parte hartzen, gu segituan berotzen garen horietakoak gara. Gure artean komentatzen genuen Asteasun antolatu behar genuela, herrian badaukagu Whatsapp talde bat korrika eta bizikletaz ibiltzen garenok, eta hor erronka bota genuen ea zein animatzen zen antolatzera, eta hortik abiatuta sortu zen taldetxo bat». Elkarteak Anttine Eguna antolatu izan du, eta orain ordea hori geldirik dute. Bestalde, Anttineko Kronoigoera mendi lasterketa antolatzen dute, Iturrioztik Herniora.

Bidetxur klubak antolatzen du gaur egun Ibarrako Mendi Duatloia, eta hamabosgarren ekitaldia izango dute aurtengoa. Azaroaren 1ean egingo dute, eta zirkuituko azken bigarrena izango da. Hasieran Lokatzetan kirol taldeak antolatzen zuen proba, zirkuitua bideratzeko sortutakoa. Bidetxur orain hiru urte jarri zuten martxan eta beste kirol proba batzuk ere antolatzen dituzte, horien artean aurten lehen aldiz egin den Zazpibide Trail mendi lasterketa. «Jende asko biltzen ez dituzten ekitaldiak antolatzen genituen. Mendi martxa ere antolatzen dugu, baita orientazio proba eta Enduro Jaitsiera ere. Horregatik pentsatu genuen jende gehiago erakartzeko mendi lasterketa bat antolatzea».

Aurtengoa zazpigarren aldia izango du Adunakoak, 2020an ezin izan baitzuten antolatu. Imanol Otermin adunarra izan zen probaren bultzatzaileetako bat: «Adunako beste lagun bat eta ni duatloietan ibiltzen ginen eta azkenean berotu ginen eta antolatzea pentsatu genuen. Pare bat pertsona gehiagorekin elkartu ginen proba abian jartzeko, eta udalarekin hitz egin genuen, diru laguntza behar zelako. Udalak esan zuen bera egingo zela kargu, eta gu antolakuntzaz arduratzeko». Azaroaren 15ean egingo da, eta zirkuituko azkena izango da.

Boluntario lan handia

Hasierako mendi duatloi horietatik Ibarrakoa da irauten duen bakarra. Beste guztiak pixkana joan dira desagertzen. «Denek izaten dute hasiera eta amaiera bat», esan du Zubiak. Amasako Mendi Duatloiak, esaterako, iaz izan zuen azken ekitaldia, 30 urtetik gora iraun ondoren. «Jende berria sartu zen, eta ez zuten nahi duatloiarekin jarraitu. Pena da, jende asko erakartzen zuelako», azaldu Zubiak. «Aitzindari izan zen mendi duatloian. Hasi zirenean ez zituzten boxak, eta bizikletak zuhaitzen kontra, elizaren kontra, bankuen kontra uzten zituzten... Horrela hasi ziren».

Horrelako proba bat aurrera eramateak boluntario lan handia eskatzen duela azaldu du Oterminek: «Orain dugu ilusioa. Karrera bukatzen denean, hurrengo urtean ez dugula antolatuko pentsatzen dugu, momentu horretan nazkatuta zaudelako. Gero ordua iristen denean, berriz etortzen zaizu harra, eta besteaz ahaztu egiten zara». Asteasuko Mendi Duatloiaren antolakuntzan ari den Maialen Arteaga asteasuarrak gaineratu duenez, «nire ustez bokaziozkoa da boluntario aritzen den jendearena. Ni auzoko festa batzordean egoten naiz, eta koketaraino bukatzen duzu, baina gero berriz festa atarian... Denek ez dute boluntario izateko bokazio hori, eta duten horiek aurrera egiten dute».

Herri txikietan adin ezberdinetako jendea elkarrekin biltzen dela eta horrek indarra ematen diola esan du Zubiak. «Herri txikietan ondo funtzionatzen du, eta besteetan hor gabiltza. Zirkuituko aurreneko probetatik Ibarrakoak baino ez du jarraitzen, eta agian ni zirkuituko saltsan nagoelako eta uneoro tiraka nabilelako da. Besteak erre egiten dira». Boluntarioak topatzea zaila da: «Adina duen jendea izaten da bidegurutzetan, eta gazteek ez dute jarraitzen. Orain zortea dugu zirkuituan, sortu diren proba berrien antolakuntzan jende gaztea dagoelako, Asteasukoan bezala, eta iraungo dutela espero dugu. Horrek esperantza ematen du».

