Aurtengo udan ateratako argazkiak gainbegiratu eta politenen artean aukeraketa egiteko unea da. Izan ere, Udako Argazki Lehiaketa jarri du martxan beste behin Ataria-k, eta parte hartzaileek sari potoloak eskuratu ditzakete.
Irailaren 14ra bitarte, nahi adina argazki bidali ditzakete herritarrek, betiere, Tolosaldean bizi badira edo eskualdearekin lotura badute. Gainera, irudia bidaltzen duena izan beharko da argazkiaren jabea, eta beste inon argitaratu gabea izan beharko da. Argazkiak Ataria.eus webgunean dagoen aplikazioaren bidez bidali beharko dira, bete beharreko baldintza guztiekin eta norbere datuak jarriz. Argazkiak lehiaketarako sortutako argazki galerian egongo dira ikusgai.
Parte hartzeko epea igarota, irailaren 15ean hasiko da bozketa eta irailaren 24ra bitarte egongo da botoa emateko aukera. Argazki irabazleak irailaren 26an jakinaraziko ditugu, Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean.
Hiru partaide izango dira sarituak: epaimahaiaren saria jasotzen duenak Zumaiako Zelai Talasoterapian bi pertsonarentzako zirkuitua eta gosaria eskuratuko du; Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria lortzen duenak Baliarraingo Zartagi ostatuan bi pertsonarentzat otordua irabaziko du; eta azkenik, parte hartzen duten Atarikide guztien artean Andia etxeko bi kamixeta banatuko ditugu.