Parte hartzeko epea bukatuta, beste fase batean sartu da Ataria-ren Udako Argazki Lehiaketa. Argazki gustukoena bozkatzeko unea da orain, eta ondoren jakinaraziko dira bozka gehien jaso dituzten argazkien egileen izena, eta ondorioz, lehiaketako sariak irabazi dituztenak.
Aurtengo udan ateratako 110 argazki baino gehiago bidali dira aurtengo lehiaketara, beraz, beste behin harrera oso ona izan du ekimenak. Bada, irailaren 24ra bitarte bozkatu ahalko da webgunearen bitartez, Argazki Lehiaketa atalean, eta argazki irabazleak eta hauen egileak irailaren 26an jakinaraziko dira Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean.
Irabazten dutenek sari bikainak eskuratuko dituzte. Hiru partaide izango dira zorionekoak. Epaimahaiaren saria jasotzen duenak Zumaiako Zelai Talasoterapian bi pertsonarentzako zirkuitua eta gosaria eskuratuko du; Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria lortzen duenak Baliarraingo Zartagi ostatuan bi pertsonarentzat otordua irabaziko du; eta azkenik, parte hartzen duten Atarikide guztien artean Andia etxeko bi kamixeta banatuko ditugu.