Mendi duatloietan parte hartzen dutenak gero antolatzaile bihurtzen dira, Adunan eta Asteasun bezala. «Iaz Idiazabalgo herri erdiak parte hartu zuen, eta aurten karrera antolatu dute», nabarmendu du Oterminek, adibide gisa. Arteagak ondorengoa ere gehitu du: «Parte hartzen dutenek beste betaurreko batzuk dituzte, eta gero antolatzerakoan hori nabaritu egiten da». Zubiak zehaztu duenez, «ezinbestekoa da dabilen jendeak antolatzea, bestela bukatuko da».

Zirkuituko probetan izaten den giroa nabarmendu dute. «Giroak engantxatzen nau», esan du Oterminek. «Hasi ginenean herriko bi ateratzen ginen, eta gerora lagun mordoxka egin ditugu». Segurolak bat egiten du: «Giro naturala dago, oso herrikoia. Beste karrera mota batzuetara joaten zara, eta giro hotzagoa dago». Ez da parte hartzaile kopuru handia elkartzen eta horrek ere gertutasuna bultzatzen duela diote. Arteagaren bikotekide Aitor San Sebastianek parte hartzen du: «Ikusle bezala joaten zarenean ere ikusten duzu jendeak errepikatu egiten duela, eta harremana sortzen duzu». Urte guztian zehar ikusten ez direnak, mendi duatloien denboraldia hasten denean berriro elkartu egiten direla dio Zubiak: «Atzo elkarrekin egon izan bagina bezalakoa da, familia bat. Ez da parte hartze handia izaten eta denok ezagutzen dugu elkar. Pike sanoak egoten dira, eta bat ondo ibiltzen bada, poztu egiten gara. Probak bukatu eta gero beti izaten da zerbait jateko, eta horrek ere berebiziko giroa sortzen du».

Egiteko moduko probak

Bi zati ditu Asteasuko Mendi Duatloiak. Hasieran, korrika egingo dituzte 7,2 kilometro, 336 metroko desnibel positiboarekin. Bigarren zatian ibilbideari bi itzuli emango dizkiote bizikletarekin, 15,8 kilometro eginez, 645 metroko desnibel positiboarekin. Ibilbidea gogorra dela esan du Segurolak: «Exijentea, baina ez da oso teknikoa, beraz fisikoki nahiko sasoian dagoenak egiteko modukoa da. Korrikako zatiak eta bizikletakoak ia ibilbide berdina dute».

Ibarrakoak hiru zati ditu. Hasierako zatian 4,5 kilometro egingo dituzte korrika, bigarrengo zatian 16,3 kilometro bizikletaz, eta hirugarrengoan 2,4 kilometro korrika. Bizikletako zatian bi itzuli egingo dituzte, baina desberdinak dira. «Horietako bat gogorragoa da, aldapa gogorragoak dituelako eta jaitsiera teknikoagoa, baina bigarren buelta arinagoa da», esan du Zubiak. «Teknika pixka bat behar duzu, baina denok egiteko modukoa da».

Adunakoak ere hiru zati ditu. Hasierakoan 3,66 kilometro korrika, 118 metroko desnibel positiboarekin; bigarrengo zatian 14,5 kilometro, 541 metroko desnibel positiboarekin, eta hirugarrenean korrika 1,83 kilometro, 59 metroko desnibel positiboarekin. «Bizikletaz zati batzuk teknikoak dira, baina bestela ez du zailtasunik», esan du Oterminek. «Korrika aurreneko zatia motza da eta bigarrena motzagoa».

Antolatzen hasi zirenean, Asteasuko proba herriko plazatik abiatzea pentsatu zuten, baina gero Elizmendira eraman zuten. «Irailaren 28an, igandez, Asteasun azoka eguna da, eta erabaki genuen Elizmendin jartzea irteera eta helmuga», esan du Segurolak. «Eguberrietan ere bertan egiten da haurrentzako mendi bizikleta proba». Hain justu, haurrentzako probak ere izango dira Asteasun, Elizmendin bertan, Danena kirol taldeak proposatuta eta antolatuta. 11:30ean hasiko dira haurrak, eta hiru lasterketa egingo dira, adinaren arabera banatuta. Egunean bertan, 10:00-11:00 bitartean izena emateko aukera egongo da. Helduen proba 16:00etan hasiko da.

