Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,2 milioi euroko partida onartu du maiatzean eta ekainean Goierrin eta Tolosaldean izandako ezohiko euriteek eragindako udalei laguntzeko. Laguntza eskaerak egiteko epea irailaren 23an amaituko da.
Gaur eman dute erabakiaren berri GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta aurreko astean foru gobernuaren kontseiluan hartutako erabakia berrestera dator. Ekainaren 13tik 14rako gauean izandako euriteek eragindako kalteak konpontzeko, eskualdeko zenbait udalek presazko jarduketa batzuk egin behar izan zituzten. «Eragindako kalteen larritasuna dela eta, beharrezkoa da kaltetutako azpiegiturak eta ondasunak lehenbailehen konpontzea eta lehengoratzea, eremuak normaltasunera itzuli eta azpiegitura horiek seguru eta egoki erabil ahal izan daitezen». Hilabeteotan kaltetuek eta zenbait herritako alkateek laguntza eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Foru erakundeak aitortu du udalek hasiera batean egindako esku-hartzeek haientzat ahalegin ekonomiko gehigarria suposatu zutela, eta diru laguntza lerro berri honekin laguntza bideratu nahi zaiela kaltetutako udalei. Kaleak, plazak, bideak, zubi eta bidegorriak eta gainerako ekipamendu, instalakuntza eta zerbitzuak konpontzeko eskatu ditzakete diru laguntzak. Deialdi honetan sartzen dira, halaber, banaketa sareak eta ur biltegiak lehengoratzea eta baita lan hauek egiteko proiektuak erredaktatzeko gastua ere.
Ekain erdialdeko erauntsiak kalte handiak eragin zituen Goierrin eta Tolosaldean. Alegian, adibidez, ordubetean 75 litro bota zituen eta ezinezkoa izan zen hainbesteko ur emaria bideratzea. Ikaztegietan, Amezketan, Belauntzan, Berrobin, Iruran eta Anoetan ere kalteak eragin zituzten euriteek.