Ibarran ere haurrentzako probak egiten dira. Lehen goizez egiten zituzten, baina eskola kirolarekin bat egiten zuela-eta, haur gutxik parte hartzen zuten. «Iaz helduen proba hasi ondoren egin genuen haurrena», esan du Zubiak. «20 minutuko tartea dugu, eta nahikoa denbora ematen du umeen proba egiteko. Gainera, haur horien gurasoak plazan egon ziren tarte horretan, eta helduek lehen trantsizioa egin zutenean ere bertan egon ziren, eta giro polita sortu zen».

Zirkuituko proba bakoitzean lortutako puntuekin sailkapen orokor bat osatzen joaten dira. Zazpi proba dira eta sei puntuazio onenak hartzen dira kontuan azken sailkapenerako. Hori bai, gutxienez lau probetan parte hartu behar da. Adunako probaren egunean bertan, sagardotegira joaten dira afaltzera, eta hor banatzen dira zirkuituko sariak. Urtero ehun pertsona baino gehiago elkartzen dira afarian, eta horrek indarra ematen diola diote.

Probetako parte hartzeak bere historia duela dio Zubiak: «Hasieran parte hartzaile amateur asko etortzen ziren. Gero, hasi zen hobeto prestatutako jendea etortzen, zirkuitua egiteko espezifikoki prestatzen zena, alegia. Eta hainbatek ikusi zutenean oso atzean geratzen zirela, utzi egin zioten etortzeari. Horiek galdu genituen pixkanaka». Bikotekako aukera antolatzen hasi zirenean, hasi ziren berriro ere parte hartzaile amateur horiek parte hartzen, eta baita gazte jendea ere. «Mantendu egin da banakako parte hartze kopurua, Adunan iaz 40 bikote inguru izan ziren, beraz, 80 parte hartzaile badira», zehaztu du Zubiak.

Bikotekako edo errelebokako aukera jarri zenetik, parte hartzeak igoera handia izan duela dio Segurolak: «Nik mendi bizikleta ez dut inoiz egin, eta aurreko bi urtetan korrika ibili naiz. Nire lehengusua bizikletaz ibiltzen da eta elkarrekin parte hartuko dugu. Ez dituzu biak dominatu beharrik parte hartzeko, alegia». Emakumezkoen parte hartzea ere ugaritu egin da bikotekako modalitatean jarri zenetik. «Bikoteka emakumeari puntu estrak ematen zaizkio, eta zirkuitua bikote misto batek irabazita du», esan du Zubiak. «Mendi bizikletaz ez dira gizonezko asko ikusten, eta emakumezkoak are gutxiago. Emakumezkoak triatloian eta duatloian ikusten dira, baina horiek mendiko bizikletaz ez dira normalean lehiatzen». Bide batez, jendea parte hartzera animatu dute: «Kirola gustuko duenak eta pixka bat ibiltzen denak ez du arazorik izango probak egiteko. Etorri eta probatu dezatela, eta ziur errepikatuko dutela».

Antolakuntzaren egitekoa ez da bakarrik kirol alorrari begirakoa izaten, besteak beste, babesleen gaia ere jorratu behar izaten da. Asteasun ere lan horretan aritu dira. «Babesle bila joaten zarenean, aurretik ezetza badaukazu, eta lotsagabe samar ibili behar izaten da», esan du Arteagak. «Ematen duten apurra eskertzen da». Erantzun ona izaten dutela esan du Segurolak: «Gehienak ezagunak dira, inguruko komertzioak-eta. Herrian giro sanoa dugu kirolaren bueltan eta jendeak ekarpena egiten du». Zailena lehenengo urtea dela dio Arteagak: «Bigarrengotik aurrera gurpilean sartzen dira. Eta falta direnak joango dira batzen». Adunan babesleek produktuak eta zerbitzuak ematen dizkietela dio Oterminek: «Babesle guztiak herrian dauden enpresak dira, eta ez dute dirurik ematen, produktuak edo zerbitzuak ematen dituzte». Zirkuituko babesleekin ere gauza bera gertatzen dela dio Zubiak: «Eusko Labelek eta Lumagorrik loteak ematen dituzte. Kaikuk esneki bat jartzen du parte hartzaileentzat. Berria egunkariak markatzeko zintak eta arkua uzten dizkigu, eta Oria Sport Wear enpresak zirkuituko liderrentzako jantziak ematen dizkigu. Dirurik ez dugu jasotzen zuzenean, baina ematen digutena asko da».

 

XV. Euskal Herriko Mendi Duatloiaren Zirkuitua

  • Asteasu, irailak 27.
  • Durango, urriak 4.
  • Idiazabal, urriak 11.
  • Kanpezu, urriak 18.
  • Aia, urriak 25.
  • Ibarra, azaroak 1.
  • Aduna, azaroak 15.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!